Poliziaren indarkeria erregistratzen ditu Donostiako Txago kolektiboak. Berriki 2024 urteko Karrikaratu txostena aurkeztu du, zeinean jasotzen diren Poliziaren indarkeria formak, estrategiak, ezaugarri nagusiak, edo jo puntuan dituzten herritarren tipologia. 156 esku hartze dokumentatu ditu eragileak 2024an. Txagok autodefentsa antolatu eta oinarrizko eskubideak babestu nahi ditu, Poliziaren beharra bera zalantzan jarrita. Idatziz erantzun diote Txagoko kideek ARGIAren galderei.
Orain dela ez asko Karrikaratu txostenaren 2. edizioa egin duzue publiko, Donostiako indarkeria polizialaren 2024ko txostena. Erraza izan da indarkeria jasaten duen jendearekin kontaktua egitea? Prest dago jendea haien bizipenez hitz egiteko?
Ezin eskertuago gaude bizipenak gurekin partekatu dituzten pertsonekin, prestutasunagatik zein konfiantzagatik. Badakigu prozesu mingarri eta neketsua izan daitekeela. Txago jende gehiagoren eskura nola jarri hausnartzen ari gara, ohartu baikara, adibidez, gu kale mailan ikusten diren biolentzietara heldu ohi garela batez ere, baina hortik kanpo ikusezinak diren hainbat indarkeria daudela. Ikusezintasun horren aurrean, ordea, hobe deritzogu egiturazko kausei erreparatzea (adibidez, espazio publikoa nork okupatzen duen) jendearen 'prestutasunari' baino. Mila motibo egon daitezke indarkeria erregistratzea ez erabakitzeko, eta legitimoak dira denak. Txago tresna bat da, guk jendearen eskura jartzen duguna, eta ez alderantziz.
Poliziak gutxienez 156 indarkeria gertaera eragin zituen 2024an Donostian, zuen txostenaren arabera. Denborak, espazioak, indarkeria motak, polizia motak, zapalkuntza ardatzak edota datu soziodemografikoak hartzen dituzue kontuan. Nola laburbilduko zenuke urtea?
156 bizipen erregistratu baditugu ere, ezin dugu Donostiaren inguruko argazki homogeneorik atera. Hainbat esparruk eta diskurtsok bere irudia zuritu nahi badute ere, Poliziak hiriko errealitate biolentoaren parte aktibo izaten segitzen du. Egunerokotasunaren parte da hori. Normatik aldentzen diren horiek, espazio publikotik kanpo nahi diren horiek eta, bereziki, egoera zaurgarrian dauden horiek ditu jo-mugan, batez ere. Polizia indarkeriak hainbat adar ditu, eta ez da independentea arrazakeria, klasismoa, kapitalismoa, heteroaraua eta hainbat zapalkuntza-sistemekiko. Zapalkuntza guzti horiek ere zeharkatzen dute gure hiria egunero.
Datu soziodemografikoek errealitatearen ikuspegi zabala eskaintzen dute. Poliziaren bortizkeria jaso dutenen gehiengoa gizonak dira, 18-25 urte arteko gazteak, edo jatorri Afrikarrekoak. Zein irakurketa egiten duzue horren inguruan?
Hasteko, Poliziak arrazializatutako pertsonak are bortitzago jazartzen dituela. Kalean modu sistematikoan egiten dituzten identifikazio eta miaketak horren isla dira; agerikoa da Poliziak ez duela egunerokotasunean jende zuria horrela tratatzen. Gainera, Poliziaren jardunak errepresio eta aurreiritzi arrazistak berrestearekin eta perfilamendu mota zehatzak egitearekin lotura estua du: gazte horiek etengabe eta modu agerikoan kalean geratu eta jazartzeak pertsona horien kriminalizazioa areagotzen du. 'Delinkuente' eta 'susmagarri' den horren irudi zehatz bat marrazten dute, eta hala, gizarte osoaren aurrean 'bestetzat' eta 'arriskutsutzat' jo. Batzuetan, bizilagunek parte hartu dute horretan, indarkeria horren normalizazioa agerikoa da. Publikoa ez da asaldatzen indarkeria horren testigu denean, hain zuzen ere, euskal gizartean aurreiritzi arrazista horiek zeharo errotuta ditugulako.
Hainbat pertsona espazio publiko horretatik kanpo geratzeak ez du esan nahi Poliziak horiek ere jazartzen ez dituenik. Gerta liteke biolentzia are ikusezinagoa egotea
Bestalde, guk batez ere ikusten duguna jasotzen dugu, espazio publikoan gertatzen dena. Hainbat pertsona espazio publiko horretatik kanpo geratzeak, ordea, ez du esan nahi Poliziak horiek ere jazartzen ez dituenik. Are, gerta liteke biolentzia are ikusezinagoa egotea. Adibidez, guk ez dugu emakume eta genero disidenteei dagokien esperientzia kopuru esanguratsu bat jaso. Honek ez du esan nahi, ordea, pertsona horiei zuzendutako indarkeria existitzen ez denik. Espazio publikoaren okupazioak lotura zuzena du maskulinitatearekin. Sistemak hainbat tresna ditu normaltasunetik kanpo kokatzen diren portaera, bizimolde eta gorputzei eraso egin eta 'zuzentzeko'. Polizia tresna zentral bat da horretan, baita ikusten ez dugunean ere.
Espaniako Poliziaren presentzia nabarmena bada ere, datuetan euskal polizia da nagusi. Arrazakeriaren kasuan, nolakoa da udaltzaingoaren eta ertzaintzaren arteko elkarlana?
Txostenean bildutako bizipenetatik 100etan izan da Ertzaintza lehen lerroan, eta 68tan Udaltzaingoa [kasuak gehituz gero osotara 156 gertaera baino gehiago jaso direla irudi lezake. Kontuan izan behar da, ordea, zenbaitetan esku-hartze bakarrean hainbat Polizia motak hartu dezaketela parte]. 28 aldiz izan gara bien arteko elkarlanaren testigu. Gainera, ikusi dugu eredu oso antzekoetan jarduten dutela. Horrek denak desegin egiten du “hurbileko euskal poliziaren” irudi xalo hori. Arrazakeriari lotuta dinamika arriskutsu bat detektatu dugu euskal polizien zein Espainiako Polizia Nazionalaren aldetik. Kalean jendea geratu eta konfiskazioak egiten dituztenean, ohikoa da objektu horiek berreskuratzeko hitzorduak ematea epaitegi edo polizia etxeetan. Askotan, ahoz eman dituzte hitzrodu horiek, “etorri bihar hona” eta halakoak esanez. Beste batzuetan, Polizia Nazionalak zitazio faltsu eta baliogabeak eman ditu, eskuz eta modu traketsean idatziak. Are, hitzordu horiek atzerritarraren estatus legala aztertzeko edota kanporatze aginduak emateko aprobetxatu dute.
Buroerrepresioaz ari zarete. Zer da hori? Nola gauzatzen da?
Buroerrepresioa deritzogu bide administratibotik aplikatutako indarkeriari, besteak beste, isunak, tramite eta traba burokratikoak, irregulartasunak prozedura administratiboan, edota justifikaziorik gabeko santzioak. Buroerrepresioari loturiko 39 bizipen bildu ditugu aurten. Buroerrepresio da militantziaren esparruan isunen bidez egiten den jazarpen itogarria.Baina baita, esaterako, argi ez jakitea zer den leporatzen dizutena, edo isuna noiz helduko den ez jakiteak dakarren ziurgabetasuna. Arrazakeriari lotutako bizipenetan ere agertu da maiz buroerrepresioa, bereziki prozedimendu administratiboei loturiko irregulartasunekin. Esate baterako, lehen azaldu dugun konfiskazioen ondoko hitzorduak epaitegi edo polizia etxeetan.
Polizia Nazionalak zitazio faltsu eta baliogabeak eman ditu, eskuz eta modu traketsean idatziak. Atzerritarraren estatus legala aztertzeko edota kanporatze aginduak emateko aprobetxatzen dituzte.
Poliziaren naturalizazioa ere aipatzen duzue txostenean, Polizia beharrezkoa dela deritzozue?
Polizia naturalizatuta dagoela diogunean, zera esan nahi dugu: gure egunerokoaren parte ezinbestekotzat jotzen dela. Bere existentzia eta jarduna zalantzan ez jartzea dakar naturalizazio horrek; baita Poliziarik gabe mundu honetan bizikidetza ezinezkoa litzatekeela pentsatzea ere. Hainbat mito, diskurtso eta baliabideren bidez gertatzen da naturalizazioa hori. Segurtasunaren izenean justifikatu ohi dira Poliziaren presentzia, etengabe hazten den inbertsioa edo bere indarkeria. Naturalizazioak egunerokotasunaren parte den eta gure begien parean gertatzen den biolentzia bati entzungor egitea dakar. Horrekin hausteko lehen pausoetako bat Polizaren izaerari eta jardunari erreparatzea da.
Polizia grabatzea legezkoa da baina grabatuz gero desobedientziagatik zigorra jaso daiteke, txostenean azaltzen den testigantzen arabera.
Polizia grabatzea guztiz legezkoa da, eta oso kasu gutxitan zigortu diateke, grabaketen zabalkundearen arabera. Aitzitik, grabatzen duten herritarren identifikazioa edo desobedientziagatiko zigorra sistematikoak dira. Zigor horiek indarkeria erreaktiboaren parte dira: Poliziaren jardunaren aurrean erreakzionatu eta salatzeagatik jasaten den indarkeria, alegia. Alabaina, grabaketek balio handia dute edozein prozesutan poliziaren bertsioa baliogabetu eta bere inpunitatearekin amaitzeko. Beraz, grabatzea erresistentzia tresna gisa ulertzen dugu, eta praktika zabalduz gero gehiegikerien aurreko kultura bat sor genezakeela uste dugu.
Poliziaren existentzia eta jarduna zalantzan ez jartzea dakar naturalizazio horrek, baita Poliziarik gabe mundu honetan bizikidetza ezinezkoa litzatekeela pentsatzea ere.
Mugikorraren erabilera estrategikoa egitea aholkatzen dugu, arriskuak murriztu eta eraginkortasuna handitzeko. Hasteko, Poliziarekin harremanetan jartzen den pertsonak mugikorra mikrofonoa grabatzen jarri eta poltsikoan gordetzea gomendatzen dugu. Indarkeria kanpotik ikusten ari bazara baina bakarrik bazaude, disimuluz saia zaitezke grabatzen, Poliziak zigortu ez zaitzan. Inguruan indarkeriari erreakzionatzen dabilen jende gehiago badago, ahalik eta jende gehienak grabatzea da eraginkorrena: egoera publikoago egiteaz gain, grabatzaileen gain gauzatu daitekeen indarkeria ere erregistra daiteke horrela. Amaitzeko, polizia indarkeria grabatzea lortuz gero, indarkeria jasan duten pertsona zein kolektiboekin harremanetan jartzea ezinbestekoa da, testigantzaren berri izan dezaten.
Donostiako errealitatea jaso duzue txostenean. Uste duzue Euskal Herriko herri edo hirietan Poliziaren portaerak antzekoak direla edo errealitate partikularra da?
Poliziak berezko du indarraren erabilera, ez da zuzena indarkeria unean uneko egoeren ondorio soila dela pentsatzea. Euskal Herriko beste tokietan ere izango da egunerokoaren parte; alabaina, horrek ez du esan nahi tokian tokiko forma eta xede desberdinetara egokitzen ez denik. Donostiaren kasuan Poliziaren indarkeria aldatu egiten da eguneko momentuaren, urteko sasoiaren eta hiriko espazio moten arabera. Uda garaietan eta oporraldien aurretik areagotu egiten da Poliziaren jarduna. Uste dugu horrek turismoari begira egiten den 'garbiketa' logika bati erantzuten diola. 'Postal-hiriarentzat' erakargarria ez den hori kaleetatik baztertzeko lana hartu dute.
Galdetu izan digutenean ea erregistratuko genituzkeen Madrilgo, Valentziako edo beste tokietako bizipenak, guk azaldu ohi dugu lagunduko dugula ahal dugun guztian, baina ez dela hori Txagoren helburu nagusia. Uste dugu hobe litzatekeela jendea bere auzo, herri eta hirietan antolatu eta beren egunerokotasuna lehen eskutik erregistratzea. Tokiaren ezagutza, hiriaren barne-dinamikak eta egunerokotasuneko ezagutza inportanteak dira Polizia zertan dabilen aztertzeko. Baita indarkeria pairatu duten pertsonen agentzia errespetatzea ere.
Ertzain talde bat bi gazte jipoitzen ileapaindegi batean. Lokal barrura sartu dituzte, San Frantzisko kaleko segurtasun kamerek polizia gehiegikeriak filmatu ez ditzaten, baina seguruenik ez zuten espero negozio horrek ere segurtasun kamera zuenik. Bilboko Kontseilu... [+]
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak esan du litekeena dela "ertzainen baten jokabide desegokiaren" ondorioz zauritu izana gizona. Pertsona horrek salaketa jarri zuen eta Ertzaintzaren barne ikerketa batek baieztatu du foam jaurtigailu baten inpaktua jaso zuela.
Mariaren Bihotza plazan egingo dute elkarretaratzea, 18:30ean, ertzainek erasotako pertsonei elkartasuna adierazteko eta inpunitate polizialari ezetz esateko.
Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.
Iazko abuztuan, Irundik gertu, ertzainek atxilotzean izan zuen bihotzekoa gizon batek. Eneko Valdésen heriotzaren ikerketan, Polizia errugabetu zuten.
Bilboko Etxarri II gaztetxearen hustuketan gertatutakoaz hitz egin du Ertzaintzaren jaurtigai baten ondorioz barrabila galdu duen 33 urteko bizilagun batek. Beste zenbait bizilagunekin zegoen han, gaztetxeko kideen elkartasunean, "modu baketsuan".
"Amorru handiko eguna" dela adierazi du Zabarteren senar Noboak, emazteak epailearen aurrean deklaratu berritan. 2024ko martxoan jokatu zen Realaren partidu baten atarian zauritu zen foam jaurtigai batekin, eta Donostiako ospitaleko Zaintza Intentsiboko Unitatean... [+]
Azken astean ezagutarazi moduan, Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak txosten banatan aitortu ditu estatuaren biktima gisa. Justizia sailburuak ekitaldi pribatu banatan entregatu dizkie dokumentuak.
Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]
Lau agenteak lesio-delituengatik ikertzen ari dira eta horrek galarazten du 2024ko amnistia aplikatzea. Polizia horietako batek, ustez, gomazko bala batekin begi bat zartatu zion Roger Español kataluniarrari.
Ertzaintzak martxoaren 13an Bilbon zauritutako bi pertsonaren testigantza jaso ditugu. Athleticen partidaren ostean larriki zauritu zituzten aita-semeak, borra-kolpeka, eta atxilo eraman zuten haietako bat. Furgonetatik ikusi zuen ertzainek nola egin zuten tiro jendearen kontra,... [+]
2023an Zaballako espetxean euskal presoen alde egindako martxarengatik ezarri zizkieten isunak. Helegiteen ezeztapenaren aurrean epaitegietara joko dutela adierazi du antolakundeak, eta Poliziaren inpunitatea salatu du.
GALeko biktima talde batek eman du kereilaren nondik norakoen berri Bilbon egindako prentsaurrekoan, Egiari Zor fundazioak eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak lagunduta. GALen aurkako eta, zehazki, José Barrionuevoren aurkako kereila aurkeztuko dute.
Euskal Herrian Euskarazen arabera, Tolosako tren geltokiko segurtasun agente batek eraso egin zion militante bati, agenteari euskaraz hitz egiteko eskatu ziolako. Tolosako alkateak "kezka" adierazi du eta azalpenak eskatuko dituela jakinarazi.
31 urteko emakume kolonbiarra osasun zentrora eraman ordez ertzain etxera eramatean agenteek "akatsa" egin zutela aitortu du Segurtasun sailburuak, baina azpimarratu du ez zuela "jipoirik" jaso.