Argudiatu dute "ertzainen aurkako indarkeria handitu" egin dela, eta indarkeria "kontroletik irteten denean, babesgabe" gelditzen direla. Halaber, ohar batean datorren asteko Athletic eta PSGren arteko partidaren segurtasun operatiboaren gaineko kezka adierazi dute. Elkarretaratzea antolatu dute ostiralean, ErNE eta Si.P.E. ertzainen sindikatuekin batera. Hiru sindikatuek ertzainen hiru laurdena baino gehiago ordezkatzen dute.
Ostegunean, ohar baten bidez, Esan ertzainen sindikatuak eskatu du gomazko pilotak berriro erabili ahal izatea. Argudiatu dute “kale indarkeriak" gora egin duela, eta ertzainek jasaten dituzten lesioak areagotu direla”. Gainera, Espainiako Barne Ministerioak eman duen datua helarazi dute: lesio delituak eta liskar iskanbilatsuak % 8,9 igo" dira Euskal Autonomia Erkidegoan 2025eko lehen seihilekoan. Euren iritziz, "ulertezina eta arduragabea" da Ertzaintzak "gomazko piloten jaurtitzaileen erabilera de facto debekatuta izaten jarraitzea, nahiz eta jabetzan eduki". Ondorioz, indarkeria "kontroletik irteten denean, ertzainak babesgabe" gelditzen direla uste dute.
Halaber, sindikatuak kezka adierazi du Athleticek eta PSGk datorren asteazkenean jokatuko duten partidarako Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak prestatu duen segurtasun operazioaren aurrean. Sindikatuak txosten bat bidali dio Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari, "Ertzaintzaren gaitasun operatiboa indartzeko, jaurtitzaileen erabilera desblokeatzeko, hain hilgarriak ez diren bitarteko berriak sartzeko (Taserra, esaterako) eta taldeko indarkeria eta arma zuriz egindako erasoen aurrean prestakuntza hobetzeko premiazko proposamenekin".
PSG Euskal Herrira etorri zen azken aldian Ertzaintzak gutxienez hiru pertsona larriki zauritu zituen. Segurtasun Sailaren arabera, gomazko pilotak ez dira erabiltzen Ertzaintzak Iñigo Cabacas horrelako pilotakada batez hil zuenetik. Ordudanik, foam jaurtigailuak erabiltzen dituzte. Hauek ere, zauri larriak eragiteko gai dira, azken urteetan ikusi denez. Hala ere, Gasteizen 2024ko martxoaren 3an Ertzaintzak gomazko pilotak erabili zituela salatu zuten zenbait eragilek eta pertsonek sare sozialetan, argazkiz lagunduta. Eta 2021ean Josu Erkorekak, orduko segurtasun sailburuak, aitortu zuen Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko kideek gomazko jaurtigailuekin entrenatzen jarraitzen dutela.
ErNE eta Si.P.E. sindikatuek ere bat egiten dute segurtasunaren inguruko kezkarekin eta, denek batera, elkarretaratzea antolatu dute, ostiralean 14:30ean, Donostiako Antiguo auzoko Ertzain-etxearen aurrean.