Gomazko pilotak erabili al ditu Ertzaintzak Gasteizen, lehen aldiz Cabacasen heriotzaz geroztik?

  • Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioaren aurka oldartzean Ertzaintzak gomazko pilotak erabili zituela salatu zuten zenbait eragilek eta pertsonek sare sozialetan, argazkiz lagunduta. Salaketak ez zuen oihartzun handirik izan, baina egia balitz gertaera esanguratsu baten aurrean geundeke: lehen aldia litzateke Ertzaintzak gomazko pilotak erabili dituela 2012an Iñigo Cabacas Bilbon hil zuenetik. 2015ean Estefania Beltran de Heredia sailburuak piloten erabilera guztiz debekatzeko asmoa iragarri bazuen ere, Brigada Mugikorrak erabiltzeko aukera izaten jarraitzen du.

Ertzaintzaren gomazko pilota bat Bakea eta Postas kaleko bidegurutzean, lurrean, Martxoaren 3ko manifestazioaren egunean. Argazkia: @JardunK

2024ko martxoaren 18an - 06:58

Gedar kazetak eta Jardun koordinadorak salatu zuten gomazko piloten erabilera. Pilotak ikusi zituzten mugimendu sozialistako eta Jarduneko kide banarekin hitz egin du ARGIAk. Biek kokatu dute piloten agerpena Gasteizko Bakea eta Postas kaleen arteko gurutze-bidean, Ertzaintzak Corte Inglésean egin zuen estreinako kargaren tokitik metro gutxira. Lehenbiziko karga horren ostean nahasmen handia sortu zen, eta jendez lepo zegoen bidegurutze horretara sartu zen Ertzaintzaren furgoneta bat abiadura altuan, zenbait manifestari kolpatuta eta baten hanka azpian harrapatuta. Hor zeuden bilduta, besteak beste, bloke sozialistako eta Jarduneko hainbat kide.

Furgonetatik ertzainak jaistean tiro “oso gogorrak” entzun zirela dio mugimendu sozialistako kideak, “petardoak ere izan zitezkeen, manifestazio bitartean bota baitzituzten, baina seguru ez zirela foam tiroak, horiek zarata txikiagoa egiten dute”. Orduan ikusi zuen gomazko pilota bat lurrean, eta kide batek jaso zuen. Jarduneko kideak ere anabasa haren erdian ikusi zuen pilota bat lurrean, eta nola jarraian hartu zuen pertsona batek, “argazki bat egiteko uzteko eskatu nion, atera nion, eta eraman zuen”.

Sindikatu antolatzaileek eta Martxoak 3 elkarteak zaurituen eta atxilotuen inguruko informazioa jaso zuten hurrengo egunetan. ARGIAri azaldu diotenez, aipatu bi kasuez gain ez dute gomazko piloten inguruko bestelako informaziorik izan. Inork ez du salatu ertzainak ikusi izana gomazko pilotak jaurtitzen. Horraino ARGIAk bildutako informazioa, zalantza eta galdera sorta uzten duena airean.

Argazkia: mugimendu sozialista

 

 

 

 

Kezkak eta galderak

Izan liteke egun horretan Gasteizko kaleetan agertutako pilotak bi baino gehiago izatea (ezin da guztiz baztertu ere aipatu bi pilotak berdina izatea). Ez du oso posible ematen, ordea, modu orokortuan edo kopuru esanguratsuan jaurti izana, pentsatzekoa baita han zeuden pertsona eta kamera ugariek ikusi edo jasoko zutela. Ertzain batek edo batzuek bota zituzten soilik? Aginduak obedituta? Beren ekimen propioz? Beste azalpen mota baten bila, posible da pilotak ertzainen bati edo furgonetatik erori izana jaurti gabe? Arraroa, baina izan daiteke (horrela izanik ere, pilotak aldean daramatzatela esan nahiko luke horrek). Hipotesi posible asko, bat ere ez da oso sendoa itxuraz, baina pilotak agertu, agertu ziren, eta ez manifestarien eskutik. Erantzunak emateko moduan dauden bakarrak bertan izan ziren poliziak, beren sindikatuak, eta Segurtasun Saila dira.

Eta eman beharko lituzkete, hamabi urte baitira (baitziren?) Ertzaintzak gomazko pilotekin tiro egiten ez duela, hilgarria izan daitekeen arma delako: Bilbon Iñigo Cabacas hil zutenetik pilotakada batekin, hain zuzen ere. Hamaika urte dira Brigada Mugikorrak soilik erabili ditzakeela, “salbuespenezko arrisku egoeratan”. Zazpi Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak gomazko pilotak behin betiko alboratzeko asmoa iragarri zuenetik. Emango al dituzte azalpenak?

Azalpenik ez momentuz

Sindikatuei dagokienez, Tolosako inauterietan Xuhar adingabea larri zauritu ostean Esan, Erne eta Sipe sindikatuek ohar bateratua plazaratu zuten Ertzaintzaren jarduera defendatzeko eta Erkorekari eskatzeko ezeztatu zezala gomazko pilotak erabili zirenik. Gasteizko kasuan ez dute horrelako eskaerarik egin. Segurtasun Sailari dagokionez, Josu Erkoreka sailburuak ez zituen pilotak aipatu kazetarien galderei erantzunez Gasteizko oldarraldiaz azalpenak eman zituenean.

Gasteizko kargaren hurrengo egunean Segurtasun Sailari zuzendutako galdera sorta aurkeztu zuen EH Bilduko parlamentari Julen Arzuagak: “Erabilitako istiluen kontrako materialaren artean, gomazko pilotak daude?”, izan zen horietako bat. Legebiltzarkideak ARGIAri azaldu dionez, hauteskundeak direla eta “urgentziazko izaera” duten izapideak soilik tramitatzen dira, eta urgentziazkoa zer den legebiltzarraren mahaiak erabakitzen du, non EAJk eta PSEk gehiengoa duten. Hori aintzat hartuta, erantzunik emango dioten zalantza du Arzuagak. Galderak onartzekotan, hilabeteko epea du sailak erantzuteko.

Arzuagak, edonola ere, Segurtasun Sailaren egiteko moduan jarri du azpimarra. Gomazko pilotak zein foam jaurtigailuak erabiltzeko protokoloa “erreserbatua” da, ezin da jakin hortaz pilotak erabili diren, eta erabili badira zein irizpideren arabera. Katalunia eta EAE alderatu ditu: Katalunian, protokoloa publikoa da, pilotak guztiz baztertuta daude, eta existitzen diren bi foam ereduetatik (SIR-X arriskutsuena, eta SIR, arrisku gutxiagokoa), arriskutsuena kentzen ari dira; EAEn, protokoloak sekretuak dira, pilotak ez daude erabat baztertuta, eta SIR-X eredua alboratzeko asmorik ez dago.

Gomazko pilotak desagertzeko konpromisoa

2012ko apirilaren 2an Iñigo Cabacas Bilboko Athleticeko futbol zaleak pilotakada bat jaso zuen buruan, Ertzaintzak partidu baten osteko jai giroan kargatu ostean. Koman ospitaleratu zuten, eta apirilaren 9an zendu zen. Hiru egun geroago Rodolfo Ares Segurtasun Sailburuak eta José Antonio Varela Ertzaintzaren zuzendariak agerraldia izan zuten legebiltzarrean. Iragarri zuten piloten erabilera “mugatzea” erabakia zutela jada, eta 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera Brigada Mugikorrak (eta jada desagertutako Errefortzu Brigadak) soilik erabili ahal izango zituela, beti ere “salbuespenezko arrisku egoeratan”. Orduan ordezkatu zituzten foam jaurtigailuek gomazko pilotak.

2015eko apirilean, legebiltzarraren gehiengoak babestu zuen mozio bat, Jaurlaritzari eskatzen ziona piloten “behin betiko ordezkapena” beste material batengatik. EAJk alde bozkatu zuen. Maiatzean, legebiltzarrean bertan, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Sailburuak adierazi zuen prest zegoela eskaera hori “betetzeko”, eta helburua horretara heltzeko “bide” bat iragarri zuen. Bederatzi urte pasata, ez dago bide horren berririk. Kontrara: azken urtetan Ertzaintzaren sindikatuek hainbat aldiz eskatu dute berriz ere ertzain guztiei ematea pilotak erabiltzeko aukera; eta 2021ean, Beltran de Heredia ordezkatu zuen Josu Erkorekak defendatu zuen Brigada Mugikorrak erabiltzeko aukera izatea, “azken errekurtso” gisa bada ere. Erabili al zen “azken errekurtsoa” Gasteizen? Nekez jakingo dugu, eta hori jada bada salatzeko modukoa.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#2
Barbara Miller
#4
Olaia Salazar Urrutia
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gomazko pilotak
2024-02-14 | ARGIA
Ertzaintzak begia larri zauritu dion gaztearen aita
"Ez da bidezkoa, hamasei urte ditu; bada garaia gauzak aldatzeko eta asko gainera"

Villabonako Berdura plaza bete dute herritarrek otsailaren 13 iluntzean, Tolosako inauterietan Ertzaintzak gazte bati begia larri zauritu ziola salatzeko. Bere aitak azaldu ditu begian dituen lesio larriak eta Ertzaintzaren jokabidearekiko haserrea plazaratu du: "Ez da... [+]


Hainbat protesta deitu dituzte Tolosako polizia-kargak salatzeko

16 urteko gazte billabonatar batek zauri larriak izan ditu begiaren inguruan, Ertzaintzak Tolosan igande gauean kargatu ostean. Tolosaldeko Atariak informatu duenez, pilotakada bat eman zioten.


2023-03-15 | Axier Lopez
Espainiako Gobernuak ez du hitza bete: Mozal Legeak indarrean jarraituko du

2015ean PPk gehiengo absolutuz ezarri zuen Mozal Legea. Oinarrizko zenbait eskubide urratzen dituen arau sorta horrek kontrakotasun handia bildu zuen Espainiako Estatuko mugimendu sozial eta alderdi politikoen artean, baita nazioartean ere. Lege hori "ezbairik gabe derogatu... [+]


Urkulluk "sentitzen" du Nahuel Gomezi masailezurra hautsi izana Ertzaintzak, baina ez die ardurarik egotzi

Iñigo Urkulluk asteartean adierazi du "sentitzen" duela Nahuel Gomezi gertatua. Ertzaintzak pilotakada batekin masail-hezurra hautsi zion Sansebastian egunez, lanetik etxera bidean zihoala. Naiz-en galderei erantzunez egin ditu adierazpen hauek, baina gertaera... [+]


Eguneraketa berriak daude