Espainiako Gobernuak ez du hitza bete: Mozal Legeak indarrean jarraituko du

  • 2015ean PPk gehiengo absolutuz ezarri zuen Mozal Legea. Oinarrizko zenbait eskubide urratzen dituen arau sorta horrek kontrakotasun handia bildu zuen Espainiako Estatuko mugimendu sozial eta alderdi politikoen artean, baita nazioartean ere. Lege hori "ezbairik gabe derogatu behar" dela ziotenak orain Espainiako Gobernuan daude eta Mozal Legeak indarrean jarraituko du.

2022ko martxoan Mozal Legearen erreforma salatzeko elkarretaratzea, Espainiako Kongresuaren aurrean. Argazkia: Greenpeace

2023ko martxoaren 15an - 10:43
Azken eguneraketa: 17:06

Herritarren Segurtasunerako Legea, Mozal Lege gisa ezagunagoa, bertan behera utziko zutela adierazi zuten hainbat aldiz publikoki PSOEk eta Unidas-Podemosek. Behin koalizio gobernua osatuta, bide horretan lan egingo zutela adierazi zuten, Espainiako Kongresuan gobernua babesten duten gainerako indarrekin batera. Pedro Sánchez presidenteak berak esan zuen hala izango zela, azken legegintzaldi honen hasieran. Baina zortzi urteren ostean, herritarrei dozenaka milaka isun eta zigor ezarri ostean, PPren Mozal Legeak bere horretan jarraituko du. Legea bertan behera uztetik haren puntu batzuk bakarrik aldatzera pasa direlako PSOE, Unidas-Podemos eta EAJ, eta erreforma proposamen horrek ez du adostasunik lortu gainerako indar politikoekin. Mugimendu sozialen gehiengoak Mozal Legea bere osotasunean bertan behera uzteko eskariari eutsi dio urteotan.

Gomazko pilotak, polizien hitza eta migrazio politika

Lege aldaketa bideratzeko bilera ugari izan dituzte PSOE, Unidas Podemos, EAJ, ERC, EH Bildu eta Juntsek, baina azkenean, legearen puntu batzuk aldatu eta beste batzuk bere horretan uzteko PSOE eta Unidas Podemos gobernukideek proposatutakoarekin bat egin duen alderdi bakarra EAJ izan da. EAJ izan da Mozal Legea kritikatzetik, Espainiako Kongresuan lege erreforma defendatzera pasa zen lehen alderdietako bat.

Gobernua babesten duten beste hiru indarrak aurka azaldu dira. ERCk eta EH Bilduk proposamen horri ezezkoa eman diote, eta Juntsek.aspaldi utzi zion bilera horietan parte hartzeari. Eta horrela Mozal Legea ordezkatzeko eztabaidaren bideari amaiera eman diote legegintzaldi honetan.

“Ez gara izango PPk ezarritako neurririk kaltegarrienei eusten dien erreforma light baten konplize”, adierazi du Jon Iñarritu EH Bilduko legebiltzarkideak, eta ildo berean mintzatu da alderdikide Mertxe Aizpurua, erreformak jatorrizko legearen “oinarri errepresiboak” mantentzen dituela nabarmenduta. Maria Dantas ERCko kidearen hitzetan ere, PPren legea makillatu baino ez du egin PSOE eta Unidas Podemosen proposamenak.

Izan ere, legearen araurik gatazkatsuenak mantentzen ditu erreforma proposamenak: gomazko pilotak ez ditu debekatzen, migratzaileen itzulketa azkarrak baimentzen ditu, eta desobedientzia eta autoritateari errespetu falta zigortzen ditu. “Soilik Poliziak esandakoan oinarriturik erabakitzen dute errespetu falta zer den, eta herritarrak babesik gabe daude Poliziaren iritziaren aurrean”, salatu du Aizpuruak. “Poliziari gizarte osoaren eskubideak inolako zigorrik jaso gabe zapaltzen jarraitzeko aukera ematen dio”, gaineratu du Dantasek.

2017an Bilbon Mozal Legearen aurka egindako protesta bat. Argazkia: Klaus Armbruster

PSOEk erreforma proposamenean jasotako “aurrerapausoen garrantzia” azpimarratu du eta arduragabekeriatzat jo dute erreformari ezetz bozkatu izana. EAJk EH Bildu eta ERCri leporatu die legea erreformatu ez izana. Unidas Podemosek defendatu du legearen elementurik kaltegarrienak ezabatuta zeudela. Esate baterako, manifestatzeko eskubidea bermatzen dutenak, isunen zenbatekoa edo poliziak grabatzeari dagokiona . Baina Mozal Legea indargabetzearen aldeko kanpaina nagusi No Somos Delitoko parte diren mugimendu sozialak ez daude ados Poliziaren egiazkotasun-presuntzioa bermatzen duen araua edota desobedientzia zigortzen duena "bigarren mailako" gaitzat jotzearekin.

Amnesty International, Greenpeace, Iridia, Defender a quien Defiende, Ris, Novact, Legal Sol eta No Somos Delito mugimenduek adierazpen bateratua argitaratu dute "galdutako aukera" kritikatzeko. Legearen "funtsezko alderdiak" batzordearen bozketara "beharrezko aldaketarik gabe" iritsi direla salatu dute. Eta gaineratu dute gizarte zibiletik, Mozal Legeak urratutako eskubideak dokumentatzen eta salatzen zortzi urte eman ondoren, "mozalik gabeko etorkizuna" eta giza eskubideen nazioarteko estandarrak betetzen dituen legeria bat izateko lanean jarraituko dutela: "Mozal Legea, lehenago edo geroago, historia izango da".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mozal legearen mehatxua
Artxibatu egin dute Ahotsa.info-ko kazetari bat gezurrekin salatu zuen udaltzainaren aurkako kereila

2021eko protesta batean Poliziaren jarduna grabatu eta zabaltzeagatik, Mozal Legea urratu izana leporatu zion udaltzainak kazetariari. Salaketan hainbat gezur esan zituen agenteak, grabatutako bideoan egiazta daitekeenez. Agiriak faltsutzeagatik kazetariak kereila jarri zuen... [+]


Otsaileko lehen osoko bilkuran onartu nahi dute Espainiako Kongresuan 'Mozal Lege' berria

Dagoeneko erreformaren %96 adostuta dute Espainiako Kongresuan erreforma lantzen ari diren alderdiek, eta datorren astean akordio batera iritsiko dira, El Plural.com-en irakurri dugunez.


Laudioko Gaztetxearen aldeko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Laudion, Bilbon eta Gasteizen

Laudioko Gaztetxearen kaleratzearen ondorio ekonomikoei aurre egiteko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Orbeko Etxean, Zazpi Katu Gaztetxean eta Gasteizko Gaztetxean. Ertzaintzak 'mozal legea' ezarri zien sei gazteri ekainaren 13ko protesten harira, 4.000 euroko... [+]


2022-12-16 | Iñaki Agirre
“Ez dugu ekimen erreformistarik nahi, Mozal Legearen indargabetzea eskatzen dugu”

Hogei eragile sozialek baina gehiagok eginiko deialdiak dozenaka pertsona bildu ditu ostegun ilunabarrean Donostian adierazpen askatasuna aldarrikatu eta Mozal Legearen indargabetzea eskatzeko. Lege horren bitartez, Hego Euskal Herrian 2020tik hona 30.000 zigor baina gehiago... [+]


2022-11-25 | Ahotsa.info
Ahotsa.info-k kereila kriminala aurkeztu du, Mozal Legea erabilita, bere kazetari baten aurkako salaketa faltsua egin zuen udaltzainaren aurka

Iñigo Orduña Ahotsa.info-ko kameraria protesta bat grabatzen ari zenean, udaltzain batek salatu egin zuen. Kontakizun faltsua egin zuen salaketan, kazetariaren aurkako zigorra larriagotzeko asmoz. Dena grabatuta geratu zen, poliziaren gezurrak agerian geratuz... [+]


Eguneraketa berriak daude