Getarian jai giroan irudikatuko dute Magallaesen espedizio militarraren itsasoratzea

  • Asteartean aurkeztu dute Getariako Udalak eta Elkano Fundazioak “Elkanoren itsasoratzea” jaialdia. 1519ko abuztuaren 10ean Sevillan Fernando Magallaesen gidaritzapean abiatutako espedizio militarraren itsasoratzea ospatuko dute Getarian. Irailaren 14 eta 15ean doako hainbat ekitaldi antolatu dute horretarako.


2019ko uztailaren 24an - 16:58
Argazkia: Elkano Fundazioa

Egitasmoaren ezaugarriak azaltzeko asteartean agertu dira hedabideen aurrean Getariako alkate Haritz Alberdi (EH Bildu), Maialen Gereka “herriko eragilea” eta Elkano 500 Fundazioko zuzendari Ion Irurzun. Adierazi dutenez, egitaraua osatzeko Getariako Udala eta Elkano 500 Fundazioarekin batera, Getariako hainbat gizarte eta kultur eragilek parte hartu dute. Jaialdia “ludikoa eta dibulgatzailea” izatea nahi dutela azpimarratu dute. Horretarako umeentzat tailerrak, gaztetxoentzat ur-jolasak eta kontzertuak, hitzaldiak, sukaldaritza lehiaketa, herri bazkaria, eta saltokien erakusleiho lehiaketa antolatu dituzte, bestak beste.

Ekitaldi horien bitartez, Getariako alkate Haritz Alberdik adierazi duenez, Elkanoren “iragana ezagutu behar dugu, oraina ulertzeko eta etorkizuna marrazteko eta ahal dela hobetzeko. Elkanok utzitako ubera, arrasto horri begiratuko diogu. Elkano eta mundubira herri baten, gure herriaren, kulturaren adierazle dira, Getariakoarena eta Euskal Herrikoarena”.

“Elkanoren itsasoratzea” jaialdiko ekitaldi nagusia antzezlan moduko bat izango da. Carlos V enperadoreak orain 500 urte Asian espezien kontrola eskuratzeko eta Espainiako Inperioa handitzeko asmoz kolonia berrien bila bidalitako espedizioaren “itsasoratze sinbolikoa” izango da. Horretarako, Getariako jendeaz gain, espedizio militar horrekin [antolatzaileen arabera, “espedizio komertziala”] harremana izan zuten herriak ordezkatuko dituzten ontziek parte hartzea nahiko luketela adierazi dute. Esate baterako Ondarroako, Lekeitioko eta Bermeokoak.

Mundubiraren ubera

Lelo hori aukeratu dute datozen hiru urteetan Getarian Joan Sebastian Elkanoren omenezko eta harekin lotutako ekitaldi guztiak barnebiltzeko. “Iraganarekin ados edo kontra egon gaitezke, eroso edo deseroso senti gaitezke, baina hortik haratago, iraganaz hausnartzeko aukera emango digun begirada irekia izan behar dugu oraina ulertzeko abiapuntu bezala”. Horretarako tresna izango dela adierazi du Getariako alkateak.

Getariako Udalarekin batera, Elkano Fundazioaren bitartez bideratuko dira datozen hiru urteetako ekitaldi horiek Getarian. “Joan Sebastian Elkano bera, eta burutu zuen balentria ezagutzera eman nahi duten proiektuak” koordinatzeko sortu da Elkano Fundazioa.

‘Mundu bira 500: Elkano Fundazioa’ 2017ko uztailean eratu zuten, 2015ean Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu ostean “mendeurrenari garrantzi estrategikoa ematea eta Euskal Herria mundura zabaltzeko Elkanoren figura baliatzea”. Fundazioaren patronatua ondorengoek osatzen dute: Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Arantxa Tapia, Kultura sailburu Bingen Zupiria, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olano eta Gipuzkoako Kultura eta Turismo saileko buru Denis Itxaso, Urola Kostako Mankomunitateko lehendakaria eta batzordekide bat eta Getariako Aitor Urresti (EAJ) zinegotzia eta Haritz Alberdi alkatea.

200 milioi, Espainiako Batzordearen aurrekontua

“Espainiako Koroak sustatutako balentriaren tamaina erakusteko” Mundubiraren V. mendeurrena ospatzeko Espainiako instituzioek sustatu duten Batzordeak 200 milioi euroko aurrekontua izango duela iragarri dute. Orain 500 urteko gertakariak oroitzea “aparteko garrantzia” duela adieraz zuen uztailaren 17an batzordeko idazkari Camilo Vazquezek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elkanoren mundu bira
"Euskal Herri dekoloniala" aldarrikatuko dute Gasteizen, Elkanoren mundu biraren urteurrenean

Asteazkenean mobilizazioa egingo dute bigarren urtez jarraian, "ipar global eta zuriaren menderatze historikoa" salatzeko.


'Sin Límites' edo nola errepikatu lehen mundu birari buruzko narratiba konbentzionalak

Irailaren 6an Victoria ontzia Sanlucar de Barramedara iritsi zeneko V. mendeurrena ospatu zuten, bost mende lehenago portu hartatik abiatu eta hiru urte geroago lehen mundu bira osatu izana gogoan. Horrelako oroipen ospakizunetan ohikoa denez, urteotan zeharkaldia gogoratzeko... [+]


2022-09-06 | ARGIA
"Euskal Herri dekolonialaren alde egin nahi dugu lan"

Eusko Jaurlaritzak irailaren 6a jai-eguntzat izendatu du Euskal Autonomia Erkidegoan, Juan Sebastian Elkanok munduari emandako bira ospatzeko. Gasteizko herri ekimenak elkarretaratzea egin du General Loma enparantzan. Adierazi duenez, "aurrera eraman nahi dugun mobilizazio... [+]


Eguneraketa berriak daude