Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.
Urriaren 7az geroztik Gasteizko hainbat eskola eta ikastetxetan antolatu dituzte mobilizazioak edo diru bilketak Palestinaren alde, pixkan saretuz joan dira, eta ostiralerako ekimen bateratua deitu zuten Foru enparantzan. Ehunka herritar bildu dira plazan, tartean haur ugari. "Ezin dugu normaltasunez onartu gizatasuna bera kolokan jartzen ari den genozidio hau, eta haurrak hezteko lanetan ari garen aldetik, ezin ditugu hezi datozen belaunaldiak oinarrizko giza eskubideen urraketa nabarmen hauek normalak diren ustetan", azaldu dute antolakuntzatik. Gogoratu dute urritik hona Israelek 40.000 palestinar baino gehiago hil dituela Gazan eta Zisjordanian, erdia baino gehiago haurrak, eta salatu dute “itxura guztien arabera” kopuru hori “biderkatu” egin dela, “ blokeoaren ondorengo gosete eta gaixotasunen ondorioz”.
Arratsaldeko 18:00etan hasita jarduera ugariz gozatu dute bertaratutakoek, salaketa eta jai giroa uztartu dituen giroan: txokolatada, Gargantua, musika zuzenean, ipuin kontalariak... Bildutako dirua, Gasteizen egin dituzten aurreko ekimenetan bezala, Gazako Al Awda ospitalera bideratuko dute Paz con Dignidad GKEaren bitartez.
Ramon Bajo, Arantzabela, San Martin, Zabalgana, Mariturri, Aldaialde, Toki Eder, Barrutia, Abetxuko, Aita Orbiso, Ibaiondo, Lakuabizkarra, Adurtza, Salburua, Ikasbidea, Miguel de Cervantes, Errekabarri, Abendaño, Lopez de Gereñu eta Mendebaldea hezkuntza zentroek deitu dute ekimena. Baita ELA, LAB eta Steilas sindikatuek eta Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak ere.
Gasteiztik eta Bilbotik euskal Herrira?
Gasteizen gertatu moduan, Bilbon ere antolatu dira hezkuntzako hainbat zentro, guraso eta eragile Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko. Gasteizko ekimeneko kide Markel Elortzak ARGIAri elkarrizketan adierazi zionez, behin iragan ostiraleko hitzordua atzean utzita duten asmoa da azken hilabeteetan ehundutako sarea Euskal Herri osora zabaltzea. “Beharra dago, tamalez ez baitu ematen Israelen erasoa epe laburrean amaituko denik”.


Argazkiak: @Eskola_Publikoa