"Elkarren berririk izan gabe lelo berdina hautatu dugu, 'Palestinako umeak gureak ere badira': esanguratsua da"

  • Gasteizko hezkuntza komunitateko hainbat zentrok eta eragilek ekimena antolatu dute maiatzaren 10erako, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Urriaz geroztik zenbait eskola ekimenak antolatzen hasi ziren Paletinarekin elkartasunez, nork berea; pixkana saretu, eta Gasteiz mailako deialdia egin dute ostiralerako; tartean Bilbon ere antolatu da hezkuntza komunitatea lelo beraren bueltan, eta aurrera begira Euskal Herri mailan antolatzea dute helburu. Ekimenaren nondik norakoak aletu dizkigu Markel Elortza Exeak.


2024ko maiatzaren 06an - 06:45
Markel Elortza, Palestinaren aldeko mobilizazio batean. Argazkia berak utzia.

Maiatzaren 10erako ekimena antolatu duzue Gazaren aurkako azken erasoaldiaren aurka, baina aurretik ere Gasteizko hezkuntza komunitateak jarduera gehiago antolatu ditu.

Bai, hasiera batean hainbat eskoletako familia eta irakaslek eraman genituen aurrera. Ni, esaterako, Zabalgana institutuko irakaslea naiz, eta hau guztia hasi zenean urrian, ikasleekin batera elkartasun eguna antolatu genuen. Aldi berean Mariturriko eskolan elkarretaratze batzuk egin zituzten, Gereñun astean behin elkartzen ziren erasoa salatzeko...

Mariturrikoek guk antolatutakoaren berri izan zuten, harremanetan jarri ziren eta erabaki genuen Zabalgana auzoko eskola publiko guztien artean (Mariturri, Zabalgana eta Aldaialde eskolak, eta Zabalgana institutua ere) antolatzea. Ekitaldi oso polita egin genuen, eta oihartzuna izan zuenez, gonbita bidali genien Gasteizko gainontzeko eskola publiko guztiei, auzotik ateratzeko. Hitz egin genuen Lakuako eskola batzuekin, Toki Ederreko guraso elkartearekin... Lakuan egin zuten ekitaldia...

"Maiatzaren 15ean 76 urte beteko dira genozidioa hasi zenetik, Nakba edo Hondamendia izan zenetik. Horregatik egin nahi genuen ekimena maiatzaren 15aren bueltan"

Txikitik eta tokitik abiatuta joan zarete saretzen, hortaz. Gasteiz mailako ekimena horren fruitu da?

Lakuako ekitaldiaren ostean argi izan genuen Gasteiz mailako ekimenera jauzi egin behar genuela. Gasteizko eskola guztiei bidali genien testua eta proposamena, maiatzaren 10eko data finkatuta. Mailez egin genuen, batzuk erantzun digute, ea atxikimendua eman dute. Hezkuntzako sindikatu guztietara ere bidali genuen proposamena, eta batu egin dira ELA, LAB eta STEILAS [Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak ere egin du bat deialdiarekin].

Ostiralean Foru plazan elkartu eta jarduera ezberdinak antolatuko ditugu. Gargantua egongo da, kometa tailerra, txapak egitekoa, txokolate beroa, poesia, ipuinak, zuzeneko musika... eta sorpresaren bat ere izango dugu. Animatzen ditugu herritar guztiak hurbiltzera eta Palestinako herriari elkartasuna adieraztera.

Atxikimendu zerrenda mardula da.

Zaila izan da. Zabalganan, adibidez, elkartasun eguna bai egin genuela eskola moduan, baina beste zentro askotan atxikimendua guraso elkarteen bitartez jaso dugu, zuzendaritzen bitartez baino gehiago. Familiak izan dira bultzatzaile nagusiak, eta irakasleak.

Zentro bakoitzak antolatu dituzten ekimenek oinarri komunak izan al dituzte?

Erasoa salatu dugu, eta hezkuntza komunitatetik ari garenez, umeen egoera jarri dugu erdigunean. Dirua bildu dugu guztietan, eta Paz con Dignidad GKEaren bitartez Gazako Al Awda ospitalera bideratu dugu. Maiatzaren 10ean bildutako diruarekin ere berdin egingo dugu.

Zabaldu duzuen testua gordina da, garbiketa etnikoaz edo genozidioaz hitz egiten duzue, eta baita hori guztia ez normalizatzeko borrokatzeaz.

Alde batetik, ez dugu beldurrik izan behar esateko egiten ari direna genozidio hutsa dela. Genozidio hori indartu egin da urritik ona, baina maiatzaren 15ean 76 urte beteko dira hasi zenetik, Nakba edo Hondamendia izan zenetik. Horregatik egin nahi genuen ekimena maiatzaren 15aren bueltan.

Bestetik, urritik ona, denborak aurrera egin ahala, pixkana-pixkana, sarraskia normalizatzen ari da. Askotan zifren inguruan hitz egiten dugu eta perspektibatik galtzen dugu zifra horiek pertsonak direla, umeak direla, eta horregatik salatu behar dugu hitz guztiekin eta beldurrik gabe.

"Behin ostiraleko ekimena atzean utzita buru-belarri jarriko gara Bilboko eskolekin lanean, eta ekimena Euskal Herri osora zabaltzen"

Gasteiz mailan ari zarete, baina iragan astean Bilbon egin zuten prentsaurrekoa hainbat hezkuntza zentrotako ordezkariak, besteak beste Gasteizko ekimenarekin bat eginez.

Bi bide paralelo izan dira, ez genuen elkarren berririk, eta Bilbokoek Arabako Alea-n irakurri zutenean Gasteiz mailako ekimena egingo genuela, gurekin kontaktuan jarri ziren. Elkarren ekimenak babestea erabaki genuen, eta elkarlanena aritzea, saiatzeko dinamika hau Euskal herri osora zabaltzen.

Elkarren berririk izan gabe ere lelo berdina hautatu dugu, Palestinako umeak gureak ere badira: esanguratsua da.

Euskal Herri mailako ekimenen bat antolatzeko asmoa duzue, hortaz?

Bai, joango gara poliki-poliki hitz egiten ea zer antolatu dezakegun, baina aurretik maiatzaren 10eko deialdia dugu, hor ditugu indarrak jarrita: asteartean prentsaurrekoa dugu eguerdian, Ramon Bajo eskolan, astean zehar zentro bakoitzak argazkia aterak du eta horrekin bideo bat osatuko dugu, besteak beste.

Behin hori atzean utzita buru-belarri jarriko gara Bilboko eskolekin lanean, eta ekimena Euskal Herri osora zabaltzen. Zabalganan auzoko ikastolari ere luzatu genion gonbita baina ez zen batu, gero eskola publikora mugatu gara Gasteizen, baina aurrera begira hezkuntza zentro eta komunitate osora zuzentzea da asmoa. Zenbat eta gehiago, hobe.

Beharra dago, tamalez ez baitu ematen Israelen erasoa epe laburrean amaituko denik.

(Behean, Gasteizko auzoetako hezkuntza zentroek antolatutako ekimenak. Argazkiak, Markel Elortzak utziak)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
Netanyahuk ez dauka “gerra osteko” planik Gazarako

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak publikoki leporatu dio Netanyahuri “gerra” amaitzerako planik ez izateak Israel behartuko duela Gazan kontrol militar eta zibila inposatzera. Palestinako Aginte Nazionalaren egitekoari buruzko eztabaidak talkak sortu ditu... [+]


Urriaren 7az geroztik, 142 kazetari hil ditu Israelek Gazan: bi egunero kazetari bat

Gerra garaian zentsurak eta propagandak berebiziko lekua hartzen dutela jakina da, eta horren froga bat gehiago dugu Israelek Gazan bideraturikoa. Hala ere, prentsa askatasunaren alde dabiltzan egiturak izugarri kezkaturik dira: ez da munduan eta historian zehar beste gatazkarik... [+]


Israeli boikota egitera deitu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Nakbaren urteurrenean

Duela 76 urte abiatutako Nakbak martxan jarraitzen duela salatu dute hiri eta herri ugaritan. 5.500 euskal herritar inguruk egin dute bat BDZk antolatutako mobilizazioekin. Larunbatean manifestazioa izango da Iruñean, 12:30ean.


Sionistak sabotajeak egiten ari dira Gazara laguntza humanitarioa daramaten kamioietan

Ehunka sionistek eserialdia egin dute Israel hegoaldean, bidea oztopatzeko Jordaniatik datozen kamioiei. Zisjordanian laguntza humanitarioa zeraman konboi bati eraso egin eta produktuak suntsitu dituzte.


Eguneraketa berriak daude