Gazako ospitaleen %80 zerbitzuz kanpo utzi ditu Israelek, suntsituta edo erregai faltagatik

  • Gazako osasun sistema kolapsatzeko zorian dagoela jakinarazi du bertako Osasun Ministerioak, erregai faltaren eta Israelen erasoen ondorioz. Urriaren 7tik 500 mediku eta 138 erizain hil ditu Israelek, eta 33 ospitale suntsitu. Rafah-tik 300.000 pertsonak egin behar izan dute ihes azken egunetan, UNRWAren arabera. Gazako erdialdean eta iparraldean ere ari da Israel erasoak egiten.


2024ko maiatzaren 15an - 06:57
Azken eguneraketa: 10:00

Gazako osasun sistema “ordu gutxi batzuk barru” kolapsatuko zela jakinarazi zuen Gazako Osasun Ministerioak astelehen gauean. Astearte arratsaldean, osasun zentroen % 80a zerbitzuz kanpo dagoela ziurtatu du. Erregai falta bilakatu da arazo nagusia, Israelek laguntza humanitarioaren eta erregaien sarrera galarazi duelako Rafah-ko mugako igarobidearen kontrola hartu zuenetik. Ospitale eta anbulantziek ezin izango dute lanean jarraitu, adierazi dute. Gazako Zerrenda osoari eragingo dio egoera horrek, eta bereziki larria da kontuan hartuta sionisten azken hilabeteetako oldarraldiak gutxienez 79.000 pertsona zauritu dituela.

Al Jazeera eta Al Mayadeen hedabideen arabera 33 ospitale eta 55 osasun zentro suntsitu ditu Israelek urriaren 7tik. Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera, 500 mediku eta 138 erizain hil ditu armada sionistak. Ministerioaren hitzetan kopuru horiek agerian uzten dute Israelen “genozidiorako asmoa”, berariaz egin dielako eraso ospitale, medikuntza esparru eta anbulantziei, are larriagoa bilakatzeko Gazako egoera humanitarioa.

Rafah hirian adibidez, Medical Aid for Palestinians elkarteak salatu duenez, ospitale nagusia ebakuatzeko agindu zuen Israelek maiatzaren 8an, eta horrenbestez, Rafah-ko milioi bat pertsona utzi zituzten ondorengo osasun zerbitzuekin: 16 ohe dituen ospitale bat, traumak kudeatzeko beste oinarrizko ospitale bat eta erditzeak kudeatzen dituen ospitale bat.

Gazako Osasun Ministerioarekin batera. 35.173 pertsona hil ditu Israelek Gazan, 14.500 inguru haurrak

35.000 pertsonatik gora hil ditu Israelek zazpi hilabetean

Urriaren 7az geroztik hildako eta zauritutakoen kopuru ofizialak eguneratu ditu Al Jazeerak, Gazako Osasun Ministerioarekin batera. 35.173 pertsona hil ditu Israelek Gazan, 14.500 inguru haurrak. Zisjordanian ere eraso ugari egin ditu hilabeteotan, nahiz eta bertatik ez zen erasorik burutu eta herrialdearen zati horretan ez duen Hamasek agintzen. Urritik hona 498 palestinar hil dituzte Zisjordanian, 124 haur barne, eta 4.950 pertsona zauritu dituzte gutxienez.

Azken egunetan Israelgo agintariek zalantzan jarri dituzte Osasun Ministerioaren kopuruak, eta manipulazioa egotzi diete palestinarrei. Horren aurrean, Munduko Osasun Erakundeak esan du kopuruak fidatzekoak direla eta ez dagoela akatsik. Farhan Haq NBEren bozeramaileak adierazi du 35.000 hildakoetatik ia 25.000 identifikatuak daudela guztiz, eta beste 10.000 gorpu identifikatzeko lanean ari direla. Aurrerago zehaztuko dituzte azken horien inguruko datuak, zenbat diren haurrak, esaterako.

Rafah osoa mendean hartzen ari da armada sionista. Ekialdea ebakuatzeko agindu zuten joan den maiatzaren 7an, eta hiriaren mendebaldean ere sartu dira jadanik Israelgo tankeak

Gazako Zerrenda osoa erasopean

Rafah osoa mendean hartzen ari da armada sionista. Ekialdea ebakuatzeko agindu zuten joan den maiatzaren 7an, eta hiriaren mendebaldean ere sartu dira jadanik Israelgo tankeak. UNRWAren datuen arabera, 300.000 pertsona izan dira behartuak Rafah-tik irtetera, bonbardaketa eta erasoen ondorioz. Hala ere, ohartarazi dute Gazako Zerrenda osoan “ez dagoela leku segururik”. UNICEFek adierazi du 600.000 haurrek ezin dutela Rafah-tik atera. 1,4 milioi pertsonak zuten Rafah babesleku gisa hartua, iparraldeko zonaldeetatik kanporatuak izan ondoren. Orain, Israelgo agintariek berriz ere iparraldera joatera behartu nahi dituzte.

Baina Gaza iparraldea ere erasotzen ari dira sionistak. Hedabide ugarik jakinarazi dutenez, azken egunetan Israelgo Armadaren tankeak sartu dira Jabaliako errefuxiatu esparruan, eta hamarnaka pertsona hil dituzte. Jabaliatik are iparralderago ere, Beit Lahiako zonaldean, bonbardaketak egin ditu Israelek, eta haur ugari zauritu ditu. Hildakoak ere eragin dituzte, Al Jazeeraren arabera. Gaza erdialdeko Nuseirat errefuxiatu eremua ere eraso dute sionistek asteartean, eta gutxienez hogei pertsona hil dituzte bertan. Israelgo Armadak berak onartu du azken 24 orduetan 120 “helburu militarri” egin diela eraso.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
Tortura sistematikoa salatu dute Israelen atxiloketa eremu batean

Presoak lotuak dituzte etengabe, pixoihalak jantzita eta jipoiak jasotzen. Hamaseko kideak diren susmopean ehunka pertsona bahituak dituzte sionistek, The Guardianen iturrien arabera.


2024-05-27 | ARGIA
Israelen "sarraski ankerra" Rafahko iheslarien kanpaleku batean, gutxienez 45 palestinar hilak

Astelehen goizaldean egin du erasoa Israelek, eta kanpin-dendez osatutako Nazio Batuen errefuxiatuentzako guneak su hartu du. Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak adierazi du hamarnaka gazatar hildako eta zauritu jaso dituztela eta Gazan ez dagoela "toki... [+]


Hamasek suziriak bota ditu Tel Aviven aurka, sei hilabetetan lehen aldiz

Sirenak entzun dira Tel Aviv eta Israelgo beste hiri batzuetan. Sionisten aire defentsarako sistemak jaurtigai gehienak geldiarazi ditu, baina zauritu bat izan da gutxienez, Israelgo iturrien arabera. Armada sionistak Rafah bonbardatzen jarraitu du Nazioarteko Justizia... [+]


Nazioarteko Justizia Auzitegiak Rafah-ko oldarraldia eteteko agindu dio Israeli

Rafah eta Egipto arteko igarobidea irekitzeko ere agindu dio, laguntza humanitarioa sartu dadin. NBEko ikertzaileei sarbidea bermatu beharko die, eta hilabeteko epean epaitegira itzuli beharko du Israelek. Adituen arabera, sionistek ez dute agindua beteko.


Eguneraketa berriak daude