G7

JARRAIPENA | G7-ko atxilotuei babesa emateko mobilizazioek Gasteizen dute segida

Zuzeneko jarraipena
  • Abuztuaren 24tik 26ra Biarritzen G7 goi bilera egingo dute, eta 19tik 23ra alternatibak ikustarazten saiatuko dira, eta asteburuan protestak deituta daude. Jarraipena egiten ari gara.

Asteazkenean ehundaka lagun bildu dira atxilotuei sostengua emateko. Irudian, Donostiako manifestazioa (arg: G7 Ez plataforma)

2019ko abuztuaren 26an - 15:16
Gakoak
G7ko "zerrenda beltzen" berri ba ote duen galdetu dio EH Bilduk Sánchezen gobernuari

G7 Ez plataformak deituta, kontzentrazioa egingo dute abuztuaren 30ean Gasteizen, gailurrean agerian geratu bezala "zerrenda beltzak" daudela salatzeko. EH Bilduk azalpenak eskatu ditu Espainiako Kongresuan.

 

G7ko atxilotuak askatzeko deialdiak gaur Donostian, Iruñean eta Bilbon

G7an atxilotuta dauden herritarrak askatzeko manifestazioa deitua dago gaur Donostian, 19:00etan Boulevardetik.

Bilbon elkarretaratzea deitudute Frantziako Kontsulatuaren aurrean.

Iruñean ere elkarretaratzea deitu dute Nabarrerian 20:00etan.

G7ko kontra-gailurrean atxilotuak askatzeko exijituz elkarretaratzeak egin dituzte astelehenean

Astelehenean elkarretaratzeak egin dituzte G7aren kontra-gailurrean atxilotutako norbanakoak askatzeko exijituz, besteak beste Irun, Donostia, Larrabetzu edo Markina-Xemeinen. Kontra-gailurreak iraun bitartean eman diren eskubideen urraketak eta eremuaren militarizazioa ere salatu dituzte.

Cristophe Castaner Frantziako Barne ministroak emandako informazioaren arabera, 164 izan dira mobilizazioetan poliziak atxiki eta identifikatutako pertsonak. Sare Antifaxistak emandako datuen arabera, atxilotuak 104 izan dira: 85 ostirala eta larunbata bitartean, eta 19 igandean. Komite Internazionalistak adierazi duenez, horietatik bost espetxeratuak izan dira. Horrez gain, bi pertsona herrialdetik kanporatu dituzte.

Joseba ALvarez G7 Ez plataformako eta Sortuko kidea ere atxilo eraman zuten larunbatetik iganderako goizaldean, poliziak errepide kontrol batean geratu eta gero. Goi-bilera burutu bitartean Ipar Euskal Herrira sarrera ukatua zuela jakinarazi zioten. Alvarezek ez zuen ordurarte debekuaren berririk izan. Poliziak "halakoetan Frantzian egoteko eskubiderik ez dugun euskaldunen" zerrenda bat zuela jakinarazi zuen aske geratu zenean. Zerrendak 500 bat pertsona barnebiltzen ditu, adieraztitakoaren arabera.

Atxilotuak askatzea exijitzeko elkarretaratzea Irungo Mosku plazan (Argazkia: France Bleu Pays Basque)

 

Zazpi puntuko aldarrikapena, G7ko agintarientzat

Biarritzeko Ozeano Hirian prentsaurrekoa eman zuten astelehenean, goi bileraren eta kontra-gailurraren azken egunean, G7 EZ eta Alternatives G7 plataformek. Bertan, zazpi puntuko aldarrikapen gutuna irakurri zuten, zeinak hizpide zituen klima larrialdia, merkataritza, "nazioarteko erregulazio demokratikoaren beharren aurrean" egin beharrekoak, patriarkatua, guden areagotzea,  "dumping-a eta zerga ihesa" eta "multinazionalen hegemonia". Guzti horren aurrean, beste mundu bat posible dela aldarrikatu zuten.

Prentsaurrekoaren ostean, Biarritzera bidea hartu zuten 40 lagunek, "G7 ez, alternatiba bai" lelopean egindako manifestazioan. Beren helburua Biarritz erdialdera heltzea zen, agintariei zazpi puntuko gutuna helarazteko. Bidean, baina, poliziarekin topo egon eta aurrera egin ezinik geratu ziren. Zazpi minutuko eserialdia egin zuten, gutunak barnebiltzen zituen zazpi proposamenak irudikatzeko. Poliziaren aurrean irakurri zituzten aldarrikapenak Aurelie Trouve, Itziar Fernandez eta Eñaut Aramendik. Azkenean, idatzia polizia operazioaren arduradun batek hartu zuen.

Manifestariak eserialdian (Argazkia: G7 EZ plataforma)

 

Biarritzera bidea hartu du manifestari talde batek

Euskal Irratiak adierazi dutenez, 40 bat pertsonak hartu dute Biarritzera bidea astelehen goizean. G7 EZ eta Alternatives G7 plataformek Biarritzen bertan egindako prentsaurrekoaren ostean abiatu da jendea hiri erdialderantz. Bidean poliziarekin topo egin eta aurrera egin ezinik geratu direnez, eserialdia egin dute.

 

Bertan irakurri dute beren manifestua plataformetako kideek, eta azken egunetan izandako ehundaka atxiloketak salatu dituzte.

 

 

Atxilotuak askatzeko Baionako elkarretaratzea poliziak zapuztu du
Poliziaren hesiak itxi du Baionako herriko etxe aurreko zubia. Zubiaren alde honetan ekintzaile bakanak ausartu dira bertan paratu eta oihuak jaurtitzen. Argazkia @eeizagirre.

Igandean 17:00etan Baionako herriko etxearen aurrean biltzeko deialdia zabaldu da sare sozialetan. Sare Antifaxistak eta Ernai mugimenduek bat egin dute deialdiarekin. Ordu horretarako herriko etxearen ataria polizien furgonetek hartua dute erabat, aurreko zubia hesiz itxi dute poliziek eta ondoko kaleko zubi osoa hartzen du polizien furgonen ilarak.

Herriko etxearen alboko zubia poliziaren furgona ilarak hartzen du osorik. Argazkia @eeizagirre.
Baionako herriko etxeko elkarretaratzera lehena iristen polizia izan da. Argazkia @eeizagirre
Poliziak herriko etxearen aurreko zubia itxi du elkarretaratze ordurako. Argazkia @eeizagirre.

Herriko etxearen inguruko kaleetan 50-100 herritar bildu dira (50 Euskal Irratiek kalkulatu duten zifra, 100 Berriak kalkulatu duena) baina poliziaren okupazioaren aurrean isiltasuna nagusitu da.

Herriko etxearen inguruko kaleetan jendea bildu da. Argazkia: @euskalirratiak.
Argazkia @eeizagirre.

 

 

Ehundik gora atxilotuak askatzeko eskatu dute Hendaian egindako manifestazioan
Hendaian egindako manifestazioa. Argazkia @Ekinklik.

Ostiraletik larunbatera bitartean 85 pertsona atxilotu zituen Frantziako poliziak eta igandean 19. Igande arratsaldean manifestazio inprobisatua egin dute ehunka herritarrek Hendaiako kaleetan, G7aren aurka egoteagatik atxilotu dituztenen askatasuna eskatzeko. Hendaiako polizia etxearen aurretik ere pasatu da manifestazioa.

Ahotsa.info-k jaso du bideoz:

Jaka Horien Bidarteko deialdian 80 pertsona atxiki ditu poliziak inolako mobilizaziorik egiterako

14:00etan Bidarteko merkatalgunean biltzeko deia egin dute Jaka Horiek. Ordubete lehenago ingurua kaleko jantzitako poliziaz eta polizia furgonez, helikopteroz eta motoz josia zen.

Deialdiaren ordua iritsitakoan, bertaratutako lehen 30 herritarrak atxiki ditu poliziak merkatal gunearen aparkalekuan, 20tik gora furgonetekin hesia eginik. Deialdira beranduago batu diren herritar multzo txiki batek eta kazetariek eginiko galderei, hauxe jakinarazi die poliziak: "Hor sartzen dena ez da aterako, eta kazetaririk ez da ez sartu ez aterako".

Bizkarzainak dituzten kazetari gutxi batzuk badira tartean. Hauek bai, hauek badute sarbidea polizia hesia gainditu eta atxikita dauden jaka horiengana iristeko.

Kazetaria atzean bi bizkartzain dituela. Hauek bai, nahieran ibiltzeko aukera izan dute poliziaren hesiaz gaindi. Gainerako kazetariek ez. Argazkia @eeizagirre

Atxikitako bigarren multzoa: herritarrak eta kazetariak

Herritarrak zain geratu dira atxikita dauden jaka horiak furgonetan eraman arte nolabaiteko babesa eskaintzeko, eta kazetariak, azken irudi horiek hartzeko.

Ezustean, poliziak inguratu egin ditu elkartasunez bertan begira dauden herritarrak eta kazetariak. Hauek erabat harrituta erantzun dute, ez dute ulertzen zer gertatzen ari den. Txoko batean atxiki dituzte.

Elkartasunez begira zeuden herritarrak eta kazetariak atxiki dituzten unea. Argazkia: @eeizagirre
Atxikitako bigarren multzo hau bazter batera eramango dute. Argazkia: @eeizagirre

Sarekada horrek harrapatu ez dituen kazetari eta herritarrak, errepideaz bestalde dagoen beste supermerkatu baten aparkalekuan eta honen ondoan dagoen koxkan jarri dira, begira. Konturatzerako, aparkaleku hori kalekoz jantzitako poliziaz josita dago. Naranja bizi koloreko pultsera bana daramate polizia kamuflatu hauek, "polizia" hitza jartzen duena, baita "polizia burua" ere, karguaren arabera.

Atxikitako hirugarren multzoa: kazetariak

Kalekoz jantzitako polizia talde honek isilik eta azkar jo du koxkara igota dauden kazetariengana. Tartean daude ARGIAko kazetari Lander Arbelaitz, Amaia Lekunberri eta Eneritz Arzallus eta Hibai Arbide. Kazetari multzo honi NAN-a eskatu diete, eta ondoren ordura arte atxikita dauzkaten denengana eraman dituzte, atxikitako jaka horiekin, babesa adierazten ari ziren herritarrekin eta kazetariekin batera.

ARGIAko kazetari Lander Arbelaitz eta Amaia Lekunberri eta Hibai Arbide identifitu dituzten unea. Argazkia: Dani Blanco.
Atxiki dituzten unea. Tartean, ezkerrean Eneritz Arzallus ARGIAko kazetaria. Argazkia: Mikel Olabide.
Eskua luzatuz txartela eskatzen ari diren kaleko jantzitako poliziek pultsera laranja bizi bat daramate.

Bi ordu edukiko dituzte denak bertan. 80 inguru pertsona dira. Bero egiten du, eta jaka horiek ez diete poliziaren esanei jaramon egiten.

Ondoren aske utziko dituzte. Ordea, atxikialdi horretan zehar erabat arbitrarioki pertsona batzuek besteengandik bereizi eta komisaldegira eraman dituzte. Adibiderako, bikote nafar baten kasua: kideetako bat ARGIAko kazetariekin batera atxikita eduki dute bi orduz, eta bere bikotekidea ez duela ikusten jabetu da. Orduetara jakingo du Hendaiako komisaldegian dagoela.

Inguruko kaleetan kontrol zorrotza

Poliziak eginiko hiru atzemate hauetatik libratu diren ARGIAko lau kazetarik autoa hartu eta errepidean gora egin dute, beste autoak aparkaturik dituzten lekura. Berehala inguratu ditu polizien moto ilara luzeak, eta kontrol zorrotza pasatu diete.

Angelun "Ortzadarra" ekimena bertan behera geratu dela jakinarazi du G7Ez plataformak
Argazkia @G7ezplataforma

Kontragailurraren programazioa zabaldu zenean Ortzadarra ekimena zazpi herritan egitera deitu zuen G7 Ez plataformak. 12:00-16:00 bitartean plaza publikoa herritarrek okupatzea zen asmoa, G7ren aurka zeudela adierazteko eta segurtasunaren izenean indar polizialez eta debekuz jositako eremuan herritarren eskubide zibil eta kolektiboak aldarrikatzeko.

Ondoren lau herrietan egitera deitu zuen, indarrak batzeko eta poliziaren gehiegizko presentziari aurre egiteko. Abuztuaren 24 gauean zabaldu zuen deia herri bakarrean biltzekoa, Angelun hain zuzen.

Angelun ez zen Ortzadarra ekimena egin, prentsaurreko bat baizik. Hemen adierazi zutena:

Herriko etxeetatik lapurtutako Macronen potretak Baionako kaleetan desfilatu dituzte ekintzaileek

Bizi!-k eta Anv-Cop21 mugimenduek deituta "Potreten Martxa" egin dute 900 pertsonek Baiona ttipiko kaleetan. Otsailean hasi zuten ekimenak Frantziako estatuko herriko etxeetatik Macronen 125 erretratu erauztea zuen helburu, 125. egunean gainditu baitzituen Frantziak COP21 gailurrean adostutako mugak. Helburuak gaindituta, 128. potreta eraitsi zuten G7 gailurraren bezperan Irisarriko herriko etxetik.

Baiona ttipiko kaleak hainbat aldiz inguratuz manifestazioa egin zuten, tartean zihoazelarik ebatsitako erretratu "ofizialak", eta herritarrek paperean bilduta eraman zituzten beste koadro batzuek, hauek lemaz eta aldarrikapenez beteta. Horrela bermatu zuten koadroen arteko nahasmendua sortzea, poliziak herriko etxeetatik kenduak izan diren Macronen erretratuak atzeman ez zitzan.

Potreten Martxan etengabekoak izan ziren kantu eta oihuak, "non dago Macron?" galdeginaz, hitz politak utzi eta klimaren aldeko neurri eraginkorrak martxan jartzeko eskatuz, baita antikapitalismoaren aldekoak ere.

Macronen potreta denak batu ziren martxari amaiera emateko:

Hedabidez gainezka zegoen prentsaurrekoan aurkeztu zituzten herriko etxeetatik ebatsitako zein koadro zeuden bertan. Ekimenaren zentzua azaldu zuten, eta horregatik jasaten ari diren errepresioa salatu zuten (epaiketak dituzte zain talde lapurreta egotzita).

Susan Georgek mezu hau igorri zion Macroni: "Presidente jauna, ez badiozue klima larrialdiari eusten, krimena egungo duzue zuk eta G7ko zure lagunek"

Potretak berriz paperean bildu eta Baionako hiru zubietan barreiatuz bukatu zuten ekintza aktibistek, herriko etxeetako koadroak beren ezkutalekuetara itzuliz. Frantziako estatuan erreferente diren pertsona askoren babesa jaso duen ekimen honen bultzatzaileek adierazi dute herriko etxeetako potretak itzuliko dituztela Macronen gobernuak klima aldaketaren aurrean neurri eraginkorrak plantan ezartzen dituenean eta beraz, potretak itzultzea Macronen esku dagoela.

Joseba Alvarez ezker abertzaleko eta G7EZ plataformako kidea atxilotu dute

Goizaleko 3:00ak inguruan Joseba Alvarez atxilotu du Frantziako Poliziak Urruña inguruko kontrol batean. ARGIAari jakinarazi diotenez, kanpaldi inguruan istiluak hasi zirela jakin zuten eta Biarritzetik bertara abiatu ziren.

Poliziak errepidean gerarazi zuen eta unean bertan esan zioten Frantziako Estatuan sartzeko debekua duela uztailaren 29tik abuztuaren 29ra, G7ren aurkako mobilizazioak antolatzeagatik. Berak poliziei adierazi zien ez zuela horren berririk eta egunak zeramatzala Ipar Euskal Herrian, gainera autoritateekin eta polizien mandoekin harremanetan inolako arazorik gabe. Atxilotuta eraman dute Hendaiako komisaldegira.

12:00ak aldera aske utzi dute Behobian

G7 Ez plataformako kidea eguerdian utzi du libre poliziak Behobian.

Istilu gogorrak kanpaleku inguruan

Istiluak izan dira G7ren aurkako kanpalekuaren inguruan. "Ostiak eta molotov koktelak kanpaleku inguruan", mezua jaso dugu.

Baionako istiluen bideo-laburpena

Irudiak eta edizioa Eneritz Arzallusen eskutik.

Baionako manifestazioko argazkiak

Dani Blanco eta Mikel Olabideren argazkiak.

 

Istiluak Baionan poliziaren eta G7aren aurkako manifestarien artean

Baiona Ttipian zehar arratsaldean manifestazioa egin dute G7aren aurka. Poliziak ur tanketak eta gas negar-eragileak bota ditu.

Zubi denak bi aldetatik poliziak zainduta izan ditu egun osoan zehar, eta manifestazioa hasi denerako hesiez itxita zituzten poliziek. Manifestariek hesiak kolpatu dituzte:

Gasa bota du poliziak manifestarien aurka behin baino gehiagotan:

Polizia bat-batean atera da gotortuta duten zubitik eta manifestari bat lurrean atxikita eduki ondoren atxilotuta eraman du.

Manifestazio jendetsua Hendaiatik Irunera, kontragailurraren biharamunean

6.000 pertsona inguru eta mugimendu zein eragile sozial anitz batu dituen kontragailurraren biharamunean, G7aren aurkako manifestazioak Hendaiako portutik Irunerako ibilbidea egin du. Kontragailurrean bezala, anitza izan da parte hartzaileei dagokienez, baina mezuak bateratu ditu denak: G7aren eta bere munduaren alternatibak posible direla.

 

 

10.000 pertsona inguruk parte hartu du mobilizazioan. 

Amaieran Eñaut Aramendik, Aurelie Trouvek eta Anabel Sanzek hartu dute hitza, eremu zehazteko eta sakontasun handiagoko aliantzak eraikitzeko garaia dela adieraziz, etorkizunera begira erabakigarriak izango direla iritzirik. "Kontragailur honen bidez gizadia larriki kaltetzen ari den sistema kapitalistari erresistentzia egitea posible dela eralutsi dugu. Posiblea da lurraldeetatik eta jende-kolektiboetatik abiatuz alternatibak garatzea", adierazi dute.

Frantziako Poliziak hamabi pertsona atxilotu ditu Urruñako protestan

Ostiral arratsaldean Urruñan burutu duten protestan hamabi pertsona atxilotu ditu Polizia Frantzesak. Autobidea moztu asmoz, 200 pertsonatik gora protestan abiatu dira Urruñatik.

Naizek jakinarazi duenez, mobilizazioan zioan jendea "jatorri eta ideologia ezberdinetakoa" zen eta akanpalekutik zetorren. Antza denez, gaur goizean asanbladan erabaki dute protesta burutzea.

 

Asteburuko mobilizazioetan era baketsuan parte hartzera deituz itxi dute kontragailurra

Iritsi da amaierara G7aren kontragailurra. Argazki erraldoia ateraaz itxi dute hiru eguneko egitaraua. Hitzaldiak atzean utzita, mobilizazioek hartuko dute tokia hurrengo egunotan. Ficoba atzean utzi aurretik, larunbatean eta igandean deitutako mobilizazioetan "pazifikoki" parte hartzera dei egin dute.

 

Ekintzaile bat pistolaz apuntatu du Frantziako polizia batek

Kontragailurreko ekintzaile bat pistolaz apuntatu du Frantziako Poliziako agente batek. Ekintzailea furgoneta batean zioan bigarren lagun batekin, goi bileraren kontrako mezu parea bistan zeramatzatela. Mezuetako batek Biarritz kontzentrazio esparru bilakatu dutela zioen, eta besteak "Frantziaren handitasuna" non dagoen galdetzen zion Macroni.

Berriak gertakaria jasotzen duen bideoa igo du sarera, eta bertan ikusi daitekeenez bi ekintzaileek jarrera baketsua mantendu dute.

 

Bi gazte atxilotu ditu Frantziako poliziak Urruñan G7aren aurkako protesta batean

200 lagunetik gora batu dira Urruña kanpoaldeko errepidean manifestatzeko, baina poliziak bidea moztu die. #G7

 

 

Monsantoren aurkako ekintza bateratua bere fabrikaren sarreran

G7aren goi bilera hasi aurreko egunean, Monsantoren fabrikaren sarrera blokeatu dute hainbat eragilek: Attac, Amis de la Terre, Bizi, ELB eta LAB.

<
Uruguayko Filtroko sarraskia oroitu dute

Filtroko sarraskia gogoan Kanekan. Gertakariaren 25. urteurrenean ekitaldi internazionalista burutu dute. Lore eskaintzarekin amaitu da.

G7EZ plataformak lasaitasun mezua eta manifestazioan parte hartzeko dei egin du

G7EZ plataformako kideek salatu dute estatuek eta hedabideek zabaldu dituzten beldu mezuak eta horren gainetik, larunbatean Hendaia eta Irun batuko dituen manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute. Ahotsa.info-k egin du bideoa.

Irisarriko herriko etxetik Macronen argazkia erauzi dute Bizi! eta Anv-Cop21 mugimenduek
Irisarriko herriko etxetik Macronen potreta kentzen. Argazkia: @bizimugi
Irisarriko herriko etxearen aurrean atera berri duten Macronen potreta erakusten. Argazkia: @bizimugi

Igandean 10:00etan Baionan potreten martxan parte hartzeko dei egin dute.

Badakizu dagoeneko 128 herriko etxeetako potretak daudela ezkutatuta? Zergatik jarri zuten helburu 125 potreta erauztea?

Artikulu honetan bildu dugu otsailetik Frantziako estatuan mugimendu ekologista egiten ari den ekimen honen berri.

 

Iratze tartean ere Guardia Zibila aurki dezakezu

Irudi xelebreak ere uzten ari da G7aren inguruan antolatu den "segurtasun" dispositiboa. Ostegunean, tematika polizialak lantzen dituen Maria Relaño TVEko kazetariak Twitterren argitaratutako argazkiak, adibidez. Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren 3.000 agente baino gehiago mobilizatu dituzte G7aren harira eta Lapurditik gertuko mendietan ere badabiltza. Asteburuan inguru horietan mendi-txangoa egitekoa bazara, kasu eman, agian iratze tartean Guardia Zibilen bat dago eta.

 

Ostegun gauean "kontzertu basatia" eman dute Uztaritzen Frantziako militarrei loa zailtzeko

Ostegun gauerdian Uztaritzeko lizeoaren ondoan 15 minutuz egin dute kontzertua. Bideoz jaso du Lander Arbelaitz kazetariak.

 

Eta bideo hau grabatu eta editatu du Eneritz Arzallusek:

Kanpalekuan 2.000 lagun

G7aren aurka Urruñan antolatutako kanpalekua eremu ugaritan banatuta dago. Antolakuntzak adierazi du 2.000 lagun inguru daudela bertan lotan.

 

350 surfista itsasoratu dira Getarin G7ko herrialdeek ozeanoak kutsatzen dituztela salatuz

Surfrider Fundazioak eta Bizi! mugimenduak deituta, "Itsasoaren alde arraun" ekimena egin zuten abuztuaren 22 iluntzean: 350 surfista itsasoratu ziren Getarin, klima aldaketaren aurrean ekiteko eta itsasoak errespetatzeko eskatuz.

Oholetan idatzita eraman zituzten hainbatek mezuak.

Hemen itsasoratzeko unea eta itsasoan osatu zuten lerroa:

 

 @Leto_Tix-ek bere txioan jaso zuen Bizi! mugimenduko kideak eta Surfrider Fundaziokoak surf ohiturak aldatu beharraz emandako mezua: "Surfistok izugarri maite dugu surfa egiteko munduaren beste aldera joatea, baina ohiturak aldatu behar ditugu. Hemen ere baditugu olatu ederrak hartzeko".

Heteropatriarkatuaren aurkako manifestazio ez-mistoa Hendaiako kaleetan
Topaturen bideoa: ostegunaren kronika Gazte Gunean

Hendaiako Gazte Gunean "Mugak" izan da ostegunean landu duten gaia eta motxiladun umeen, Ongi Etorri Errefuxiatuaken, harrera sare eta proiektuen eta Altsasuko gazteetako arreba baten hitzaldiak izan dituzte bertan.

Sindikatuek Hendaiako Mc Donalds' aurrean hanburgesak banatu dituzte

LAB, CGT eta Solidaires sindikatuek, Hendaiako Mc Donalds' aurrean hanburgesak banatu dituzte eguerdian, prekarietatea salatu eta elikadura burujabetza aldarrikatzeko.

Ahotsa.info-k bideo eder honetan jaso du ekimena:

Euskal Irratiek zabaldutako bideoan ikusgai:

Argazkia @nicolasgreno.

 

Argazkia @LABsindikatua.

 

Kontragailuarren lehen egunaren laburpena iruditan

G7 Ez plataformak bideo labur bat paratu du, kontragailurraren lehen egunean bizi izandakoa irudikatzeko:

BIDEOA: ZADeko 'Ambazadatxoa' daraman zutabeak topo egin du gendarmeekin

Bretainiako ZAD guneko Ambazada etxola mitikoaren erreplika bizkarrean dutela manifestariak Hendaiaraino joan dira gaur goizean. Zutabeak gendarmeekin topo egitean aldarrikapenak eta kantuak indartu egin dira, hainbat bideiotan ikus daitekeenez:

Ekhi Erremundegi Berriako kazetariak azaldu duenez "jendetza" bildu da eta Kazeta.eus-eko Iurre Bidegainek bideoz jaso duenez, manifestazioaren martxak zirkulazioan eragin du jadanik:

Notre-Dames-Des-Landeseko erreplika akanpalekuan zeukaten eta Hendaian topaketa intergalaktikoetara daramate.

Defentsa Kolektiboa, G7ko atxilotuei laguntza juridikoa eskaintzeko
Hanburgon burututako G20aren goi bileraren kontra, jendea protestan, Polizia parez pare dutela (Argazkia: Montecruz Foto)

G7aren goi bilerak berarekin dakarren errepresioaren aurrean, autodefentsa juridikoa bultzatuko du kolektiboak. Egun osoz martxan izango den telefono zerbitzua ere prestatu dute.

Goi bileraren harira zorroztutako segurtasun neurriek eragingo duten atxiloketa andanari erantzun ahal izateko, hamaika abokatu, epaile eta prokuradore bideratu dituzte Baionako auzitegira, bertako prokuradore Samuel Vuelta Simonek adierazi duenez. Egoera hori izanik, “G7koen goi bilera garaiko salbuespenezko polizia eta justizia baliabideei aurre egiteko sortu gara”, adierazi du Defentsa Kolektiboak, Berriak jaso duenez. Astelehenean burutu ziren lehen atxiloketak, eta kolektiboak argi du: “Errepresioa jadanik hasia da”.

Prebentzioa eta oinarrizko babes juridikoa bermatzea dute xede Defentsa Kolektiborako taldeek. Duela pare bat hamarkada sortu ziren, eta militanteek osatzen dituzte. Legal Team izenez ere ezagutu ohi dira. Estatuaren justizian sinisten ez dutenez, autodefentsa juridikoa bultzatu eta defentsa kolektiboaren aldeko apustua egiten dute.

Autodefentsarako oinarrizko ezagutza hedatzea xede

Goi bileraren bueltan antolatuko diren norbanakoei oinarrizko ezagutza helaraztea bilatzen dute. Helburu horri jarraituz, poliziak eta justiziak nola funtzionatzen duten azaldu eta autodefentsa juridikoa sustatzen duten esku orriak banatuko dituzte. Aholkuak eta informazioa zabaldu dituzte: norbere egoera pertsonala frogatzen duten agirien bidez ordezkaritza bermeak prestatzearen garrantzia azpimarratu dute, eta abokatu baten kontaktua izatea gomendatu.

Atxilotua izanez gero kontutan izan beharrekoak ere zehaztu dituzte: legeak agintzen duen eran izen-abizenak eta helbidea ematea beharrezkoa da, baina hortik aurrera “ez dut esatekorik” errepikatzeko gomendatu dute. Delitua bada ere, DNA eta hatz markei uko egitea ere aholkatu dute, aurrera begira legeari kasu egitea arriskutsuagoa izan daitekeelakoan. Atxiloaldiaren bukaeran berehalako auzira bideratuak izanez gero, epe luzeagoa eskatzea gomendatu dute. Izan ere, Berriari azaldu diotenez diotenez, “berehalako prozedura bat da, ez du defentsa ongi prestatzeko ahala ematen, eta, usu, zigorrak bortitzak dira”.

Bestalde, egun osoz funtzionamenduan egongo diren telefono zenbakiak ere prestatu ditu aholkularitza juridikorako taldeak. (0033) 603-00 90 14 eta (0034) 943-09 06 30 telefono zenbakietan arreta eskainiko da. Kideren bat galdu duenak, edo atxiloketa zein polizia indarkeriaren testigu denak, bertara dei dezake.

Diru bilketa

Defentsa Kolektiboak elkartasuna du oinarri, eta hargatik diru bilketa abiatu dute, prozedura judizialek eragiten dituzten gastuei aurre egin ahal izateko.

G7ko herrialdeetan pobre eta aberatsen arteko aldea handituz doala adierazi du datutan Oxfam GKEak
G7ko herrialdeen barneko aberastasunaren banaketa 2018an nolakoa izan zen azaltzen du grafikoak. Urdinez daude herritar txiroenek metatzen duten herrialdearen aberastasunaren zatia, eta laranjaz herritar aberatsenek metatzen duten herrialdearen aberastasunaren puska. Grafikoa: Oxfam.

"Emmanuel Macron presidenteak adierazi du Biarritzeko G7ren goi bilera desberdintasunaren aurkako borrokan zentratuko dela. Baina desberdintasunaren krisia handituz doa G7ko herrialdeetan" azaldu du Oxfam GKEak zabaldu duen txostenak (hemen txosten osoa PDFan irakurgai, ingelesez).

Txostenak emandako datuen arabera, 1980ko hamarkadatik hazi egin da G7ko herrialdeetan diru-sarreretan herritarren artean egon den aldea. G7ko herrialdeetako %20 txiroenak lanagatik jasotako diru-sarreren %5 soilik jasotzen du, aldiz, %20 aberatsenak %45 jasotzen du. Japon eta Kanadan izan ezik, aberatsenen eta pobreenen arteko aldea hazi egin da 2004tik, batez ere Erresuma Batuan eta Italian.

G7ko herrialdeek belaunaldien arteko mugikortasun txikia dute: Frantzian eta Alemanian sei belaunaldi iragan daitezke (150 urtetik gora), familia pobreetan jaiotako pertsonek beren herrialdeko bataz-besteko diru-sarrerak lortzeko; Italian, Erresuma Batuan eta Amerikako Estatu Batuetan bost belaunaldi; lau belaunaldi Kanadan eta Japonen.

Munduko aberastasunaren banaketan (hau da, aktiboen jabetzan) ere aldea haziz doa. Munduko aberastasunaren erdia baino gehiago G7ko herrialdeetan bizi diren pertsonen esku dago.

"G7aren politikaren ondorio"

Oxfamek bere txostenean salatu du G7aren erabaki politikoen ondorio dela desberdinkeria egoera hau. Zazpi "bekatu kapital" zerrendatu ditu:

1. Politika bahituta dutela korporazio handien presioek.
2. Aberatsen zergei murrizketak egiten dizkietela.
3. Gastu soziala murriztu dutela.
4. Akziodunak lehenesten dituztela langileen kaltetan.
5. Planeta erretzen ari direla.
6. Emakumeen bizkar burutzen diren ekonomiak elikatzen dituztela.
7. Egindako promesak ez dituztela betetzen.

G7ak desberdintasunaren aurka egin nahi badu, Biarritzen urratsak ematen hasteko aukera dutela seinalatuz amaitzen du txostena Oxfamek, eta goi bilerarako gai hauek iradokitzen dizkie:

1. Plan eta epe zehatzak ezartzea.
2.-Pertsona eta korporazio aberatsenek dagozkien zergak ordaintzen dituztela ziurtatzea.
3. Zerbitzu publikoetan inbertsioa handitzea, batez ere, osasunean, hezkuntzan eta babes sozialean. "G7ak utzi behar dio zerbitzu publikoak pribatizatzen laguntzeari".
4. Irabaziak akzionisten eta langileen artean orekatuago banatzea sustatzea. Enpresa sozialak babestu.
5. Justizia klimatikoarentzako neurri zehatzak hartu.
6. Generoaren arabera ekonomian sortzen den desberdinkeriaren gaiari erantzun.

Gazte Gunea martxan da asteazkenetik ostiralera Hendaiako ikastolan

Topatuk lehen eguneko kronika bildu du bideoan.

Hiru egunetarako egitaraua prest dute:

 

2.000 lagunek hartu dute parte Kontragailurraren lehen eguneko hitzaldietan

Arrakasta izan du lehen egunean G7aren Kontragailurrak eta areto guztiak bete direla zabaldu du Angula Berria webguneak.

Zifra batzuk ere eman ditu: denera 2.000 lagun elkartu dira hasierako hitzaldietan eta akanpadan mila lagunetik gora daude oraingoz. Horrez gain, hedabideetako 250 profesional inguru gerturatu dira.

Mugak Zabalduz plataformaren lekukotza Iruñetik autobusa antolatuta

Ahotsa.info-k bideoa egin du Iruñetik joan den autobusa dela eta. Frantziako eta Espainiako poliziek bertako kide guztiak identifikatu dituzte Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan jarritako kontroletan.

<< <
1 2
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: G7
2021-10-27 | Leire Artola Arin
Herrialde pobretuei hitzemandako COVID-19aren txertoen %14 soilik helarazi zaie

Nazioarteko 70 erakundetik gora biltzen dituen People Vaccine’s Alliance koalizioak aurkeztutako txostenak dio herrialde pobretuetako herritarren %1,3k jaso duela txertoaren dosi guztiak. Errudun jo ditu farmazeutikak eta herrialde aberastuenak, txertoak pilatzeagatik.


2020-06-26 | Mikel Eizagirre
Zigor arina ezarri diote G7aren aurkako ekintzaile bat aurpegian zauritu zuen poliziari

90 egunez 15 euroko isuna ordaindu beharko du 2018ko abenduan Miarritzen Lola Villabriga gaztea aurpegian LBD jaurtigailu batekin zauritzeagatik.


Munduko 76 herrialde txiroenei kanpo-zorra urtebetez atzeratzea onartu dute G20ko estatuek

G7ko estatuek munduko 76 herrialde pobreenei kanpo-zorraren ordainketa atzeratzea onartu dute, diru hori koronabirusaren krisian erabili dezaten. Guztira 18.000 milioi euro dira atzeratu direnak. G20ko herrialdeek ere onartu dute atzerapena, eta ordainketa epea gehiago luzatu... [+]


2020-04-15 | ARGIA
Kanpo-zorraren ordainketa urtebetez atzeratuko diete 76 herrialde txiroenei

G7ak adostu du neurria, eta G-20ak berretsi behar du orain. Atzeratutako ordainketen diruarekin pandemiari aurre egiteko neurriak garatzea da asmoa. Atzeratzea baino, zorra barkatzea da hainbat eragilek eskatzen dutena.


Eguneraketa berriak daude