G7

Ertzaintzak ia 345.000 euro gastatu zituen G7ko agintarien goi-bilera babesteko operazioan

  • Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Elkarrekin Podemosi erantzunez, publiko egin ditu G7ko agintariek Biarritzen egin zuten bilerarekin lotuta EAEko Gobernuak egindako gastu polizialak. 344.000 baino gehiago kosta zitzaien Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrei goi-bilerako segurtasun dispositiboa.


2019ko azaroaren 27an - 09:31
Ertzaintzaren istiluetarako tanketa.

Ertzaintzak 344.918,13 euro gastatu zituen abuztuan Biarritzen egindako G7ko goi-bilerarekin lotu antolatu zuen operazio berezian. IUko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkari Iñigo Martinezek eskatuta Legebiltzarrera bidalitako informazio ofizialean agertzen diren datuak dira. Zenbaki hori partziala da, Ertzaintzari dagokiona, beste polizia indar batzuek ere parte hartu baitzuten dispositiboan.

Hego Euskal Herriko zatian, esaterako, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak beren gain hartu zuten muga-kontrolaren eta Frantziarekiko koordinazioaren zati handiena, Ertzaintza ordena publikoaz eta trafikoaz arduratzen zen bitartean.

Legebiltzarrera bidalitako informazio laburrean, Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Herediak honako hau zehaztu du: "Aipatu beharreko lehen alderdia da hedapenaren helburua zela Euskadiko segurtasun publikoaren arriskuei erantzutea, goi-bilera horren aurka iragarritako protestek sor zitzaketenak".

Bistan denez, Jendarmeriak eta Frantziako Poliziak gidatu zuten Donald Trump eta munduko beste buruzagi batzuk bildu zituen hitzorduaren blindajea, baina Espainiako Barne Ministerioa ez zen motz geratu: 2.810 agente mobilizatu zituen Gipuzkoa eta Lapurdi artera, kostaldea eta beste gune estrategiko batzuk kontrolatzeko.

Ertzaintzari dagokionez 344.918,13 euroko kostua eduki du munduko agintarien bisitak, egun horietan libre zeuden agenteak mobilizatu zituztelako, batetik; eta zehaztu gabeko "baliabide teknologikoak" ordaintzeko, bestetik. Nahiz eta publikoki iragarri 4.000 ertzain mobilizatuta egongo zirela egun horietan, lanean ari ziren polizia guztien kopurua izan zen hori azkenean, eta ez G7aren operatiboa indartzeko berariaz deitu zirenena, aparteko orduak ordaintzeko gastatutako kopuruak erakusten duen bezala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: G7
2021-10-27 | Leire Artola Arin
Herrialde pobretuei hitzemandako COVID-19aren txertoen %14 soilik helarazi zaie

Nazioarteko 70 erakundetik gora biltzen dituen People Vaccine’s Alliance koalizioak aurkeztutako txostenak dio herrialde pobretuetako herritarren %1,3k jaso duela txertoaren dosi guztiak. Errudun jo ditu farmazeutikak eta herrialde aberastuenak, txertoak pilatzeagatik.


2020-06-26 | Mikel Eizagirre
Zigor arina ezarri diote G7aren aurkako ekintzaile bat aurpegian zauritu zuen poliziari

90 egunez 15 euroko isuna ordaindu beharko du 2018ko abenduan Miarritzen Lola Villabriga gaztea aurpegian LBD jaurtigailu batekin zauritzeagatik.


Munduko 76 herrialde txiroenei kanpo-zorra urtebetez atzeratzea onartu dute G20ko estatuek

G7ko estatuek munduko 76 herrialde pobreenei kanpo-zorraren ordainketa atzeratzea onartu dute, diru hori koronabirusaren krisian erabili dezaten. Guztira 18.000 milioi euro dira atzeratu direnak. G20ko herrialdeek ere onartu dute atzerapena, eta ordainketa epea gehiago luzatu... [+]


2020-04-15 | ARGIA
Kanpo-zorraren ordainketa urtebetez atzeratuko diete 76 herrialde txiroenei

G7ak adostu du neurria, eta G-20ak berretsi behar du orain. Atzeratutako ordainketen diruarekin pandemiari aurre egiteko neurriak garatzea da asmoa. Atzeratzea baino, zorra barkatzea da hainbat eragilek eskatzen dutena.


Eguneraketa berriak daude