G7

G7ko atxilotuen lege prozeduretan akatsak daudela salatu du defentsak

  • Hamasei lagun epaitu zituzten ostiralean Baionan. Abenduaren 3an emango dute epaiaren berri.

Frantziako Polizia Urruñan atxiloketak burutzen
Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2019ko irailaren 24an - 08:19

Ostiralean epaitu zituzten Baionako Auzitegian G7koen bilerak iraun bitartean protestetan parte hartzeagatik auzipetu zituzten hamasei pertsona. Agorrilaren 23an Urruñako Erlaitzan (Lapurdi) egin zen manifestazioan eta agorrilaren 24ean Baiona Txikian izandako istiluetan atxilotu zituzten gehienak, eta atzo epailearen aurretik pasatu ziren.

Eguerdian, dozenaka pertsonak elkarretaratze bat egin zuten Baionako Auzitegiaren aitzinean. Bazkari bat partekatu zuten, eta Legal Teamak isunak eta abokatu gastuak ordaintzeko baliatuko du bildutako dirua.

G7koen bileraren garaian, hamar bat abokatu Legal Team taldearekin harremanetan aritu ziren. Horietariko zenbaitek defentsa kolektiboa egin zuten ostiralean, eta azpimarratu zuten bazeudela hainbat akats prozedura juridikoetan. Afera askotan polizia agiriek hutsak egin dituztela ere azpimarratu dute —data arazoak eta izenpetze faltak, besteak beste—. Akusatu batek baino gehiagok erran dute polizia indarkeria jasan zutela atxiloketetan: Urruñako Erlaitzan gelditu zuten gizon batek esan du betaurrekoak galdu zituela eta, Poliziak "nahita lehertu zituela". Abokatuak karguak kentzeko eskatu du.

Beste kasuetan ere eskubide urraketak egon dira: akusatuei aukeratutako abokatuak ukatu dizkiete, eta eskubideak beranduegi jakinarazi zaizkie atxiloaldi denboran. Berez, atxiloaldian sartu eta 45 minutura jakin behar du akusatuak zer eskubide dituen; batzuetan, hiru orduren buruan eman zizkieten.

Fiskaltzak dosierren baliogabetzeak onartu ez arren, gehienetan karguak kentzeko eskatu du. Eskari gorena 300 euroko isuna izan da. Hala ere, gazte batentzat zortzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du, aurrekariengatik. Hutsak direla-eta, abokatuek epaileari eskatu diote karguak kentzeko. Gainera, salatu dute eskubide urraketak izan direla. Antzekoa izan da gainontzeko auzipetuekin ere. Fiskalak ez ditu dosierrak baliogabetu, baina karguak kentzeko eskatu du, eta 150 eta 200 eurora arteko isunak galdegin ditu.

Auzia arlo politikoan

Defentsa kolektiboa egin duten abokatuek "inoiz ikusi gabeko prozedura akatsak" izan direla erran diote epaileari. Auzia politikoa dela ere adierazi dute. Esate baterako, auzipetuen abokatu batek gogor leporatu dio epaileari hilabeteak eman izana G7ak iraun bitartean izan zitezkeen atxiloketak nola kudeatu antolatzen: "Badira zenbait hilabete kondizionamendua jasaten duzuela G7koen bileraren garaian prest izateko. Bazirudien apokalipsia izango zela, eta ez da horrela gertatu". Beste abokatu batek fiskalari leporatu dio "demokraziatik at" aritzea: "Aurkari politikoak kargurik gabe atxilotzea posible ote da demokrazia batean?". Publikoa pozik agertu da abokatuek egindako lanarekin. Baionako Auzitegiak datorren abenduaren 3an emango ditu erabakiak.

Aste honetan, berriz, Baionako Auzitegiak beste sei pertsona epaituko ditu, abuztuaren 23an eta 24an izandako protestekin lotuak. Urrian eta abenduan ere segituko dute epaiketek. Joan den irailaren 9an, aldiz, Akizeko (Okzitania) auzitegiak bi pertsona kondenatu zituen. Sei hilabeteko kartzela zigorra bete beharko dute pintaketa batzuengatik, gibelapenarekin.

Epaiketaren ondoren, sustengu gaualdia egin zuten Baionako Epaixkan. Auzipetuen justizia gastuak pagatzeko balioko du bildutako sosak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: G7
2021-10-27 | Leire Artola Arin
Herrialde pobretuei hitzemandako COVID-19aren txertoen %14 soilik helarazi zaie

Nazioarteko 70 erakundetik gora biltzen dituen People Vaccine’s Alliance koalizioak aurkeztutako txostenak dio herrialde pobretuetako herritarren %1,3k jaso duela txertoaren dosi guztiak. Errudun jo ditu farmazeutikak eta herrialde aberastuenak, txertoak pilatzeagatik.


2020-06-26 | Mikel Eizagirre
Zigor arina ezarri diote G7aren aurkako ekintzaile bat aurpegian zauritu zuen poliziari

90 egunez 15 euroko isuna ordaindu beharko du 2018ko abenduan Miarritzen Lola Villabriga gaztea aurpegian LBD jaurtigailu batekin zauritzeagatik.


Munduko 76 herrialde txiroenei kanpo-zorra urtebetez atzeratzea onartu dute G20ko estatuek

G7ko estatuek munduko 76 herrialde pobreenei kanpo-zorraren ordainketa atzeratzea onartu dute, diru hori koronabirusaren krisian erabili dezaten. Guztira 18.000 milioi euro dira atzeratu direnak. G20ko herrialdeek ere onartu dute atzerapena, eta ordainketa epea gehiago luzatu... [+]


2020-04-15 | ARGIA
Kanpo-zorraren ordainketa urtebetez atzeratuko diete 76 herrialde txiroenei

G7ak adostu du neurria, eta G-20ak berretsi behar du orain. Atzeratutako ordainketen diruarekin pandemiari aurre egiteko neurriak garatzea da asmoa. Atzeratzea baino, zorra barkatzea da hainbat eragilek eskatzen dutena.


Eguneraketa berriak daude