ARGIA.eus

2020ko uztailaren 05a

G7 gailurraren sosa oihanera

  • G7 gailurrak eragin kutsaduraren parte bat konpentsatzeko, Hergarai ibarreko Sugarai kooperatiba diruz lagundua izanen da zuhaitzak landatzeko eta oihanak kudeatzeko

Ipar Euskal Herriko Hitza @iehkohitza
2019ko urriaren 11
Albiste hau Ipar Euskal Herriko Hitzak argitaratu du eta egilearen baimenari esker ekarri dugu.

Karbono konpentsazioaren printzipioa sinplea da ulertzeko: kutsatzen duenak karbonoa birziklatzen duten xedeak diruz laguntzen ditu, usu oihanekin lotuak direnak, jakina baita zuhaitzek CO2a xurgatzen dutela. Berriago da, haatik, Frantziako Gobernuak plantan ezarri duen karbono apaleko labela, zeinak ziurtagiri bat ematen dion xede jakin bati finantzaketa horretaz baliatu ahal izateko. “Trantsizio ekologikoa laguntzen du lurralde eskalan, bertutezko jokabideak sariztatuz”, irakur daiteke Trantsizio Ekologiko eta Solidarioaren Ministerioaren webgunean. Frantziako Estatuaren labela ukan duen lehen xedea baxenabartarra da, Hergarai ibarreko Sugarai egur kooperatiba.

Labela ukan, eta “saria” fite jin zaie; G7 gailur bezperan, agorrilaren 24an, Hergarai ibarreko ordezkari batzuk Emmanuel Macronekin bildu ziren Biarritzen, Sugarairen proiektua aurkezteko. Azkenean, G7aren antolakuntzak, gailur denboran estatuburuek beren hegazkin eta abarrekin isuri karbonoaren parte bat konpentsatzeko, Mendiben dagoen kooperatiba lagunduko du zuhaitzak landatzeko, besteak beste.

Diru laguntza hiru xedetara bideratuko da: heldu den hilabetean hasiko dira baliatua ez den alor batean oihan bat sortzen; bestalde, andeatuak diren oihan edo landetan eta aspaldi oihan ziren eremuetan arbolak berriz landatuko dituzte; eta, azkenik, trinkoak edo kudeatuak ez diren oihanetan, txarra den guztia hortik aterako dute baliagarriak diren zuhaitzak pausatzen uzteko.

Logika txarra, laguntza ona

Karbono konpentsazioa ez da logika ona, Peio Harluxet Sugarai kooperatibako kudeatzailearen ustez: “Normalki, gobernuak behar luke inposatu kutsatzen duten enpresa eta ekinbideei beste aterabideak atzematea kutsadurarik ez sortzeko”. Hergarai Bizi elkarteak abiatu zuen bidean, oihangintzatik abiatuz energiarako egur salmentara, arras bestelako logika batean ari dira, haren erranetan: “Dena egiten dugu sail izugarri laburrean, oihana egin ahala ontsa kudeatuz; ez gaude konpentsazio logika horretan”.

Konpentsazioarena, batetik, eta G7 gailurreko sosak, bestetik. Debatea izan zen kooperatibaren partaide diren ehundik gora kideen artean, Harluxetek dioenez: “Jakinez sos hori nondik heldu den, onartu behar zenez edo ez. Baina prest gaude onartzeko, gure balioak ez baititugu galtzen; segituko dugu gure lanetan. Ordain bat balitz emateko, segur zen ez genuela diru hori onartuko”.

Lagundua izanen den xedea hiru hamarkadetan bederen bideragarri izanen diren oihan eremuetan kokatuko da, eta Sugaraik jakinarazi du epe horretan, bere kalkuluen arabera, 5.000 tona karbono “konpentsatuko” lituzkeela. G7 gailurreko antolakuntzaren diru laguntzaz gain, beste enpresa batzuen mezenasgoak ere lagunduko du kooperatiba, hala nola Adecco, La Poste, Sedepa eta Agour gasnategiak, karbono apaleko labela dela medio.

Sugaraik ukanen duen laguntza izan da ofizialki ezagutu den lehena, baina besterik ere izan daiteke. Oihan publikoak kudeatzen dituen ONF egiturak, adibidez, espero du Hauzeko oihanean sute batean erre ziren 250 bat hektareatan zuhaitzak landatzen ahalko dituztela G7ko antolatzaileen finantzaketarekin. Hedabideetan aipatu izan da Euskal Herriko Erle Beltza elkartea ere, baina Fred Forsans presidenteak ziurtatu du ez dela jakinean: “Gure izena prentsan ateratzen da, baina guk ez dugu diru laguntza horren berririk”.

Sugarairen xede zabalago batek sortu du, beharbada, nahastea. Duela hiru urte abiatu proiektu batek milioi bat euroko aitzinkontua zuen, lau adarretan partekatzeko: oihanaren kudeaketa, egur saila baloratzeko transformaziogune bat (Sugarairekin partez egina dena), bazterrak xehatzen ez dituen oihangintzako materiala erostea beste enpresekin mutualizatzeko, eta, azkena, erle beltzari lotua. Peio Harluxet: “Arazo larriak badira erle beltzarekin, oihana ez kudeatuz edo arrunt moztuz xehatzen baitiogu bizilekua. Proiektu hori bidean da, baina ez dugu guk lehentasunetan sartu. Ikusten dugu eginen dugunaren zeharkako ondorio baten gisa. Ez gara gu ariko erle beltza berriz sarrarazten; guk etxebizitza prestatuko dugu”.

Balioak aldatu gabe

Sugarai kooperatibaren eremuetan, zerbait gorabehera, bi herenak oihan pribatuak dira. Baina interes kolektiboko estatusa duen egituraren akziodun edo partaideetan, pertsona eta enpresa pribatuez gain badira elkarteak ere, hamabi herriko etxe eta Euskal Elkargoa (Donibane Garazi eta Baigorriko Herri Elkargoaren segidan), besteak beste. “Gure balioen zaintzeko eta garatzeko, inportantea zen parte hartze biziki handia izanik ere bakoitzak behar zuela boz bat ukan”, gehitu du Harluxetek, kooperatibaren ibilmoldea esplikatuz: zenbat nahi akzio ukanik ere, bakoitzak boz bakarra du biltzar nagusietan.

Ibilmolde hori beren balioen “bermatzeko” egokia da, kudeatzailearen erranetan. Balio horien artean, oihanaren kudeaketa iraunkorrak badu leku handia. Karbono apalaren labela kausitzeko aurkeztu txostenean, Harluxetek uste du aitzineko ibilbidea kontuan hartua izan dela: “Hain ditugu konbentzitu gure harira ari ginela eta gure lan tresna jadanik hor zela eta arrunt prest ginela, Frantzia mailan Sugarai izan baita lehen-lehenik labelizatu den proiektua”. Kooperatibak agertu txosten batean, labela aipatzean, hala dio: “Karbono apaleko labeleko xedeek beren ekarpen errealaren azterketa neutro bat eta ebaluazio zorrotza jasaten dute, profesionala eta independentea”.

Hastapenean, herritarrek sortu lan tresnak bide egin du 2015etik. Egur saila sortu eta garatzea, oihan baliabideak zirkuitu laburrean baloratzea, Hergarain lanpostuak sortzea eta oihan jabeei —usu laborari direnei— errebenio gehigarri bat ekartzea, horiek ziren sorrerako xedeak. Gaur egun bi langile eta boluntarioekin egur xehakatua edo plakatxoak saltzen dituzte berogailu kolektibo eta industrialentzat, eta egur puska arruntak partikularrentzat. Oihana epe luzera kudeatzea dute logika, eta diru ekarpen berriarekin lekuko zuhaitz motak hobestea landaketa berrietan.

Balio horiei erreferentzia eginez aipatzen du Harluxetek laguntza berria: “Onartzen dugu erratea pixka bat bermatzen dugula besteen irudia hori eginez, baina pentsatzen dut onartzen dugula eta ez ditugula gure balioak galtzen”.

Albiste hau Ipar Euskal Herriko Hitzak argitaratu du eta egilearen baimenari esker ekarri dugu.
Kanal hauetan artxibatua: G7  |  Mendibe

G7 kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude