138.495 pertsonak sinatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako gutxiengo soldata propioa ezartzeko sindikatuen ekimenaren alde. Gobernu Kontseiluak herri ekimena legebiltzarrean eztabaidatzeari uko egin dio, irailean pentsioak osatzeko ekimenarekin egin zuen antzera. Estatuaren eskumenak "urratzen" ditu proposamenak, Jaurlaritzaren iritzian.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek, abuztu amaieran, 138.495 sinadura erregistratu zituzten Eusko Legebiltzarrean, EAEk berezko gutxieneko soldata ezartzearen aldeko Herri Ekimen Legegilea bultzatzeko. Proposamenak dio Eusko Legebiltzarrak eska dezakeela Langileen Estatuaren 27. artikulua aldatzea, gutxieneko soldata estatu osoan berdina izan behar duelaa zehazten duena. Aldaketak ahalbidetuko luke gutxieneko soldata propioa euskal errealitate sozioekonomikoarekin bat etortzea. Helburua lan pobreziari aurre egitea eta bizi baldintzak hobetzea da, sindikatuen esanetan. Erregistratze egunean eskaera “entzuteko” esaktu zieten alderdi politikoei.
Bada, astearteetako Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko ohiko agerraldian jakinarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzak herri ekimen legegilea eztabaidatzeari uko egin dio, pentsioak osatzeko ekimenari eztabaidatzeari uko egin zion eran. Pentsioen inguruko proposamenak, besteak beste, “bikoiztasuna, desberdintasuna eta finantza jasangarritasun eza” ekarriko lukeela argudiatu zuen lehendakariorde eta Ekonomia, Enplegu eta Lan sailburu Mikel Torresek. Oraingoan, Espainiako Estatuko “merkatu batasuna” argudiatu du gutxieneko soldata propioaren eztabaidari atea ixteko. Gobernuak dio Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluak definitzen duen moduan estatuak duela eskumen esklusiboa lan arloan eta, hortaz, herri ekimen legegileak estatuaren eskumena "urratzen" duela. "Merkatu-batasuna hausteak ekarriko lituzkeen ondorioetan jarri behar da arreta”, gaineratu du.
EAJk proposamenaren aurka egin du, nahiz eta hasiera batean EAErako berezko gutxieneneko soldatren aldeko jarrera agertu eta patronalaren eta sindikatuen artean eztabaidatu beharra defendatu. Confebask-ek uko egiten dio hiru lurralde hauetan gutxieneko soldata propioa edukitzeari.
Erreakzioak
ELAk adierazi du, EAJren erabakiak alderdiaren aurpegi “antidemokratiko eta zentralistena” erakusten duela, eta erabaki honekin PSE, PP, CCOO, UGT eta Confebask patronalarekin partekatutako espazioan kokatzen dela. Gutxieneko soldata propioaren alde borrokatzen jarraituko duela adierazi du, eta alderdi politikoen laguntza eskatu du, Gasteizko Legebiltzarraren hurrengo bozketan aldarrikapenak aurrera egin dezan eta Espainiako Kongresuan Langileen Estatutuan aldaketak eman daitezen.
EH Bilduko legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandianok esan du EAJren eta PSEren Gobernuak bizkarra eman diola berriro ere milaka herritarren borondateari.
LAB sindikatuaren esanetan herri ekimen legegileak ez du aitzakia teknikorik, eta eztabaidara eramateko arazorik ez dago. Pradalesen gobernuak jarrera “antidemokratiko argia” duela adierazi du. Sindikatuaren hitzetan, “Eusko Jaurlaritzak bide guztiak itxi nahi ditu gutxieneko soldata propioa ezartzeko. Euskal langileen bizi-baldintzak duintzeko aldarrikapenari uko egin dio: batetik, bihar patronalarekin izango dugun adiskidetze saiakeran bitartekotza egiteari uko egiten, eta bestetik, 138.495 sinadurek babestutako Herri Ekimen Legegilea izapidetzeari uko egiten”.