Donostian sortutako Forvo webgunea munduko 50 onenen zerrendan sartu du Time aldizkariak. Munduko ahoskatze hiztegirik handiena da Forvo. Ia 300 hizkuntzatako 1.730.000 hitz baino gehiago nola ahoskatzen diren kontsulta daiteke jada. Hitzak ez ditu makina batek ahoskatzen, lekuan lekuko erabiltzaileek baizik.
Forvoren berezitasun nagusia hori da, erabiltzaileek egindako grabazioak eskaintzen dituela, beste plataforma batzuek ez bezala. Internautek 1.734.000 hitz baino gehiago grabatu dituzte, eta kopurua gorantz doa etengabe.
Doako zerbitzua da, 255.000 erabiltzaile erregistratu dira jada, eta Wikipediaren ereduari jarraituz, webgunea kudeatzen duten 400 editore ditu. "Mundu osoan ditugu editoreak", azaldu du Teknautas webgunean Felix Velak, Forvo hiztegiaren fundatzaileetako batek. "Inork txinerazko hitz bat ahoskatzen badu, guk ezin dugu jakin zuzen dagoen ala ez. Horregatik behar ditugu lekuan lekuko editoreak".
Gaur egun 299 hizkuntzatako hitzak biltzen ditu, euskarazko ia 6.000 hitz tartean.
Badira bizpahiru modu desberdinetan ahoskatutako hitzak, ez baitira berdinak, esaterako, New Yorkeko eta Londreseko ahoskera.
Iphonerako aplikazioa 50.000 lagunek baino gehiagok deskargatu dute.