Finean, ingurumena galtzaile


2024ko otsailaren 05an - 11:36

Laborarien ongiezaren eta mundu mailako komertzio bidegabearen errealitateak lehen lerroan jartzeko balio izan digu Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan zabalduriko laborarien mugimenduak. FNSEA eta JA sindikatuek gidaturiko protestak bi aldarri nagusi zituen: berehalako laguntza ekonomikoak eta arauen gutitzea. Ongiezak eta kexuak akuilaturik, berehala erantzun zioten blokeoaren deiari nekazariek –izan afiliatuek edo ez–.

Kanpotik eta hiritik ikusita, baliteke altxamendu itxura hartu izana, Paris hartzera doazen milaka menperaezinen protesta kontrolaezin batena. FNSEAko buruak laborariei etxera sartzea galdetu dien honetan, ondoriozta dezakegu ez dela horrela izan: hamarkada luzeetan eskuz esku dabiltzan FNSEAk eta Frantziako Gobernuak elkarrekin orkestraturiko protesta izan da. Agroindustriaren bultzatzaile den FNSEAk bidean kausituriko trabak –arau ekologikoak– desagerrarazteko asmoz gidaturitako protesta izan da. Bistan da, laborarien ongiezari erantzuteko aldarriak ere zituen esku artean, blokeoetatik hori zutelako galdatzen. Joko maltzurra egin du hor FNSEAk, laborarien desesperazioa bere interesen alde baliatuz. Bi neurri aipatu ditzakegu: Bioaniztasunaren Agentzia independentea estatuaren meneko jarri izana –agroindustriaren lobbygintza ikusirik, bada aldaketa arriskutsua– eta 2030erako pestiziden erabilpena %50az gutitzea helburu zuen Ecophyto Planaren etenaldia. Zailtasun ekonomikoei erantzuteko neurri batzuk ere lortu dituzte, hori gabe mespretxu edo trufa sentimendua areagotuko zitzaielako laborariei.

Mugimendu sozial ia oro erreprimitzen duen Frantziako Estatuan nahiko esanguratsua izan da ikustea Poliziak pazientzia eta elkarlan handiz bideraturiko blokeoak izan direla. Esanguratsua ere mainstream komunikabideek egin dioten jarraipena –tartean, milioi askoko industrial Vincent Bolloréren eskuetan den C News kateak elkartasunez bere logoa alderantziz jarri izana–.

Agroekologiaren alde dabilen Confederation Paysanne sindikatua ere lotu zaio borrokari, aldarri propioak aitzinean jarriz. Baina ez da entzuna izan: negoziazio mahaira ez da deitua izan eta mainstream komunikabideetan ere ez da kontuan hartu. Guztiontzat balio beharko lukeen abisua dakar laborarien mugimenduak: trantsizio ekologikoak aurkariak kausituko ditu bidean eta aitzina egiteko determinazio politiko handia beharko dute agintari politikoek. Aldi honetan ez dute horrelakorik ukan, eta laborariez gain, guztiok gara galtzaile atera.  

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
Borrokak eta liburuak

Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa. Jaio berri diren arkume apurrak belardian dabiltzan bitartean, labanak eten egin du bizitza eman duten hiru... [+]


2024-04-30 | Euskal Irratiak
Ximun Fuchs: "Zorrez itorik peko errekara doan etxalde batean kokatzen da antzezlana"

"Isiltasuna oztopo eta elkartasuna lagun, egungo mundu gordina" kontatzeko erronkari lotu da Axut! antzerki konpainia.


2024-04-26 | Euskal Irratiak
"Frantsesenia lizeoak ber filosofia atxiki du 70 urtez, tokiko laborantzari loturik"

Frantsesenia lizeoa, 70 urtez Ipar Euskal Herria barnealdeko laborarien formatzen.


Ingurumenaren aldeko neurrien arintzea dakarren NPBaren erreforma onartu dute eurodiputatuek

Europako Batzordeak landutako Nekazaritza Politika Bateratuaren "sinplifikazioaren" alde bozkatu dute eurodiputatuek. 425ek egin dute alde, 130ek aurka eta beste 33 abstenitu dira.


2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


Eguneraketa berriak daude