Zazpi lurraldeetako laborantza herrikoia ohoratzeko jaia

  • Euskal Herriko Laborantza Ganbera elkarteak (EHLG) hogei urte bete zituen urtarrilean. Laborantza herrikoi eta iraunkorra sustatzen dihardute hasieratik gaur arte, eta erreferenteak dira sektorean. Orain, azaroaren 7, 8 eta 9an, Lurrama azokaren 20. edizioa ospatuko du EHLGk Miarritzeko Irati erakustazokan. Dena den, urteurrena izanik atzera begira jarri ordez, etorkizunari heldu diote: ‘Bihar ere laborari’ lema hautatu dute, erreleboaren gaia eta etorkizuneko laborantzaren eta elikaduraren auziak mahai gainean jartzeko. Beste behin, hainbat ertz elkartzeko zubia izan nahi du Lurramak.

Argazkia: Lurrama.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Lurramako koordinazioan lau urte daramatza Delia Delanne-k (Miarritze, 1996), eta ARGIAri ziurtatu dio edizio berezia prestatu dutela aurten, besteak beste, lehen aldiz Euskal Herriko zazpi lurraldeetako laborarien elkargune izango delako –gonbidatu berezia izango delako herrialde gisa–, eta nekazariak eurak izango direlako protagonista. “Ez dut ezagutzen Euskal Herri osoko merkaturik egin denik, biziki polita izanen da”. Bisitariak denetik topatuko du hiru egunez: bertako produktuen eta sor-marken azoka, mintzaldiak, haurrentzako txokoa, kabalak, bertako janaria eta edaria dastatzeko aukera, musika eta dantza... Delannek dei egin die herritarrei Lurrama bertatik bertara ezagutzera, horrela ikusi baitaiteke laborantza herrikoiaren festa honek egiazki eskaintzen duen giroa.

‘Bihar ere laborari’ leloa hautatu dute aurten, EHLGk kezkaz begiratzen diolako Euskal Herriko laborantzaren etorkizunari. “Belaunaldien berritzea lehentasun etengabea da laborantza herrikoiaren alde lan egiten duten EHLG bezalako egiturentzat”, ziurtatu dute. Datuek ere berresten dute etxalde gero eta gutxiago daudela, eta hori iraultzeko lanean ari dira azken urteetan Laborantza Ganberatik; Lurrama hautatu dute gaian sakontzeko gune gisa: “Pentsatzen genuen 20. edizio honetan biziki garrantzitsua zela gazteak eta erreleboaren problematika zentroan ematea”. Helburu bikoitza dute horrekin: laborariak elkarrekin solastatzen jartzea eta elkarrengandik ikastea; eta publiko orokorrari eta instituzioei gaiaren garrantziaz eta larritasunaz ohartaraztea.

“Ez dut ezagutzen Euskal Herri osoko merkaturik egin denik, biziki polita izanen da”, ziurtatu du Delia Delanne Lurramako koordinatzaileak. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA.

“Laborariek baserri munduan hainbat funtzio betetzen dituzte, eta herri aktibo baten seinale dira. Laborantzan, beste arlotan bezala, gazteak izatea ezinbestekoa da, dinamika aitzina eramateko eta geroa segurtatzeko”, azpimarratu dute antolatzaileek. Inguruko lurraldeen eta Hego Euskal Herriaren egoera makalarekin alderatuta, Lurramatik onartu dute Ipar Euskal Herriko egoera “aski ona” dela, gazte instalazio ugari daudelako: urtero 200-225 instalazio daude, eta horietatik %75ek 40 urte baino gutxiago dituzte. “Haatik, alde on horiek ez dute estali behar laborantza munduaren garapen kezkagarria”, zehaztu dute. Honela diote datuek: Ipar Euskal Herrian 2010 eta 2020 artean baserrien %15 desagertu da, eta tartea 1970. urteraino zabalduz gero, etxaldeen %57 da galdutakoa. Laborarien batez besteko adina ere 50 urte baino gehiagokoa da egun, eta horien erdiak baino gehiagok ez dute baserriaren segida uzteko “aukera argirik” EHLGk kalkulatu duenez. Batez beste, Euskal Herrian, urtean 90 instalazio inguru egiten dira –eteten diren hiru etxalde bakoitzeko, instalazio bat edo bi abiatzen dira–.

Delannek dioenez, etxaldeen galeraren eragina uste baino potoloagoa da: “Lurralde batzuetan badakigu etxalde anitz izanen direla segidarik gabe, eta horrek gauza ainitz ekarriko ditu. Laborari gabe herri tipiak ez dira gehiago bizirik ukanen; aski larria da. Jatekoak ere ez ditugu gehiago ukanen hemengoak, tokikoak”. Beraz, laborantza herrikoiak segida behar du, eta horretarako, gazteak erakarri. “Bihar ere laborariak izateko elkarrekin lan egin behar dugu jendarte zibil, instituzio publiko eta laborantza munduko aktore guziek. Erronka hori betetzeko lege eta ahalak eman behar dira plantan”, aldarrikatu dute Lurramako antolakuntzatik.

Hitzaldietan hainbat ikuspegitatik landuko dute erreleboaren gaia: “Helburua da belaunaldi guztiak aipatzea, gazteez gain, transmisioa egiten laguntzen dutenak ere”. Etxaldearen segida familia barruko kasuetan zein kanpotik datozenetan nola egin jorratuko dute. Batik bat gazteak izango dira hitza hartuko dutenak, “erakusteko badirela gazte batzuk biziki uros direnak laborari izanez”. Zailtasunak zailtasun, segida badela uste du Delannek, eta ELB sindikatuko gazte taldea jarri du adibidetzat, non 40 bat laborari gazte elkartzen diren, etxaldean lan egitea bizigarria izan dadin borrokatzeko, besteren artean.

Kabalak izan ohi dira haur eta gazteentzat txoko erakargarria. / Argazkia: Lurrama
Euskal Herria elkartzeko zubia

Lurraman zubi ainitz sortzen dira hainbat munduren artean; horixe da Delannek gehien maite duena laborantza herrikoiaren festatik. Izan ere, koordinatzaileak azaldu digunez, EHLGren helburua ere izan da loturak eta harremanak sustatzea laborari eta kontsumitzaileen artean, eta Lurramak aukera hori ematen du: ekoizle ugari izaten dira azokan, euren ekoizpenak saltzen, eta kontsumitzaileek zuzenean ezagutu dezakete elikagai horiek noren eskuetatik datozen.

Miarritzen izanik, Lurrama Iparraldeko kostaldearen eta barnealdearen arteko zubia ere bada, Delannek gogorarazi duenez. Ez da kasualitatea, antolatzaileek ideia hori zuten hastapenetik: barnealdeko laborariak kostaldera gerturatu nahi zituzten, bi aldeen errealitateak nahasteko. Era berean, euskararen zubia ere badela zehaztu digu koordinatzaileak, hainbat bisitarik ez baitakite euskaraz, baina euskaldunen eta euskararen presentzia nabarmena denez, hizkuntzara gerturatzeko eta ikastera bultzatzeko ere balio duela dio.

“Pentsatzen genuen lurrarekin lan egiten duenari eman behar geniola hitza”, Delia Delanne, Lurramako koordinatzailea. / Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Aurten, gainera, inoiz baino pisu handiagoa izango du zubi-lan horrek. Urteroko formulari jarraituz, Lurraman herrialde bat gonbidatu dute, protagonismo handiagoa izango duena azokan, mintzaldietan eta otorduetan. Baina, kanpoko herrialderen bat gomitatu beharrean –Korsika izan zen azkena–, 20. edizioa ospatzeko Euskal Herria bera jarri dute erdigunean: “Bere erroetan finkatua den eta etorkizunera begira den edizio bat izanen da aurten Lurrama”. Delia Delanne bera konturatu da zazpi lurraldetako laborariak elkartzeko zegoen beharraz, prestaketa lanetan ikusi baitu ez dagoela Euskal Herri mailako egiturarik, eta bakoitzak bere aldetik jarduten duela, aparteko antolaketarik gabe.

Aurreko edizioetan ez du halako esperientziarik izan, oro har, herrialde bakoitzeko koordinatzaile bakarrarekin antolatzen zuelako Lurrama, baina aurten, Euskal Herriko lurralde bakoitzarekin banan-banan koordinatu behar izan du: “Nik maitatu dut hori egitea, biziki aberatsa atzeman dut”. Aberatsa bada, hiru klimako herrialdeak askotariko biodibertsitatea eta laborantza heterogeneoa eskaintzen dituelako, baina Euskal Herriko banaketaren eta egoera politikoaren erakusgarri ere bada: hiru administrazio pean eta laborariak antolakunde txikietan bilduta, sektorea indartzea ere zailagoa da, halabeharrez. “Laborantza gaietan behintzat, ikusi dugu Euskal Herria banatuta dagoela. Ene ustez sortuko da zerbait Lurrama honetan; harremanak-eta, segur, baina beharbada bada denen artean zerbait gehiago egiteko gunea”.

Gazama eta gazaita: gazte, euskaldun eta laborari

20. urteurreneko beste berezitasun bat da “laborariak ohorean” jarri nahi izan dituztela, horregatik, Lurraman Euskal Herriko ordezkari izateko hautatu dituzte Elena Aguerre eta Iñaki Intxausti nekazariak. Gazama eta gazaita figurak beteko dituzte, alegia, jaialdiko amabitxia eta aitabitxia izango dira. Orain arte politikari edo akademikoek bete izan dute paper hori, baina aldatzea erabaki dutela azaldu du Delannek: “Pentsatzen genuen lurrarekin lan egiten duenari eman behar geniola hitza, eta biziki kontent gara, zeren eta haien lekukotasunak izanen ditugu”.

Hain zuzen, Aguerrek hamarkada bat baino gehiago darama baratzezaintza biologikoan, eta egun Baigorrin (Nafarroa Beherea) dauka jateko sagarren ekoizpena. Intxaustik, ordea, Zeraingo (Gipuzkoa) Mendarte baserrian dauka proiektua, eta duela hamar urtetik ari da nekazaritza ekologikoan hori ere, batik bat baratzezaintza eta frutagintzan, baina baita behiekin ere. Bikote aproposa hautatu dutela dio Delannek: “Gizon eta emazte, Hegoalde eta Iparralde, gazteak, euskaldunak... eta baratzezaintzari garrantzia handiagoa eman nahi genionez aurten, bi hauek ere horretan aritzea ontsa da”. Azpimarratuko dute sustengu handiagoa eman behar zaiela baratzezainei, eta laborantzaren barruan duen pisua handitu behar dela; landare gune bat prestatu dute mezu hau zabaltzeko: “Plater batean haragia izan behar da, bai, eta kanpoko hazkuntza biziki garrantzitsua da Euskal Herrian, baina baratzezainen aldea sustengatu behar da”. Betiere, laborantza herrikoia eta solidarioa dute erdigunean, laborari eta etxalde ugarirekin, askotariko uzta eta kalitatezko elikadura lortzea ahalbidetzen duena: “Lurramak ez du bat egiten eredu industrialarekin. produktibismoa helburu duten etxalde handiek makineria anitz baliatzeaz gain kimika erabiltzen dute lurretan, eta gainera laborari kopuru ttipi batek lur anitz eskuratzen ditu”.

Larunbatean zikiro jana izango da 800 bat lagunentzat, musika eta kantuz girotuta. / Argazkia: Lurrama.
Merkatu nazionala, bertako ekoizpenekin

Euskal Herria gonbidatu berezia izateak eragingo du merkatu funtzionamendu osoa aldatzea; probintziaka antolatuko dute, lehen aldiz, orain arte Ipar Euskal Herriko ekoizleak izaten baitziren nagusi, eta erdiko postuetan herrialde gonbidatua. Irati erakustazokako areto handian kokatzen da laborarien merkatua, U forman, eta erdian beste lerro batekin. Aurten, inguru osoa beteko dute zazpi lurraldeetako laborariek, eta erdian kokatuko dira Euskal Herri osoko sor-marka edo jatorri deiturak. “Uste dut Euskal herriko merkatu gutxi izan dela, nik ez dut sekulan entzun holako gauzak izan direnik, eta uste dut biziki polita izanen dela”, gogotsu mintzatu da Delanne.

Sor-markei dagokienez, merkatua baliatu nahi dute Iparraldeko eta Hegoaldeko jatorri deiturak elkar ezagutu daitezen, eta haien funtzioa ezagutu dadin: “Laborantza herrikoia defendatzeko sor-markak biziki garrantzitsuak dira. Zeren eta erakusten dute zein bide hartzen ahal den kalitatezko produktu bat ukaiteko”, dio Delannek. Ipar Euskal Herrian jada erreferentzialtasun handia duten lau jatorri deiturak izango dira –Kintoa euskal xerria, Ezpeletako piperra, Ossau-Iraty, Irulegiko arnoa–, baina koordinatzaileak aurreratu digunez, Hegoaldekoek ere presentzia izango dute Lurrama honetan.

Argazkia: Lurrama.

Bisitariei gehiago interesatuko zaiena da bertako eta kalitatezko produktu horiek erosteko ez ezik dastatzeko aukera ere izango dela hiru egunez. Besteak beste, arno ostatuan izango dira Euskal Herriko txakolina, sagardoa eta arnoa; apairu edo otorduak ere bertako produktuekin osatuko dituzte; eta sor-markak erabiliz plater berezi bat prestatuko dute. Larunbatean zikiro jana izango da 800 bat lagunentzat, musika eta kantuz girotuta: “Besta giroaz gain, biziki ontsa jateko tokia da”, ziurtatu du Delannek. Igandean, sukaldari apairua izango da, eta hamasei profesional inguruk menu berezia prestatuko dute, “zinez kalitatezkoa”. Janari eta edariaz gozatzeaz gain, musika, txarangak eta animazioa uneoro izango da aurten ere, eta Delannek aurreratu duenez, ostiralean Belako talde mungiarraren kontzertuak berotuko du gaua, 03:00ak arte luzatuko dena beste kontzertu batekin.

Heldu eta gazteak Miarritzeko festara joatera animatzeaz gain, gurasoak ere deitu ditu esperientzia ezagutzera, haurrei zuzendutako ekintzak ere egongo baitira asteburu osoan. Gainera, azokaren atzealdean kabalak daudela gogorarazi du, gazte eta haurrak bereziki erakartzen dituen gunea, bisitari askorentzat ez baita ohikoa ardi edo behiak egunerokoan ikustea, Delannek dioenez. Koordinatzailea gogoz da Lurramaren 20. edizioa ospatzeko, bertan izango diren 1.000 laguntzaileren babesean eta goxoan. Mintzaldietako hausnarketez gain, eta etorkizuneko beharren inguruan pentsatzeaz gain, asteburua baliatuko dute jai giroan ospatzeko eta laborarien jarduna ohoratzeko, zazpi lurraldeak baturik.

Delannek dei egin die herritarrei Lurrama bertatik bertara ezagutzera, horrela ikusi baitaiteke laborantza herrikoiaren festa honek egiazki eskaintzen duen giroa. / Argazkia: Lurrama.
Erreleboari buruz hausnartzeko mintzaldiak

Euskal Herrian laborari plantatu: errealitate ezberdinak
Azaroak 7, 17:00etan

Asteburuari ekiteko, Euskal Herriko zazpi lurraldetako laborari bana arituko dira hizketan lehen hitzaldi honetan. Delia Delannek aurreratu digunez, garrantzitsua izango da Ipar eta Hego Euskal Herriko laborarien lekukotasun ezberdinak konpartitzea, norberak bere prozesu eta bidea kontatzea, “bakoitzak baduelako beste aldetik zeozer ikasteko”. Antolatzaileak ziur dira nekazari eta abeltzain lanetan hasteko erabiltzen diren askotariko metodo eta bizitako esperientziak partekatzeak lagundu dezakeela laborari belaunaldiak “berrindartzen”.

Sor-markak, Euskal Herrian laborarien iraunarazteko berme bat
Azaroak 7, 17:00etan

Sor-marka edo jatorri deitura babestuek ere protagonismoa izango dute aurten. Lurramatik gogorarazi dute etxalde txikienak babesteko bidea direla: “Ekonomikoki ahulenak direnei kolektiboki halako ospe eta babes juridiko handi batera heltzeko ahala ematen diete”. Izan ere, kalitatezko ezaugarri batzuk bermatzen dituzte jatorri deiturek, eta denentzat baldintza komunak daude. Sor-marken erronkak ere izango dituzte mintzagai: “Egoera klimatiko aldakor batean, baldintzen bildumak nola egokitu behar dira haien iraunkortasuna segurtatzeko?”.

Elikaduraren erronka Euskal Herrian
Azaroak 8, 11:00etan

Lurraman gogoraraziko dute laborariek lan egiten dutela herritar guztion elikadura osasuntsua bermatzeko, besteren artean. Delannek ziurtatu duenez, hitzaldi hauek gero eta gazte eta guraso gehiagoren interesa pizten dute, izan ere, uste du kontzientzia hartzea dagoela jaten duguna osasuntsua eta bertakoa izatearen gainean: “Zinez begiratzen badugu zer den erosten duguna supermerkatuetan, haurrendako ere, beldurgarria izan ahal da”. EHLGtik diote landare ekoizpena handitu behar dela Euskal Herrian, egun abere hazkuntzan gehiegi zentratuta baitago: “Ekoizpenak dibertsifikatzea ezinbestekoa da, laborantza osagarri, autonomo eta erresilienteagoa eraikitzeko”. Elikadura sistemak lurraldeko beharrei erantzun behar diela argi dute, eta laborantza “koherente eta iraunkorra” bultzatzeko bideei buruz mintzatuko dira: “Engaiamendu politiko sendoa eskatzen du, landare ekoizpen garapenaren aldeko iniziatibak laguntzeko, ezinbestekoak baitira tokiko elikadura sistemaren orekarentzat eta Euskal Herriaren burujabetzarentzat”.

Lurra, laborarien lan tresna
Azaroak 8, 15:00etan

Erreleboaren problematikari estuki lotuta, lurraren sarbideari buruz hitz egingo dute mintzaldi honetan: “Higiezinen espekulazioak laborantza lurren beharretan diren laborariak trabatzen ditu, eta usu etxalde handitzeak abantailatu”. Horren aurrean antolatu diren eragileak aurkeztuko dituzte: Ipar Euskal Herrian Lurzaindia eta Safer-a lurrekin egiten ari diren lana azalduko dute, eta Hegoaldeko kasuan Amillubiko proiektua azalduko dute, lurra ondasun kolektibo gisa eskuratzeko aukera. “Laborantza praktika suntsitzaileengandik jorratua izan ondoan, lurrak bere zentzua berreskuratzen du gaur egun agroekologiari esker. Laborantzaren oinarria da eta izanen da”.

Nola ikasi laborari bilakatzen? 
Azaroak 8, 15:00etan

Historikoki laborari izatea belaunaldiz belaunaldi transmititu den arren, kanpotik edo hiritik datozen gero eta gazte gehiago daudela baieztatu du Delannek –Euskal Herrian instalatu nahi dutenen %20 inguru dira–; beraz, horiek ez dute etxean ikasi laborari izaten, eta beste erronka batzuk dituzte. “Haien proiektuen arrakasta, lurraldean integratzeko eskaintzen diegun gaitasunaren araberakoa da”, esan dute Lurramako kideek. Laborariei gogoraraziko diete euren zeregina dela haiei ongi etorria egitea eta bidean behar duten laguntza eskaintzea, elkartasunetik. Trebatu tresna azalduko dute, etxaldea eta lurrak ahalbidetzen dituen eta formakuntza ematen duen tresna, EHLG eta Lurzaindia parte direna.

Laborarien ongizatea 
Azaroak 8, 17:00etan

Mintzaldien zikloa aho zapore onarekin amaitzeko, lanbide horretan baldintza duinetan bizi diren laborarien esperientziak ere izango dira. Betiere, erreleboari lotuta, oroitu behar da datozen bost urteetan laborarien erdiak erretreta hartuko duela, eta belaunaldi berriak erakartzeko asmatu beharko dela sektoreko baldintzak egokitzen egungo beharretara: “Lanbideak erakargarriagoa izan behar du”, argi dute Lurraman. Horrelako adibide batzuk ezagutarazi nahi dituzte, eta aterabide teknikoei buruz edota antolakuntzari buru hitz egin: elkar laguntza, ordezkatze zerbitzua, langile baten enplegatze kolektiboa, eta abar. Laborariek elikadura katean ez ezik kulturan eta lurraldean duten pisua baloratu dadin nahi dute Lurraman ere.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
Eguneraketa berriak daude