Euskarari gaztelaniak duen estatus bera aitortzeko eskatu dute Kontseiluak, ELAk eta LABek

  • Euskalgintzaren Kontseiluak, ELA eta LAB sindikatuekin batera, elkarretaratze bikoitza egin dute astelehenean Bilbon eta Donostian, euskaraz lan egiteko eskubidearen alde eta auzitegien oldarraldi euskarafoboaren aurka.

Bilboko kontzentrazioa. Uriola
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2025eko azaroaren 25ean - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Pasa den astean, Bilboko eta Donostiako auzitegiek hiru sententzia atera zituzten langile publikoek euskara ezagutzeko beharra baliogabetuz. Bata, Gipuzkoako Foru Aldundian administrari jarduteko, eta beste biak, Bizkaiko Foru Aldundiko lan publikoetan zeladore gisa eta GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundean gizarte integratzaile izateko. “Jada ez dago sententzien beharrik, hauen mehatxua aski da erakunde batzuk murrizketak egitera behartzeko. Euskararen desofizializazio prozesu bat da hau eta 40 urte atzera egiteko arriskua dago”, salatu dute.

Horren aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak, ELA eta LAB sindikatuekin batera, elkarretaratze bikoitza egin dute hilaren 24n, Bilbon (Justizia Jauregiaren aurrean) eta Donostian (Gipuzkoako Diputazioan) euskaraz lan egiteko eskubidearen alde eta auzitegien oldarraldi euskarafoboaren aurka.

Donostiako kontzentrazioa. Kontseilua

Hiru eragileek adierazi dute Eusko Legebiltzarrean Funtzio Publikoaren Legea egokitzeko eztabaida ezin dela mugatu oldarraldiari erantzun eta atzeraldia gelditzera, eta egungo hizkuntza-eskakizunen paradigma gainditu eta euskarari, gutxienez, gaztelaniak duen estatus bera aitortzeko eskatu dute. Alegia,  ezinbestekoa da euskarari behar duen arkitektura juridiko berria eskaintzea, egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditu eta langile publiko guztiei, ez soilik euskararen ezagutza, baizik eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatuko diena. “Badugu horretarako aukera, baditugu baldintzak. Balia ditzagun”, aldarrikatu dute.

Asko da orain arte aurreratu dena, baina dena gero eta azkarrago doan mundu honetan, euskararen normalizazioa ere azkartu beharra dago, atzean geratuko ez bada: “Paradigma berri bat behar dugu erronka berriei aurre egiteko, botere judizialetik ezarritako blokeoa gainditzeko, behingoagatik administrazio euskaldun bat izateko eta orain arteko iraupen logiketatik, euskararen normalizazio erreal baterako jauzia emateko”, gaineratu dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.