Euskalgintzak bidean ikasitakoa

  • Argia, Elhuyar, Ikastolen Elkartea eta Elkar bildu ziren mahai-inguruan martxoaren 15ean Andoaingo Martin Ugalde Kultur parkean. Euskaratik sortutako lau eragileek gaur egungo haien balioetatik hitz egin zuten.


2018ko martxoaren 19an - 13:50
Argia Eguna Gasteizen, 2017an. Argazkia: Dani Blanco.

Orain 40-50 urte euskalgintzaren alde sortutako elkarteek testuinguru politiko eta sozialek eragindako prekariotasun ia endemikoari aurre egin behar izan zioten. Zailtasunak zaitasun, duela bost hamarraldi sortutako elkarte batzuek gaur arte iraun dute. Bidean, testuinguru konplexu hartatik bizirik ateratzeko estrategiak garatu behar izan dituzte, eta estrategia horiek balioetan neurtu ditu Elhuyarrek Agirre Lehendakaria Center-ekin batera Euskararen biziberritze prozesua: balioak eta harreman sareak ikerketaren bidez. Euskaratik sortu ziren lau eragileen —Elhuyar bera, Argia, Elkar eta Ikastolen Elkartea — testigantzak jaso ditu eta frogatu du euskalgintzako enpresek balio konpartituak dituztela. Sei balio nabarmendu dituzte: burujabetasuna, konpromisoa, elkarlana, demokrazia, erresilentzia eta berdintasuna.

“Nondik gatozen”. Galdera giltzarria izan da euskalgintza sektoreko eragileek jaso dituzten balioak ulertzeko. Argiak luze begiratu beharko luke atzera horri erantzuteko, 2019an aldizkariak ehun urte beteko baititu. Argiako lehendakari Bego Zuzak azken bost hamarraldietan gertatutakoak kontatu ditu, aurrez esanez 50 urteetan Argian “harro egoteko moduko gauzak” egin dituztela. Jasotako uzta ere nabarmena izan dela aipatu du: “Argiako langileak gara Argiaren jabe, guk hartzen ditugu erabaki guztiak”.

Elhuyarrek hiru balio aukeratzea eskatu dio hizlari bakoitzari, eta Zuzak parte-hartzea, burujabetza eta berdintasuna aipatu ditu. Hirugarrenetik hasita, Argiako azkeneko “abentura” kontatu du lehendakariak. Lantaldean berdintasuna bermatzeko eztabaidak hasi zituzten, eta hori lortzeko klabea egitura horizontala zela ikusi zuten. “Argiaren DNAn berdintasunaren balorea egon da betidanik, baina erabakiak hartzean, botereak eta rolak oso hierarkizatuta genituen”. Hala, soldatak berdintzeko hautua egin zuten, “inongo aholkularitzarik gabe”, gutxien irabazten zuenari igo eta soldata altuenak murriztu. Lankideekin banan-banan hitz egin eta guztiek onartu zuten erabakia.

Berdintasunaren balioa betetzearekin batera, parte-hartzea eta burujabetza indartu ziren Argian. Langileak Argiaren jabe izanagatik, inplikazioa handitu zen, proiektuaren partaidetza sentimenduarekin batera. Bestalde, burujabetzaren balioa astekariari beti lotuta egon dela esan du Zuzak, nahiz eta proiektu defizitarioa izan: “Ezin gara libre izan burujabetzarik gabe”.

Joanmari Larrartek beretik hitz egin du, euskal kulturaren mundutik. Elkarlana, irauteko bokazioa eta berrinbertsioa aipatu ditu Elkarren balio gisa. “70eko hamarkadan, euskalgintzan dena egiteko zegoenean, ezinbestekoa zen aliantzak lortzea”, azaldu du Larrartek. Bestalde, esan du “ezinezkoa” dela 50 urtean irautea aldaketak egin gabe: “Sortu genituen egitura horiek etorkizunean euskal kulturaren sostengu izatea nahi genuen”. 1976an sortu zuten lehenengo Bilintx denda, eta geroztik eraberritzera behartuta egon da ondoren Elkar izena hartu duen liburu denda.

Iraupena berrinbertsioarekin lotu du Larrartek, esanez Elkarren etekinek euskal kulturaren beharretara itzuli behar dutela “nola edo hala”.

Abel Ariznabarretak euskararekiko konpromisoa aipatu du Ikastolen Elkartearen balio gisa. “Konpromiso hori aurrera eramateko, auzolana eta egokitzeko gaitasuna”, esan du. Ikastolak euskararen iraupenerako ezinbesteko tresna direla iritzi du Ariznabarretak, eta nabarmendu du “tokian tokiko” pertsonek lortu zutela euskarazko hezkuntza zutitzea.

Ikastolek ere garai bakoitzean gizartearen behar, eskari eta errealitatera egokitu behar izan dute. “Ikastolen kasuan, lege eta araudietara egokitzeko gaitasuna ere izan da”, azpimarratu du Ariznabarretak.

Elhuyarreko Leire Canciok hartu du hitza, eta “ausardia” esan du. “Ausardia, erreferentzialtasuna eta aitzindaritza, eta kalitatea eta modernotasuna”. Horrexek Elhuyarrek aukeratutako hiru balioak. Ausardia, euskara esparru berrietara eraman zutelako, eta gizartearen “beharra detektatzeko” gai izan zirelako. Canciok esan du Elhuyar aitzindaria izan dela, “zerotik” eraikitzen hasi zelako. Haatik, egun aitzindaritza galdu eta erreferentzialtasuna irabazi dutela dio Canciok.

“Kalitatea jakintzarekin eta esperientziarekin lotzen dugu; eta modernotasuna, berrikuntzei adi egotearekin batetik, eta ikuspegi historikoarekin bestetik”, nabarmendu du Elhuyarrekoak.

Bakan eta eredu

Agirre Lehendakaria Center orain bost urte sortu zen, euskal transformazioa hobeto ulertzeko grinez. Elhuyarrekin batera egin dute ikerketa, eta Agirre Center-ekoek euskalgintzari egin dioten begirada partekatu du Gorka Espiauk. Azpimarratu du euskalgintzako eragileen baloreak garaiko aldaketa ekonomiko, politiko eta sozialek eraginda finkatu zirela, eta horiei aurre egiteko sortutako balio sistemaren atzean dimentsio kultural bat zegoela.

Euskal Herriko elkarteen balio sistemak ez du gainontzeko herrialdeetako sistemen antzik, Espiauk dioenez. Kontatu du, “egoera larrian” egon diren herrialdeetan (krisi ekonomiko edo politiko baten baitan, esaterako) ez dela “transformazio positiborik” gertatzen, kontrara, ahuldu egiten direla. Euskal Herriko eragileek, aldiz, egoera larrietara egokitzen jakin izan dutela esan du.

“Euskararen transformazioaren atzean badago narratiba kolektibo bat, ez dena erabat arrazionala, baizik kulturalki ezarrita dagoena”, dio Espiauk, eta aipatu du oso herrialde gutxi daudela hizkuntza gutxitu batek pairatzen duen egoerari buelta ematen jakin dutenak.

Euskal Herrian, euskararen prozesuaren baitan, aldaketa sozialak eta burujabetzak merkatuan lehiakorrak izatea lortu dutela esan du Agirre Center-ekoak. Berdintasuna ere aipatu du: “gure kasuan, berdintasuna berrikuntza eta lehiakortasunarekin lotzen da. Nazioartean, egitura bertikalak defendatzen dituzte, eraginkorragoak direla uste dute”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
Milaka lagun batuko dira Nafarroaren Egunaren kari Baigorrin igandean

Egitarau aberatsa muntatu du beste behin Basaizea elkarteak: bertsolariak, dantzariak, gaiteroak, txarangak, herri bazkaria, merkatua eta kontzertuak. "Folklorismotik haratago", euskararen zilegitasuna aldarrikatuko dute Baigorritik apirilaren 28an.


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


Eguneraketa berriak daude