Hekimen euskal hedabideen elkarteko ordezkariak asteazkenean bildu dira Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzarekin. "Diru laguntza politika egoki bat" eskatu diote, besteren artean.
Herri ekimeneko hedabide euskaldunak biltzen dituen Hekimen elkarteko kideek hiru ideia nagusi helarazi dizkiete:
Batetik, Hekimenen biltzen diren hedabideen ustez, hauen garapenerako "diru kopuru handiagoak" behar dira erakundeen aldetik. Komunikabideek "egoera larria" bizi dutela eta sektorearentzat aldaketa garaiak direla adieraziko diete. Azken urteetan, aurrekontu orokorrekiko pisu espezifikoa galdu duela hedabideen deialdiak.
Bestetik, laguntzak banatzeko irizpideetan Jaurlaritzak egindako aldaketak ez direla sektorearekin adostu adieraziko diote, eta irismena saritzea ongi ikusten duten arren, beren ustez "irismenak helburua dira, ez abiapuntua". Herri hedabide euskaldunen iritziz, "laguntzak bakarrik edo nagusiki irismenaren arabera erabakitzeak arriskuan jar dezake gaur egun hedabideek duten sare gutxienekoa".
Azkenik, "hausnarketa estrategikoa" beharrezko ikusten dute. "Goragotik begiratzea eta adostea herri honek euskarazko zer hedabide-sare behar duen gutxien-gutxienez". Diru laguntza-politika egoki batek egitura hori sendotzen lagundu behar luke medio hauen iritziz.
Hizkuntz Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika eta Euskara Sustatzeko zuzendari Jokin Azkue izan dira Eusko Jaurlaritzaren izenenean. Hedabideen ordezkaritzan Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaran, Berria Taldeko kontseilari ordezkari Iban Arregi eta Hekimeneko lehendakari Iban Arantzabal.