Europan COVID-19 bigarren uhina gaiztotzen ari da, ECDCren asteko mapak erakusten duenez

  • Ostegunero ECDC Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak egoeraz zabaltzen dituen estatistika eta mapek agerian utzi dute egoerak konplikatzen jarraitzen duela Mendebal Europa osoan, nahiz eta bilakaera geldoa izan. Euskaldunoi dagokigunez, ez Akitania Berria –bere baitan hartzen duena Iparraldea–, ez Nafarroa eta ez Euskal Autonomia Elkartea atera dira ECDCk kolore ilunenez margotuen sailetik.


2020ko urriaren 01an - 13:00
COVID-19aren hedadura Europan 2020ko irailaren 30aren aurreko 14 egunetan. (Irudia: ECDC)

Ostegunean, urriak 1, ECDCk zabaldutako mapa alderatuz justu zazpi egun egun lehenagokoarekin –ikusi "Alerta deia egin du Europako Batzordeak COVID-19ak hartu duen abiaduragatik" kronika– bistan geratzen da oraindik okerrera ari dela egiten COVID-19aren bigarren olatua Mendebaldeko Europa osoan, nahiz eta grafikoki ikusita badirudien martxo-apirileko lehen olatuan baino askoz geldoago ari dela pandemia indar hartzen bigarren honetan. Ez da, hala ere, alferrikako kontua irakurlea ohartaraztea mapa honek duen mugaz: kolore marroi ilunez datoz azken bi asteetan 100.000 biztanletik 120 edo gehiago detektatu dituztenak... eta multzo horretan sartzen dira berdin 150 kasu pilatu zaizkienak eta, Espaniako zenbait erkidego bezala, 600dik gora pilatutakoak. 

Mapari gainbegiratu bat emanez, Espainia ia osoak segitzen du marroi ilunean; hemen deigarri egiten da bere kudeagatik hainbeste famatu den Asturias ere sartu dela multzo ilunean. Portugalek okerragotze bidean segitzen du. Frantzia da Europako bigarren foko handia, astetik astera ilunduz doana (eskualdeen artean Korsikak lortu du kolore argiagora pasatzea). Belgika ere osorik dago orain osorik ilun, joan den astetik hala zegoen Txekia bezala, eta Herbehereetako eskualde gehianak ere bai. Okerrerako aldaketa nabarmena egin du Erresuma Batuak ere, Ipar Irlanda barne, nahiz eta Eskoziak itxura hobexeagoa daukan eta batik bat Galesek. Erdi-ekialdean berriro konplikatu dira gauzak Errumanian eta gainerako herrialdeetan ere gero eta ugariagoak dira ilundutako eskualdeak. Larritasunean gradu batzuetan arinago izan arren, iparraldeko herrialdeetan ere pixkanaka badoaz kasuak ugaritzen. Oro har Europan bigarren uhinari ondoen aurre egiten diona Grezia da.

Egoera duela aste bete, irailaren 30ean. (Iturria: ECDC)

Espainiak irailaren 30a arteko 14 egunetan metatu ditu 100.000 biztanleko 329 kasu, Txekiak 261, Frantziak 236, Holandak 199, Belgikak 161, Luxenburgok 181, Islandiak 151, Danimarkak 127, Hungariak 124, Erresuma Batuak 112 (estatistika guztiak ikus daitezke ECDCren orri honetan). Heriotzei dagokienez Maltak sufritu ditu europarren artean gehien, 100.000 biztanleko 3,6 eta ondoren datoz Espainia (3,3), Errumania (2,8), Txekia (1,6), Frantzia (1,4), Hungaria (1,2), Bulgaria (1,2), Korazia (1,1)...

Eta ia osorik marroi ilunez dagoen Espainia barruan eskualdeen arteko ezberdintasunak? Espainiako Osasun Ministerioak irailaren 28an emandako datuen arabera, eskualde gehienak zebiltzan marroi ilunaren muga egiten duten 120 kasuen oso gainetik. Okerrena Madril (775) eta Nafarroa (683). 400en gainetik Rioja (448) eta Gaztela Mantxa (403). Ondoren datoz Murtzia (391), Gaztela Leon (384), Aragoi 369, Extremadura (288), EAE (269)...

Europan pandemiak daraman bilakaeraren abiadura neurtzeko balioko duelakoan, lerroon azpian ipini dugu ECDCk ez duela aste bete baina bi aste ipinitako mapa, irailaren 30eko egoerarekin alderatu ahal izateko:

Egoera duela bi aste, irailaren 10ean. (Irudia: ECDC)

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude