Oinarrizko Errenta Unibertsala Europan ezartzearen aldeko jarrera erakutsi du Europako Kontseilua. Europako Kontseilua bigarren mundu gerra eta gero Europan giza eskubideak bermatzeko sortu zen erakundea da. Krisi finantzarioaren ondorioz ezarritako murrizketak gelditzea eta robotizazioaren kalte ordainei aurre egitea litzake neurriaren helburua. Langabezian dauden herritarrak izango lirateke onuradun nagusiak.
Negu garaian Europako Kontseilua egiten duen bileran berretsi dutenez, Europan oinarrizko errenta ezartzearen alde daude agintariak. Hala bozkatu dute diputatuen erdiek. Herritarren bizi kalitate duina bermatzeko bidea dela nabarmendu dute, baita krisiaren osteko testuinguruari erantzuna emateko neurria dela ere, Publicok jaso duenez. Europako herrialdeetan ongizate estatua berreskuratu nahi du batzordeak. Oinarrizko errentak aukera berdintasuna bultzatuko lukeela adierazi dute. Diputatuen %36k ezezko botoa eman du eta %13k, aldiz, abstentzioa.
Baina oinarrizko errenta unibertsala ezartzea al da arrakala soziala ezabatzeko biderik eraginkorrena? Aurkakoek diote politika aurrerakoien azken aldarria baino ez dela gizartean berdintasuna lortu ez ezik, klaseen arteko bereizketa areagotuko lukeela.
Neurriari mesfidati begiratzen diotenek produktibitatean kalteak eragingo lituzkeela diote eta langabezia sendotuko lukeela. Gainera, korronte berak ez ditu gobernuak gai ikusten errenta kudeatzeko: “kudeaketan arazoak izango lituzkete, nori eman eta nori ez eman zehazterakoan. Hori gutxi ez eta kanpoko presioei aurre egin beharko liekete”, diote aurka bozkatutako diputatuek.
Errentaren aldekoek sutsuki defendatzen duten arrazoiarekin ere ez dute bat egiten: pobrezia, muturreko pobrezia behintzat, guztiz kenduko lukeela diote. Izan ere, baliabide gutxien dituzten herritarrei laguntza hori emanez gero, ezberdinen arteko aukerak berdinduko liratekeela diote. Hainbat ekonomialarik ere ez dute uste oinarrizko errentak pobrezia desagerrarazteko balio duenik.