ARGIA.eus

2020ko uztailaren 13a

Etxean internetik ez daukaten haurrei konexioa eskaintzen hasi da Izarkom operadorea

  • Etxeratzen lehenengoak izan ziren haur eta gaztetxoak. Internet bidez eskolako lanei jarraipena ematen saiatuko zirela azaldu zuten ikastetxeek. Alabaina, etxe guztietan ez dago interneterako sarbiderik eta hainbat ikasle jokoz kanpo geratu da. Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa ikastetxeekin elkarlanean ari da, ahalik eta prezio baxuenean, hainbat etxetan konexioa izan dezaten.

ARGIA @argia
2020ko martxoaren 24a
Uste ustela da etxe guztietan internet dagoela.

Izarkom kooperatiba duela hiru urte sortu zen eta sortzaileetako bat da Gari Garaialde. Euskadi Irratiak elkarrizketa egin dio abian jarri duten egitasmoaz. Garaialdek adierazi du oso erraz esan zutela egoera larri honetan langileek telelana egingo zutela eta ikasleak etxetik arituko zirela. Alabaina, arrakala digitala Kazakhstanen ez, baizik eta “gure herrietan eta auzoetan daukagu. Denok ez gara konektatuta bizi”.

Mikel Garcia kooperatibako bazkide eta irakasleak bota zuen amua, bere ikasleetako lauzpabostek ez baitzuen konexiorik. Zer egin zezakeen kooperatibak arrakala nolabait gainditzeko? Bada, ikastetxeetara SIM txartelak bidaltzen dituzte eta irakasleak arduratzen dira beharra dutenen etxeetara txartelok iristeko. Txartelok interneterako datu kopuru jakin bat dute, Garaialdek egin duen kalkuluaren arabera, hilabeteko etxealdiari eusteko adinakoa. Kooperatibak adierazi du kostu-prezioaren azpitik ari dela txartelak banatzen, alegia, 17 gigabyteko txartela 11 eurotan (BEZ barne). Izarkomek konexioa eskaintzen du, ez ordenadorea edo tableta. Hainbat ikastetxe halako horniketak egiten ari da.

27 SIM txartel banatu dituzte eta 20-30 ikastetxek informazioa eskatu diete.

Etxean beharra duten gurasoei eta konexiorik gabe dagoen norbait ezagutzen dutenei eskatu diete dagokien ikastetxean ohartarazteko. Ikastetxeei berriz, eskaerak egiteko edo informazioa jasotzeko ondoko helbidera idazteko eskatu die: info@izarkom.eus.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Koronabirusa kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude