Zalantzak iraultzen dituzten txinpartak

  • 25. urteurrenaren bueltan antolatutako egitaraua borobiltzeko, lan mundua euskalduntzeko helburuarekin sortu zen Emun kooperatibak topaketa eta urteurreneko ekitaldia egin ditu ostegunean Arrasaten, Zalantzari leiho bat lelopean. Kooperatibak bizi duen eraldaketa prozesua erdigunean jarrita, zalantzen, ezinen eta horiek gainditzeko urratsen inguruan aritu dira solaskideak, hizpide  hartuta euskara, enpresa mundua, gobernantza eta kultura.

Arrasateko Iturripe kiroldegian ospatu du 25. urteurrena Emun kooperatibak / Argazkia: @ZabaletaMikel

2022ko urriaren 07an - 06:39

“Aldaketa ekidin ezina da; eraldaketa, aldiz, aukera bat da”. Hitz horiekin ireki ditu jardunaldiak Emun-eko koordinazio taldeko kide Amaia Baldak, erreferentzia eginez kooperatibak bizi duen barne prozesuari. Lan mundua euskalduntzeko helburuarekin sortu zen 1997an, baina herritarren partaidetzaren edo genero berdintasunaren bueltan ere ari da lanean gaur egun.

“Kanpoan eragiteko barruan eraldatu behar dugu lehenengo”, jardunaldien aurkezpen-txostenean irakurri daitekeenez. Hain justu, barrura begirako bidaia egiten laguntzea eta zalantzaren balio eraldatzailea erakustea zen Zalantzari leiho bat topaketen asmo nagusia. Horretarako, hainbat lagunen esperientziak izan dituzte abiapuntu.

Nico Cuenca ekonomialariak eta Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendariak Emunek ekainean egindako online saioetako puntu batzuk aletu dituzte lehenengo, enpresetako aniztasuna eta elkarlanaren gobernantza ardatz. Ostean, zalantzen aurreko beldurren eta horiek gainditzeko urratsen inguruan aritu dira Amaia Asua Orue –HAZIko langilea–, Satur Ormazabal –Panelfisa enpresako zuzendaria–, Julen Mendoza –Errenteriako alkate ohia– eta Arantza Santesteban –zinemagile eta historialaria–.

“Ihes egin nuen, ez nekien nola jokatu”

Amaia Asua Orue HAZI Fundazioko marketin eta publizitate arduraduna da. Jatorriz bizkaitarra, 24 urterekin Gasteizera joan eta hura du bizitoki. “Nire amamak ez zekien gaztelaniaz. Baserrian bizi izan zen, eta lotsa ematen zion handik ateratzeak, gaztelaniaz ez zekielako. Amak berriz ez zuen euskaraz hitz egiten; aitak bai, baina lanean ematen zuen egun osoa, gutxi egoten zen gurekin. Gaztelania dut beraz ama hizkuntza, baina euskararekiko maitasuna beti sumatu dut etxean, eta aukera izan bezain pronto hasi nintzen euskara ikasten, unibertsitatean lehenengo, euskaltegian gero, on line, hizkuntza eskolan...”. Hainbatetan pentsatu zuen inoiz ez zuela euskara menperatzea lortuko, “beti ikasten, baina bukatu ez”.

Gainera, Gasteizko giroa ez zen euskaraz aritzeko egokiena. Egun batean, autobusa etorri zain zeudela, alabarekin euskaraz ari zen hizketan. Haiek entzutean, emakume bat haserre zuzendu zitzaion Asuari, euskaraz ari zelako gaizki esaka. “Han zegoen mutiko batek erantzun egin zion, baina nik ihes egin nuen, ez nekien nola jokatu behar nuen. Itzelezko etsipena sentitu nuen, zertarako hainbesteko ahalegina euskara ikasteko, gero horrelakoak bizitzeko?”.

1998an HAZI fundazioan hasi zen lanean. “Enpresak euskara plana egin zuen, eta saltoa emateko aukera eman zidan. Aldaketa horri esker, berriz ere motibazioa lortu nuen, lankideekin hitz egiten nuen, lotsa kentzen hasi nintzen, bultzada handia eman nion nire euskarari, zeren eta ikastea ez da nahikoa, hitz egiteko saltoa eman behar da”.

Biloba jaiotzeko zegoenean, alabari galdetu zion, ea umeari zein hizkuntzatan egingo zion: “Ez dakit, ama, jaiotzean ikusiko dut zein ateratzen zaidan”, erantzun hark. Haurra jaio zen, eta Asuaren alabak euskaraz egin zion. “Zirkulua itxi egin da, ni zubia izan naiz, hori sentitu dut. Kostata, baina merezi duten gauzak lortzeko esfortzua egin behar da”, bukatu du.

“Eta arazoa ni baldin banaiz?”

Satur Ormazabal Zaballos Panelfisa automobilgintza enpresako zuzendaria da duela ia 30 urtetik. Denbora honetan guztian bizi izandako esperientzia eta sentipenak kontatu ditu, “inozentziaz betetako ilusioa”, “emozioa”, “lan gatazkak”, “ezina eta sufrimendua”, “egoera zailetatik ateratzen ikastea”... 2009ra egin du atzera, barnea erabat astindu zioten gertaerak azaltzeko. “Urte horretan etsipena zen nagusi. Urduri nengoen, haserre. Zer egingo dut, Panelfisa utzi? Galdetzen nion neure buruari”. Egun batean istripu harrigarri samarra izan zuten fabrikan. Ertzainekin liskarra ere izan zuten, eta Ormazabal ospitalera eraman zuten. “Ebakuntza egin zidaten, ukondoa eta orkatila immobilizatuak nituen. Geldi egotera behartuta, hamabost urtean pilatutako nekea gainera etorri zitzaidan. Ezina sentitzen nuen. Ahuldade horretan, nire barnean espazio bat irekitzen hasi zen, egoera beste begirada batekin ikusten hasi nintzen, galdera bati tiraka: Eta arazoa ni baldin banaiz?”. Hortxe txinparta.

“Horrelako galdera batek hamaika gauza mugiarazten ditu. Motxilaren zama partekatu behar nuela jabetu nintzen, autokritika eginez, aldaketak proposatuz... Ordura arte zalantzaz beterik banengoen, hortik aurrera gauzak argi ikusi nituen. Harrituta nengoen”. Ostean, “Panelfisa osoa, denok elkarrekin, zerbait eraikitzen ari ginela sentitzen genuen. Ahaztezina izan zen. Poza sentitzen nuen, baina baita tentsioa ere. Aldaketa egoera orok du loturik tentsioa, eta batzuetan ez da erraza kudeatzea”.

Langilek, bezeroak, instituzioetako ordezkariak, euskalgintzaren sektoreko eragileak... Lagun ugari bildu du Emunen topaketak / Argazkia: @emun_taldea

Nola entzuten diogu albokoari?

Zuzenbidean lizentziatua, gizarte berrikuntza bultzatzeko aholkularia, Errenteriako alkate bezala bizi izandakoez hitz egin du Julen Mendoza Perezek, jendeari entzuteko manerak duen garrantzia ardatz. Alkatea baino lehen hirigintza teknikaria izan zen bera, eta aholkularia orain. “Fase bakoitzak begirada berria ematen du, baina administrazioa berarekiko ere. Non kokatzen garen, administrazioa ikusiko dugu modu batera edo bestera. Dimentsio erabat diferenteak dira. Teknikari moduan entzutea, eta alkate moduan, ez zen gauza iguala. Teknikari moduan entzuten nituen espedienteen atzean pertsonak zeuden; perspektiba hori eman zidan alkatea izateak”.

Bere agintaldiko bi pasarte ekarri ditu gogora, “egia” batek izan dezakeen eragin kontrajarriaz jabetzeko.

Herrian gatazka piztu zen etorkin asko zegoen auzo batean, segurtasuna gora eta behera. Pertsona migratzaile batek eztabaida beroa izan zuen tabernari batekin, eta tabernaria bihotzekoak jota hil zen. “Horrek haserrea handitu zuen, manifestazioak egin ziren... Eta pentsatu genuen udal ordezkariok auzotarrekin hitz egin behar genuela. Jende mordoa bildu zen bilera hartan. Guk datuak eraman genituen, demostratzen zutenak zentroan delitu gehiago izaten zela auzo horretan baino. Esan genien segurtasun eza zela sentsazio bat, beste ezer baino gehiago... Haiek, ordea, haserre erantzuten ziguten. Gerora ikusi dut, egia batekin joan nintzela, eta ez nuela behar beste entzun, ez genuela egoeraren konplexutasuna ulertzeko entzutea behar beste ireki, emozioak pil-pilean zeuden une batean”.

Egiak, baina, leihoak ere ireki ditzake. “Bizikidetzan urratsak ematea herriarentzako beharrezkoa zela ikusi genuen”, kontatu du Mendozak. Batekok eta bestekok elkarrekin hitz egiteko pausoak eman zituzten. “Egia horrek aukerak ireki zizkigun, lagundu zigun entzutea, nahiz eta elkarrizketa intentsoak izan biktimekin-eta. Gure entzutea irekia zegoen, bestea entzun nahi genuen... Eta herria eraldatu genuen. Nahi badugu gizarte konplexu hau ulertu, entzun egin behar dugu bai ala bai. Galdera da: Nola entzuten dugu? Bikotekideari, seme alabei, gurasoei, lankideari... ?”.

“Zalantza da ezinegona, da angustia”

Arantza Santesteban Perez historialari, zinegile eta Lisboako Unibertsitateko ikerlariak webcam bidez hartu du hitza, Islandian baitago, 918 gau filma hango jaialdi batean aurkeztera joana.

Zalantza. Ziurtasuna. “Zineman gai hauen inguruan lan egin dut dexente, baita doktore tesian ere, bereziki militantzia, aktibismo, parte hartze esparruetan...”, azaldu du Santestebanek. Grezia Klasikotik datorren eta mendebaldean nagusi den “eraginkortasunaren” ideiaz aritu da, gure kulturaren parte den heinean, baita militantzia esparruetan ere. “Grezia Klasikoan esaten zen eraginkorra izateko forma eredugarria (ideala) pentsatu behar dugula. Helburu ideal horretara iristeko ibilbidea diseinatzen dugu, plangintza, denbora...”.

Batzuetan, ordea, estrategiak ez dira erabat betetzen, gerretan bezala. Dena ezin da planifikatu. “Azaltzen direnean espero ez direnak, urduri jartzen gara, eta zalantzak azaleratzen dira”, dio Santestebanek. “Eta ez dugu hitzik horri buruz hitz egiteko. Zalantza da ezinegona, da angustia... Frustrazioa eragiten du erreferenterik ez topatzeak. Zalantza ez da soilik galdera bat, egoera diferenteen arteko anabasa baizik, desenkaje sentsazioa eragiten duena. Nire pelikula horrelako desenkaje batetik sortzen da. Kartzelatik atera nintzenean gurasoen etxean neukan argazki eta gutunen kutxa ireki nuen. Afektuen trama izugarria zegoen. Eragin handia izan zuen nigan. Ikusi nuen zein sostengu inportanteak izan ziren espetxealdia jasan ahal izateko. Baina anabasa bat ere sortu zidan... Afektuak ikusten nituen, sostengua, baina inpaktua era handia izan zen. Ai ama, zer idatzi nuen! Lotsa sentitu nuen, harridura. Ikusten duzu zure burua kanpotik. Lur jota geratu nintzen, gogorra izan zen. Ez nuen hitzik sentipen horiek dekribatzeko, eta oraindik ere ez nago ziur erabat identifikatu ote ditudan. Egoera horiek talka egiten dute gure kode kulturalekin, desajustea dagoelako, krisia. Zer egin? Batzuetan ezikusiarena egiten dugu, gugandik kanpo balego bezala. Besteetan, begira geratzen gara, horrek eragiten duen deserosotasunarekin, duen arriskuarekin. Leku horiek dira zailenak, baina baita interesgarrienak ere”.

"Euskarak lan mundua behar du, eta lan munduak euskara"

Hitzaldien osteko ekitaldian emunkideak (bezeroak, bidelagunak...) eskertu eta zoriondu ditu kooperatibak. Amaia Balda koordinazio taldeko kideak eta Kristina Pavo lehendakariak azaldu dute "oso gertu" sentitzen dituztela guztiak, eta gustuko dutela hori, Emun "katebegi gisa" ulertzen dutelako. "Gizarte honetan euskaraz eta era justu eta iraunkorrean bizi nahi duen multzo zabaleko katebegi bat gehiago gara. Euskalgintzan sortu ginen eta bertan bizi gara. Herri gogo horri zor gatzaizkio eta hori bizirik mantentzea dagokigu".

"Euskarak lan mundua behar du, eta alderantziz, lan munduak euskara", gaineratu dute. "Badaude 25 urteotan izugarrizko ahalegina egiten ari direnak euskaraz lan egiteko, baina onartu behar dugu gutxi batzuek asko egitearekin nekez euskaldunduko dugula lan mundua, zerbait egingo duten asko behar ditugu, eta horretarako estrategia bateratuak behar ditugu. Gizarte eragileek babestu eta hauspotu egin behar dute sustapen hori, eta erakunde publikoek, araua eta baliabideak barnebilduko dituen marko egokia eskaini behar diete enpresei".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara lan munduan
Eibarko udaltzain bat euskararen ezagutzatik salbuetsi du Donostiako epaitegi batek

Udaltzaina 1992tik ari da lanean euskararen eskakizuna zuen lanpostu batean, eta egonkortze prozesua eskatzen duen lehiaketan euskarak baldintza gisa jarraitzen zuen. Udaltzainak helegitea jarri dio derrigortasun horri eta epaileak arrazoi eman dio.


227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

 


Ez dute euskara jakin beharko Donostiako Udaleko bi sailetako zuzendarik

Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.


Eguneraketa berriak daude