Berritzeguneetako lanposturako proba gaztelaniaz egin ahal izango da, deialdia aldatu baitu Jaurlaritzak

  • EAEko Berritzeguneetan hurrengo ikasturtean lan egiteko deialdira aurkezten diren irakasleek aldaketa bat ikusiko dute beren lana ahoz defendatzeko jarraibideetan: aurreko deialdian “defentsa euskaraz egingo da” zioen lekuan, orain dio “defentsa ahal bada euskaraz egingo da”. Alegia, erdaraz egin ahalko dutela aurkezpena, irakasleen eta ikastetxeen aholkularitzaz, prestakuntzaz eta berrikuntzaz arduratzen diren Berritzeguneetan lanpostua lortzeko.


2023ko maiatzaren 24an - 02:00
Azken eguneraketa: 14:57

Iaz hautagaiei ahozko azalpena euskaraz eskatzea eta aurten “ahal bada” euskaraz egin dezatela jasotzea oso esanguratsua da: euskaraz egoki mintzatzen diren hautagaiekin batera lehiatuko dira aurkezpena erdaraz egitea aukeratuko dutenak –euskaraz ez direlako ongi moldatzen, pentsatzekoa denez–, zer eta hezkuntzaren, irakasleen eta ikastetxeen zerbitzura dauden lanpostuetarako. Alegia, deialdian ez da bermatuko hautagaia euskaraz egoki mintzatzeko gai dela. Zertara dator atzera egite hau? Zein rol ematen dio euskarari? Zergatik erabaki du Jaurlaritzak, aurreko deialditik hona, ez dagoela zertan mantendu proba euskaraz baino ez egitea? Zein irakasle/hautagai profil du buruan Jaurlaritzak?

Deialdira aurkezten diren irakasleek merituak zehaztuko dituzte eskaeran eta proposamen bat aurkeztu beharko dute. Proposamen horren ahozko defentsa da aldatu dutena.

"Berritzeguneetan aritzen direnen euskarazko hizkuntz gaitasun egokia neurtzeko, zer egokiagorik norbere lan gaitasunak euskaraz azaltzea baino"

“Atzerapauso bat ikusten dugu ñabardura horretan”

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiari galdetuta, lanpostu horietan euskarazko hizkuntz gaitasuna "ezinbestekoa" dela erantzun dio ARGIAri: "Berritzeguneak dira ikastetxeek eta irakasleek dituzten aholkularitza gune garrantzitsuenak, Euskal Autonomia Erkidegoan. Berritzeguneen funtzioetara bagoaz, besteak beste alor didaktikoko edo hizkuntza normalizazioko aholkularitza egitea dago euren gain, baita Hezkuntza, Hizkuntza Politikak eta Kultura sailak sustatzen dituen hezkuntza berrikuntzen lehentasunezko ildoei buruzko aholkularitza; prestakuntza arloa ere oso lotuta dago Berritzeguneekin (premiak non dauden sumatzeko, prestakuntza bera eskaintzeko), eta uste dugu Berritzeguneetan aritzen direnek euskarazko hizkuntz gaitasun egokia ezinbestekoa dutela, zerbitzu horiek behar bezala betetzeko. Hori neurtzeko, zer egokiagorik norbere lan gaitasunak euskaraz azaltzea baino".

Eskisabelen hitzetan, "administrazioa euskalduntzeko proposamenean, Kontseiluak jasotzen du hainbat ebaluazio proba euskaraz egitea, berme handia delako, eta beraz, atzerapauso bat ikusten dugu ñabardura horretan, egitetik egin ahal izateko beheranzko jauzitxo horretan".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara lan munduan
Eibarko udaltzain bat euskararen ezagutzatik salbuetsi du Donostiako epaitegi batek

Udaltzaina 1992tik ari da lanean euskararen eskakizuna zuen lanpostu batean, eta egonkortze prozesua eskatzen duen lehiaketan euskarak baldintza gisa jarraitzen zuen. Udaltzainak helegitea jarri dio derrigortasun horri eta epaileak arrazoi eman dio.


227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

 


Ez dute euskara jakin beharko Donostiako Udaleko bi sailetako zuzendarik

Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.


Eguneraketa berriak daude