Eibarko udaltzain bat euskararen ezagutzatik salbuetsi du Donostiako epaitegi batek

  • Udaltzaina 1992tik ari da lanean euskararen eskakizuna zuen lanpostu batean, eta egonkortze prozesua eskatzen duen lehiaketan euskarak baldintza gisa jarraitzen zuen. Udaltzainak helegitea jarri dio derrigortasun horri eta epaileak arrazoi eman dio.


2024ko apirilaren 26an - 12:32
Azken eguneraketa: 16:27

Udaltzainaren arabera, euskara jakin gabe bere lanpostuan egon da 30 urtez eta orain betekizun hori eskatzea baztertzailea da. Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. epaitegiak Eibarko Udalaren aurka emandako sententziak ez du zalantzan jarri euskara lanpostu horretarako beharrezkoa izatea, baina gaur egun 45 urtetik gora duten udaltzain finkoak eskakizun horretatik salbuetsita daudela dio, eta behin-behinekoak ere salbuetsi behar direla.

Kontseiluak euskararen normalizazioaren eta herritarren hizkuntza-eskubideen aurkako oldarraldi judizialean kokatzen du sententzia berri hori eta, dioenez, epaia juridikoki eztabaidagarria den 2023ko Laudioko gisa honetako sententzia batean oinarritzen da. Epai hartan, euskara "munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarrena dela" argudiatu zuen Gasteizko epaile batek, Laudioko Udalak jarritako helegiteari erantzutean.

Kontseiluaren ustez, “administrazio publikoak herritar guztien eskubideak bermatzeko betebeharra du, eta horretarako, ezinbestekoa da langile publiko guztiek bi hizkuntza ofizialen ezagutza izatea. Hori bi modutara egin daiteke: lanpostuei gutxieneko hizkuntza-eskakizunak jarriz, eta jada lanean dauden langileei euskalduntzeko bitartekoak eta erraztasunak eskainiz”.

Eibarko Udalari babesa erakutsi dio Kontseiluak eta hasi berri den legegintzaldi berriari begira, “oldarraldiari aurre egiteko konpromisoak har ditzaten” eskatu die alderdiei. Kataluniako zein Galiziako ereduak aintzat harturik, administrazio publikoko hizkuntza-irizpideen paradigma alda dezaten eskatu die, gaztelera izan ez dadin enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra”.

ELAk eta LABek epaia salatu dute

LABen ustez, auzitegi espainiarrentzat euskara bigarren mailako hizkuntza da: “Epaiak ez ditu auzitan jartzen deialdi horietan bertan ezartzen diren gainontzeko eskakizunak, tartean gaztelera ezagutu beharreko derrigorrezko eskakizuna. Euskara eskatzea baztertzailea da, baina antza gaztelera ezagutzea ez”.

Sindikatuak salatu du gisa honetako epaietan ematen ari diren argudioetan, “euskara beti bazterkeriarekin lotzen dutela”. Administrazioetako langileen artean dagoen gehiegizko behin-behinekotasunarekin amaitu behar dela iritzi dio, “baina ez euskararen kaltetan”.

ELAk dioenez, gaztelera jakitea derrigorrezkoa da lanpostu guztietarako, euskara jakitea batzuetan soilik eta “egoera horretan, euskararen ezagutza faktore diskriminatzaile moduan hartzen da, beste edozein ezagutza edo baldintzarekin gertatzen ez den bezala”.

Langileak euskalduntzerakoan, urteetan administrazioek euskararekiko utzikeriaz jokatu dutela salatu du ELAk: “Urte luzez lanean aritu eta bere lanpostuari dagokion euskara eskakizuna bete gabe langile andana dago euskal administrazioetan. Ondorioz, administrazioetan ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua gaztelaniazkoaren pare”. ELAren esanetan, egoera hori bideratzeko LABekin eta Kontseiluarekin batera plangintza eskatu diete administrazioei, baina muzin egin zaie.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara lan munduan
227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

 


Ez dute euskara jakin beharko Donostiako Udaleko bi sailetako zuzendarik

Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.


Eguneraketa berriak daude