227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

  • Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

     


2024ko otsailaren 28an - 11:23
Argazkia: Gari Garaialde / Argazki Press

Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du epaien aurkako apelazio helegiteak jarriko dituela langileak egonkortzeko 227 lanpostu kolokan jartzeagatik hizkuntza eskakizunengatik. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak hartutako epaiak oraindik ez dira irmoak, baina aldundiak “erabateko desadostasuna” adierazi du: “Uste dugu ez dutela behar bezala interpretatu funtzio publikoaren arloan eta hizkuntzaren arloan gai horri dagokionez aplikatu behar den araudia”.

Egonkortze prozesuen oinarrietan euskara B2 eta C1 ezagutza mailak eskatzen dizkiete lanpostua egonkortu nahi duten gehienei, eta lanpostu batzuetan meritutzat jotzen dute euskara jakitea. Esate baterako, 77 administrari lanpostuetatik, 71ri ezarri diete euskara eskakizuna, epaia jarri dutenen arabera, legez Bizkaiari dagokion baino derrigortasun indize handiagoa da hori.

Aldundiak azaldu du denek dutela hautaketa prozesuan parte hartzeko aukera: “Argi dago, bi hizkuntza ofizial dituen lurralde batean, bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko gai direnek hizkuntza bakarra erabiltzeko gai direnek baino merezimendu eta gaitasun handiagoa dutela”.

Beste epaiak 150 lanpostu egonkortzeko prozesu bat bertan behar utz dezake. Epaian diote, euskara eskatzeak soilik gaztelania dakiten langileak “diskriminatzen” dituela eta Bizkaiko Foru Aldundian euskarazko arreta “bermatuta” dagoela. 

Zenbait sindikatu ere kritika egin diete epaiei, eta ELA sindikatuak salatu du euskara jakitea “faktore diskriminatzaile” moduan hartzen dela: “Beste edozein ezagutzarekin ez da gertatzen”. Duela gutxi onartutako Euskararen Dekretua ere kritikatu du ez duelako aldaketarik ekarriko: “Euskaldunen hizkuntza eskubideak zapalduak izango dira aurreratzean ere”.

199 lanpostu kolokan, Gipuzkoan

Ez dira euskararen aurkako oldarraldi judizialaren adibide bakarra; duela bi aste LAB sindikatuak kontatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundian langileak egonkortzeko prozesuan dauden 199 administrarien izendapena kolokan dagoela. Euskaraz B2 eta C1 maila egiaztatzeko eskatu zieten lanpostua eskuratzeko, baina helegite baten ondorioz, ez dago argi maila egiaztatzen duten langileek lanpostua lortuko duten. ELAk eta LABek deituta helegitearen aurka protesta egin zuten langile askok, otsailaren 16an.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara lan munduan
Ez dute euskara jakin beharko Donostiako Udaleko bi sailetako zuzendarik

Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.


Berritzeguneetako lanposturako proba gaztelaniaz egin ahal izango da, deialdia aldatu baitu Jaurlaritzak

EAEko Berritzeguneetan hurrengo ikasturtean lan egiteko deialdira aurkezten diren irakasleek aldaketa bat ikusiko dute beren lana ahoz defendatzeko jarraibideetan: aurreko deialdian “defentsa euskaraz egingo da” zioen lekuan, orain dio “defentsa ahal bada... [+]


Eguneraketa berriak daude