Nafar legeen aurkako helegiteak kentzeko eskatu diote aldaketaren indarrek Espainiako Gobernuari

  • EAJk, EH Bilduk, Ezker Batuak eta Podemosek legez besteko proposamena aurkeztu dute Espainiako Diputatuen Kongresuan, hark Espainiako Gobernuari eska diezaion Nafarroako hamazazpi legeren aurka martxan dituen helegiteak kentzeko, eta bertako erakunde eta herritarren erabakiak errespetatzeko. Alderdi horietako ordezkariekin batera izan da Uxue Barkos, Nafarroako presidentea.


2016ko otsailaren 23an - 16:01
Nafarroako Gobernuko lau indarrek Kongresuan dituzten ordezkariek aurkeztu dute proposamena. Argazkian, Uxue Barkosekin batera. (Arg.: pamplonaactual.com).
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Lege horien artean daude, esaterako, poliziaren jarduna arautzen duena, eskuin muturrak edota poliziak eragindako biktimei buruzkoa, Nafarroako lurraldean frackinga erabiltzea debekatzen duena, etxebizitza eskubidea bermatzeko premiazko neurriak ezartzen dituena, eliza katolikoa zenbait zerga ordaintzera behartzen dituena eta Nafarroako biztanle guztiei doako osasun sistemara sarbidea bermatzen diena. Gehienak –hamazazpitik hamahiru– 2012tik aurrera onartutakoak dira.

EAJko Aitor Estebanen ustez, Espainiako Gobernuak helegite horiek aurkeztu izana estatu eredua ezbaian dagoelako adierazle dira. Gobernu bien arteko harremana aldebikotasunean oinarritu beharko litzatekeela esan du Estebanek, eta deitoratu du Madrilek Konstituzio Auzitegiaren bidea  hautatzea helburu politikoak lortzeko. Proposamena sinatu dute lau alderdien ustez , Moncloak “sistematikoki” erabiltzen du aipatutako Auzitegia nafar legediaren aurka jotzeko.

Egoeraren desoreka ere salatu du Estebanek: “Estatuak helegite bat aurkeztutakoan, erkidegoetako araua berehala geldiarazten da, baina alderantzizko kasuetan ez da gauza bera geratzen”.

Proposamenaren idazkian, lau alderdiek azpimarratu dute Nafarroako Legebiltzarra maiz agertu dela helegiteon aurka. Halaber, gogorarazi dute hamazazpi legeei ez ezik, Espainiako Gobernuak helegitea jarri diela 2015ean jaulkitako bi dekreturi, osasun, hezkuntza eta suhiltzaileen alorretarako lan eskaintza publikoak arautzen dituztenak.   


Nafarroako politika kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.