ARGIA.eus

2021eko apirilaren 22a

Eslovakiak herritar gehienei antigeno test azkarrak egin dizkie bi asteburutan

  • Aurreko asteburuan, urriaren 31 eta azaroaren 1ean, herritarren bi herenei antigeno-test zakarrak egin ostean, Eslovakiak joan den larunbatean, azaroak 7, bigarren txandan egin zien azterketa bera milioi erdi gehiagori. Gobernuak 15 egunez presaka prestatutako operazioan lan egin dute milaka militar, funtzionario, osasungintzako langile eta boluntariok. Eslovakian konfinamendua indarrean zegoenez, test azkarrotan negatibo eman duten herritarrei kalera libre ateratzeko agiria eman zaie eta parte hartu nahi izan ez dutenek bezala positibo eman dutenek hamabost egun gehiagoz jarraituko dute konfinatuta.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2020ko azaroaren 09a
Testeatze-postu bat Bratislava hirian, Danubio ibaiaren ertzeko kirol instalazio batean, azaroaren 1ean. (Argazkia: Jakub)

Modako herrialde aberatsa ez izanik, inor gutxik erreparatu dio Eslovakiari COVID-19aren kudeaketan eduki duen arrakastagatik. Eta ezin ukatu lehen olatuan arrakasta eduki zuenik, Europako hilkortasun tasa txikienetakoa eduki zuen (eta oraindik ere hala jarraitzen du, Worldometers zerbitzuaren estatistiketan berretsi daitekeenez). Neurri zorrotzak hasieratik hartu zituen Eslovakiako gobernuak; esaterako, bera izan zen udaberrian Europan musukoen erabilera derrigortzen lehenbizikoetakoa.

Udazkeneko olatuak, ordea, Eslovakia ere harrapatu du, nahiz eta oraingoan ere inguruko beste herrialde askoren aldean heriotz oso gutxi nozitu duen. Konparazioa oso nabarmen ikus daiteke ECDC erakundeak azaroaren 8an eskainitako zenbakiotan: aurreko 14 egunetan 100.000 biztanleren artean hildakoak Eslovakian 3,5 ziren; aldiz, bere herrialde bikia den Txekian 24,5, Hungarian 10,4, Polonian 8,7, Errumanian 7,6... gurekin alderatzekotan, Espainian 8,7 eta Frantzian 8,2.

Alabaina, Igor Matovic lehen ministroak urrian gobernuari proposatu zion herrialde osoari egitea antigeno-test azkarrak kolpe bakarrean edo bitan. Jokoaren arauak jakinarazi zizkien herritarrei: urriaren 24an gobernuak konfinamendua ezarri ostean, eslovakiarrei aukeran ematen zitzaien borondatezko test orokor batean parte hartzea, asteburuko jai egunetan egingo zen 15 minutuko test azkarrean negatibo ematen zutenei konfinamendutik aske geratzeko agiria emango zitzaien eta, aldiz, konfinatuta jarraituko zuten bai positibo emandakoek, baita testari uko egindakoek ere. Testeatze orokorretik kanpo geratuko ziren bai 10 urtez azpiko haurrak eta bai 65 urtetik gorako helduak edo zaurgarritasun berezian bizi direnak.

Hamabost eguneko prestaketa lanen ostean –eta azken ordura arte zalantzak eduki arren erronka aurrera atera ahal izango zuten ala ez– joan den asteburuan egin zuten testeatzearen parte handiena: urriaren 31n eta azaroaren 1ean,  3,6 milioi herritarri egin zieten testa, populazioaren bi herenei, horien artean aurkituz 38.000 positibo (azken asteotan Eslovakiak egun bakarrean PCR bidez aurkitzen dituen kasuen 15 halako).

Joan den larunbatean, azaroak 7, bigarren txandan egin zioten azterketa bera milioi erdi gehiagori. Deituta zeuden bai lehenbiziko txandan kutsadura kopuru handiak erakutsi dituzten dituzten eskualde jakinetako jendeak, bai kutsadura oso apala daukaten eskualdeetan borondatez parte hartu nahi zutenak. Agintariek esan dutenez, joan den larunbatekoan 553.000 herritarrek hartu dute parte eta horietan 3.677k eman dute positibo. Matovic lehen ministroak amaieran adierazi zuen: "Denok ados baldin bagaude askatasun gehiago behar dugula, zabalik nahi ditugula antzokiak, elizak... orain badakigu [epidemia kontrolatzeko] erreminta hau ere badaukagula".

Beste testeatze postu bat Bratislavako hipodromo batean. (Argazkia: Jakub Gavlak)

Hedabide nagusietan merezi duen oihartzuna eman ez zaion testeatze nazional honen zertzelada oso interesgarriak eman ditu Kristina Londakovak bere blogean. Londakova, sortzez eslovakiarra, osasun arloko aholku lanetan ari da Erresuma Batuan."How Slovakia tested 3.6 million people for COVID-19 in a single weekend" albistean ezaugarriok nabarmendu ditu:

- Teknologia berriak eta zaharrak uztartzean dago aurrera egiteko gakoa. Alde batetik, teknologia oso aurreratuz sortutako antigeno-testak erabili dira, baina aldi berean emaitzak paperetan idatzi dira eskuz. Parte hatzaileek emaitza (eta negatibo izanik kalean ibiltzeko baimena) paperean jaso zuten. Papera eta digitala uztartzea da arazo tekniko handiak saihesteko modua.

- Logistika aldetik ahalegin handia eskatzen du. Eslovakian 17 egunetan egin dituzte prestaketa lanak, 40.000 langilek hartu dute parte, tartean osasun zerbitzuetako 15.000k, 8.000 militar eta funtzionariok, udal funtzionarioek... 5.000 gunetan egin dira testak, gune bakoitzean hainbat test-mahai, hauetako bakoitza orduko 35 test egiteko prestatua, bi egunean 1.000... Test-mahai bakoitzean ari ziren 6-8 pertsona lanean: militar bat buru, polizia bat, bi boluntario administrazio lanetan eta osasungintzako 2-4 profesional, medikuntzako ikasleak barne. Hona Londakovak eskaintzen duen postu horietako baten krokisa:

Ezkerretik hasita: 1 ilara, 2 sartu poliziaren aurretik, 3 izena eman, 4 sudurretik eta eztarritik lagina hartu, 5 testa burutu, 6 itxaron, 7 emaitza jaso... eta irten militarraren ondotik pasaz. Munduan beste herrialde batek antzeko testeatze masibo bat egin nahi badu, milioi biztanleko kalkulatu behar ditu 1.000 test-mahai eta 8.000 pertsonako ekipoa.

 - "Eslovakiak –dio Londakovak– konfinamendu zorrotza ezarri zuen urriaren azken astean, jendeari etxetik irteten utziz soilik lanerako eta oinarrizko erosketak egiteko. Hori zen makila. Eta azenarioa izan da gobernuak testeatze masiboan parte hartzeko egin duen eskaintza, horrela jendeari eskainiz konfinamendua saihesteko irtenbide bat; asteburuan testean negatibo eman zuten jendeei berriro baimendu zaie etxetik irtetea bai lanerako baina baita ostatuetara joateko ere (hauek oraindik kanpoan bakarrik zerbitzatzen dute), gainerako neurriak ere kunplituz. Negatibotasun zertifikaturik erakutsi ezin dutenek konfinaturik jarraitu beharko dute bigarren asteburuko testa arte edo azaroaren erdialdea arte". 

Asteburuko testaren ondoren herritar batek jasotako zertifikatua
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Koronabirusa  |  Eslovakia

Koronabirusa kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude