Eskola-jangeletako elikaduraren kalitatea kritikatu dute guraso elkarteek

  • Eskola jantokietan haur eta gazteei eskaintzen zaien janariaren inguruan “ezin konta ahala dei, kontsulta eta kexa” jaso ostean, inkesta egin du Bizkaiko Ikasleen Guraso Elkarteak. 96 ikastetxetako guraso elkarteek erantzun dute eta jakien kalitate, kopuru eta barietate eskasa nabarmendu dute. Catering enpresek aurrekonturik eza argudiatu dute, eta guraso elkarteen apustua da ikastetxe bakoitzak bere sukaldea izatea.


2023ko martxoaren 22an - 09:27
Azken eguneraketa: 2023-03-30 10:16:48

Inkestan parte hartu duten 96 ikastetxeetatik gehienak Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroak dira (75) eta gehienek catering enpresen bidez funtzionatzen dute (63). Ikastetxeen %86ak aitortu du jantokiko zerbitzuarekin gorabeherak eta kexak izan dituztela, janariari lotuta. Kritika nagusiak honakoak dira: janariaren kalitate txarra (“fruta egoera txarrean iristen da; batzuetan, arrainaren zati bat alferrik galdu behar da egosteko moduagatik, itsatsi eta hondatu egiten da”), kopurua eskasa dela, haragi eta arrain gutxi eskaintzen dela, eta fruta gutxi ematen dutela eta barietate urrikoa (“gehienetan sagar eta mandarinak baino ez dira banatzen, ez da sasoiko beste frutarik eskaintzen eta esneki azukredunak barne hartzen dira”).

Inkestako ondorioen arabera, “haurrentzat eta, bereziki 5 urtetik beherakoentzat, osasungarriak eta egokiak ez diren elikagaiak sartzen dira (saltxitxak, ketchupak…)”. Menuetan aurrez abisatu gabeko eta justifikaziorik gabeko etengabeko aldaketak daudela ere salatu dute gurasoek.

Guraso elkarte baten ondorengo iritziak kritika orokortua islatzen duela dio txostenak: “Jantokiko zerbitzuaren barietate eta kalitate eskasak azken denboraldi honetan okerrera egin duela aipatu nahi dugu; kalitate eskaseko elikagaiak, arrain izoztuak, menu aldaketak (beti ere kostuak merkatzeko), fruta ez oso askotarikoak, kantitate urriak, eta abar”.

Hezkuntza Sailetik jasotako erantzuna “Horrekin gaude” izan da kasu guztietan; enpresen aldetik berriz, “aurrekonturik eza eta prezioen igoera” argudiatu diete

Zer diote Hezkuntza Sailak eta catering enpresek?

Inkestan parte hartu duten guraso elkarteen erdiak, 42 elkartek, dituzten kexen berri eman diete Eusko Jaurlaritzari edota catering enpresei. 42 horietatik 26k baino ez dute erantzunik jaso: Hezkuntza Sailetik jasotako erantzuna “Horrekin gaude” izan da kasu guztietan; enpresen aldetik berriz, “aurrekonturik eza eta prezioen igoera” argudiatu diete. Egoeraren berri izan arren, neurririk ez dela hartu salatu du Bizkaiko Ikasleen Guraso Elkarteak, nahiz eta araudiak dioen catering enpresek hartzen dituzten konpromisoen artean dagoela jakinarazten zaizkion gorabeherak ahalik eta lasterren konpontzea.

Ikastetxeak sukaldea izateak kalitatezko jakiak prestatzea errazten du, ez baita gauza bera ehunka edo milaka menu sukalde industrial batean prestatu eta garraiatzea, edo eskolan bertan mahaikideei egokitutako menua prestatzea

“Ikastetxerik ez, sukalderik gabe”

Bestalde, Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak kanpaina du martxan, “gure eskola eta institutuetan in situ sukaldeak eskatzeko”. Eskolako Organo Gorenaren bidez ikastetxeko zuzendaritzari lehenik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari ondoren eskaera egitera animatzen ditu guraso elkarteak. Horretarako argudioak ere ematen ditu kanpainan: elikagaien xahuketa nabarmen murrizten du (menuak egunean bertan birkalkulatu daitezkeelako, eskolara joan diren ikasleen arabera); menuak zerbitzatu baino denbora gutxi lehenago egiten dira; elikagai fresko, sasoiko, lokal, jasangarri eta kalitatezkoekin egitea errazten du (ez baita gauza bera ehunka edo milaka menu sukalde industrial batean prestatu eta garraiatzea, edo eskolan bertan mahaikideei egokitutako menua prestatzea); sukaldaritza tresna pedagogikoa izan daiteke ikasleekin lantzeko; eta sukaldea duten ikastetxeetako familiek hobeto baloratzen dute menuen kalitatea.

Hain justu, eskolan sukaldea jartzeko eskaera egin eta berriki lortu duen Beasaingo Murumendi eskola elkarrizketatu du Gure platera, gure aukera plataformak: elikadura osasungarria helburu, sukaldea lortzea lehen pausoa izan dela azaldu dute, eta bertako ekoizleekin harremana mantentzea eta kalitatea hobetzea dela egin duten apustua.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskola jantokiak
Bultzatu den elikadura politikaren ondorioak:
Nekazariak kaleetan eta gurasoak haurrekin plazetan protestan

Nekazariak protestan ari dira, baina eredu agroindustrialak hartu du lidergoa. "Itun Berdea" ere, Europar Batasunaren hurrengo hamarkadako estrategia nagusia zena, pikutara bota dezakete, begirik kliskatu gabe. Bitartean, euskal eskoletan zorriak eta harrak... [+]


Ikastetxeetan jantoki-zerbitzua ematen zuen Serunion enpresari kontratua eten dio Jaurlaritzak

Ikasturtean zehar enpresaren jantoki-zerbitzuak hainbat ikastetxeetan sortutako “arazoengatik” eten dute kontratua.


Ikastetxeentzako bestelako jantoki eredu baten inguruko azterketa egingo du Hernaniko Udalak

Herriko ikastetxe eta ikasle guztientzako bestelako jantoki eredu bat bideragarria ote litzatekeen aztertzea izango du helburu lanketak. Hernaniko ikastetxe bakoitzeko gurasoen ordezkariarekin elkarlanean egingo dute.


Gasteizko Salburuako ikastetxeek sukalde propioa nahi dute, baina Jaurlaritzak ez die bide ematen

Arantzabela, Errekabarri eta Salburua ikastetxeek sukalde propioa nahi dute, auzoko eskoletako jangelak hornitzeko, baina hilabeteak joan hilabeteak etorri, administrazioaren erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute: "Arduragabekeria eta utzikeria zantzuak sumatzen... [+]


2023-11-23 | ARGIA
Hernaniko ikastetxeetako jangeletan oihalezko ahozapiak erabiltzen hasi dira paperezkoen ordez

Hernaniko ikastetxe guztietako Haur Hezkuntza zikloan eta ikastetxe bateko Lehen Hezkuntza zikloan jangelan oihalezko ahozapiak erabiltzen hasi dira, paperezkoen ordez. Udalak izan du ekimena eta berak erosi ditu 213 ikaslerentzako kotoizko zapiak herriko oihal denda batean... [+]


Eguneraketa berriak daude