Azaroaren 28an istiluak izan ziren Intxaurrondo auzoan, Vox alderdiak karpa bat jarri ondoren. Emakumeak ziurtatu du ez zuela istiluetan parte hartu, baina ertzain batek jipoitu zuela. Hiru aste baino gehiagoko gaixo agiria eman diote eskumuturrean eta eskuineko izterrean jasotako kolpeengatik. Nahiz eta saleta jarri ez du espero gertaera argitzea
Xabier Martin kazetariak argitaratu du Berrian emakume batek Ertzaintza salatu duela azaroren 28an Intxaurrondon egin zioten eraso baten harira. 26 urteko emakumeak kontatu duenez, egun horretan Trintxerpen lagunekin biltzera zihoan eta Intxaurrondon Topoaren geltokira iritsi aurretik Voxek jarritako karpren harira sortutako istiluak aurkitu zituen, eta gertatzen ari zena ikusteko gelditu zen. “Gauzak pixka bat baretu zirenean” aurrera egin eta orduan egin zion ertzain batek eraso. “Topoaren geltokiaren aurrean Ertzaintzaren furgoneta bat zegoen, eta imintzio bat egin nien, mesedez lasaitasuna eskatzeko, gauzak baretuta baitzeuden jada. Ohartzerako ertzain bat niregana etorri zen korrika batean, bi aldiz bultzatu ninduen, eta eskuan borrarekin eman zidan. Ezin nuen eskua sentitu” adierazi dio Berriari.
Eskumuturrean eta eskuineko izterrean “indar guztiaz” kolpeak jaso zituen, eta makurturik ia lurrera erori zela azaldu du, “hanketako oinazeak ez zidan-eta zutitzen uzten”. Ertzain erasotzailea aldendu zenean, jadanik emakumea zutinik zegoela, beste ertzain bat hurbildu zitzaion zer gertatzen zen galdetzeko. Emakumeak gertatutakoaren azalpenak eman zizkion, eta bigarren ertzain honek “kontu handiz" besotik hartu eta "mesedez aldentzeko" eskatu zion.
Erasoaren ostean Topoa hartu eta konturatu zen ezin zuela ibili. Larrialdietara joatea erabaki zuen, beldur bai zen eskumuturreko hezurra apurturik ote zuen. Ez du hezur hautsirik, baina egunak pasa ahala izterreko kolpeek odolbildua eragin diote. Hori dela eta ema diote hiru aste baino gehiagoko gaixo agiria .
Salaketa
Ordutik zalantzak eduki ditu salaketa jartzeko baina, erretiratutako osaba ertzain baten gomendioz, azkenean jarri egin du. Emakumeak ziurtatu du bideo bat badela, eta bertan agertzen dela gertaturiko guztia. Iker Sarriegi abokatuaren bidez Donostiako epaitegian ertzaintzaren jipoiaren aurkako salketa jarri du. Esan duenez, badaki gertatutakoaz ez dela ezer argituko, baina “nik nahi dudana zera da: erakustea hau gertatzen ahal dela gaur egun. Esango nuke jo ninduenak inpunitate osoz jo ninduela, jakinda ez zaiola deus ere gertatuko. Nik ez nuen ezer egin Ertzaintzaren aurka, eta, hala ere, begira nola nagoen. Nola oldartu daitezke modu horretan jendearen aurka?”, galdetu du.