"Ertzain batek jo ninduenean borra ere hautsi zuen, eta orduan ukabilkadak ematen saiatu zen"

  • Ekainaren 15eko gauean kalez eta uniformez jantzitako ertzainen erasoak salatu dituzte Oñatiko bost gaztek. "Jare Kuartela Eguna"-ren amaieran gertatu zen, Oñatiko gaztetxeko inguruetan.


2019ko ekainaren 18an - 14:02
Ertzainen borra kolpeak jaso zituen gazte baten gorputzeko markak.

Anonimotasuna gordetzea erabaki duten arren, borra kolpe ugari jaso zuen gazte baten testigantza jaso dugu. Jarraian berarekin izan dugun solasaldiaren xehetasun guztiak.

Nolakoak izan ziren gaztetxetik irten eta ertzainak oldartu arteko uneak?

Goizeko hiruak aldera kontzertuen amaieran gaztetxetik atera eta Antixena parketik irtetzean, argi urdinak paretan islaturik ikusi genituen. Gutariko batek “zipaioak” zeudenen abisua eman zuen. Segundo batean gure gainera etorri ziren ertzain guztiak batera eta borra luzagarria eskuan zutela. Ez zen momentuko erreakzio bat izan, jotzera etorri ziren eta eman ziguten.

Istiluen unean zer esaten zuten ertzainek?

Para atrás, que os vayais para atrás” edo “zipaio le llamas a tu puta madre” bezalako hitzak, denak modu txarrean esanda eta inolako azalpenik eman gabe.

Non zeuden ertzainak?

Oñatiko Kale Barrian [gaztetxetik behera dagoen kalea] istilu bat izan zela esan zuten, baina egoera hori kontrolatzera irtengo balira, ez ziren Santa Marina plazan [gaztetxe gaineko plaza] autoan gordeta egongo.

Ertzainen presentziaz lagunak ohartzeko zuetariko batek “zipaio” hitza erabili zuela azaldu duzu. Istiluaren eragile zuzena izan daiteke hori?

Inolaz ere ez. Gure artean abisua pasatzeko bezalako tonuan esan genuen gainera. Aurretiaz kontzienteki pentsaturiko jokabide bat izan zuten, bestela identifikatu eta Mozal Legearekin edo zigortuko gintuzketen. Hala ere, ez zuten horretarako inolako asmorik izan.

Zuk eta zure beste lau lagunek jaso duzue alderik txarrena, baina beste edozeini gertatu litzaiokeela uste duzue?

Egun horretan edozein ekitalditan parte hartu zuen edozein herritarri gerta zitzaiokeen. Gure salaketa publikoa hortik doa, ez dugu izenik ematen, baina egoera salatzen dugu, jendeak horrelakorik gehiago ez sufritzeko.

Ertzainek epaiketa legalik izango ez duten arren, izan dezatela epaiketa soziala gutxienez. Jendeak ikus dezala nola jokatzen duten eta hurrengoan ez dezatela antzerako atrebentziarik izan.

"Egun horretan edozein ekitalditan parte hartu zuen edozein herritarri gertatu zitzaiokeen, eta ertzainek inolako epaiketa legalik izango ez dutenez, publikoki salatu nahi izan dugu"

Ertzainetako bat gaztetxe aurrean ere oldartu zela aipatu didazu. Zer gertatu zen zehazki?

Hala da. Ertzainetako bat ateari kolpeka hasi zen, “que salgais, cabrones” oihu artean, besteak beste. Barruan zeuden gazteek atea itxi egin zuten eta azkenean beste ertzain batek handik eraman zuen.

Nola amaitu zen guztia?

Egurtu eta segituan joan egin ziren. Berehala egin zuten ihes ertzainek.

Nola erreakzionatu zenuten erasoaren ostean?

Momentuko inpotentziak gainditurik oihu batzuk bota genizkien ertzainei. “Shock” egoeran bezala geratu ginen. Ondoren, gaztetxera joan ginen gertaturikoa kontatu eta babes bila. Azkenik, parterik txarrena jasan genuen lagunak etxera joan ginen.

Jipoituak izan zinetenek zein ondorio izan duzue?

Gorputzean jasotako kolpeek minduta egunak daramatzagu, baita gertatutako guztiari buruan bueltak ematen ere. Egoera hau salatzeagatik gertatu ahal zaigunak kezkatzen gaitu, baina espero dugu ezer ez pasatzea.

Ezjakintasunez bizi dugu egoera, hurrengo larunbatean kalera irten eta zer gertatu ahal zaigun guri, lagunei edo familiakoei. Horrela jarraituz gero edozer gerta daiteke.

Kolpeen eraginak nabari dituzu oraindik gorputzean?

Bai noski. Igande goizean ohetik jaiki nintzenean sei borra kolpe marka nituen gorputz osoan, eta hori marka utzi zituzten kolpeak soilik kontaturik. Ertzain batek jo zidan kolpe batean borra ere hautsi zuen, eta orduan ukabilkadak ematen saiatu zen.

Jare Kuartela Egunarekin lotzen duzue?

Zein egun zen jakinda eta gaztetxean kontzertuak antolatu zirela ikusita, han geunden gazte batzuek egurtzeko asmoa izango zuten. Benetan zerbait serioa gertatu izan balitz, identifikatu egingo gintuzketen eta zigorren bat ezarri.

Bergarako egoitzara itzultzean aktaren bat ere beteko zuten, kargatu egin baitzuten, jokabide horren arrazoia azaltzeko. Azken finean, ez dago ezer dokumentaturik, bazekitelako pasatu egin zirela.

Eguna festa giroan eta inolako tentsio momenturik gabekoa izan zen, zein arrazoi izan daiteke tartean ertzainek jokabide hori erakusteko?

Batzuk hortik bizi dira eta biktimen lobbyak hortik sortu behar izaten dituzte. Komeni zaie hemen biolentzia egotea.

Salaketarik ez jartzeko erabakia hartu duzue, zerk bultzatu zaituzte horretara?

Azken finean ertzainek inpunitate legala dute. Iñigo Cabacas hil zutenean ere ez zitzaien ezer gertatu errudunei. Badakigu joko horretan sartuz gero galtzeko guztia izango dugula, beraiek arrazoirik ez izan arren. Horregatik salaketa legalik ez dugu egin, baina salaketa publiko bat bai, gizarteak berak epaitu ditzan egoera hauek.

Goienak argitaratu duenez, Ertzaintzak hau gertatu izanaren konstantziarik ez duela adierazi du.

Horrek argi eta garbi erakusten du Oñatiko gazteak egurtzera irten zirela. Ehizan irten ziren eta kasualitatez gu harrapatu gintuzten. Inor zaindu edo ordena publikoa mantentzea baino, jendea jipoitzeko helburua izan zuten. Zerbait larria gertatu izan balitz, kargatzeko arrazoia aktan islatuko zuten eta ez zuten ezer jarri.

"Ehizan irten ziren eta kasualitatez gu harrapatu gintuzten, ordena publikoa mantendu eta inor zaindu beharrean jendea jipoitzeko helburua izan zuten"

Egun batzuk pasa ostean, nola ikusten duzue gertatutakoa?

Psikologikoki, niregatik ez dut beldurrik, baina beste batzuengatik bai, agian. Pasa den larunbatera arte ez nau inoiz ertzain batek jo, baina tentsio handiko egoeratan izan naiz. Kezkatzen nau beste norbaiti gertatzea, eta guri baino min handiagoa eragitea.

Min fisikoari dagokionez, egun batzuren buruan desagertuko da, baina beldurra ematen du guri gertaturikoa edonori suertatu ahal zaiola pentsatzeak. Lagunekin hitz egitean komentatu didate esaterako, erasoaren ondoren gazte bat etxera korrika joan zela. Beldurra eragin dute.

Oñatin zer gertatu zen oso argi geratu dela uste dut, nork jaso zuen eta zeintzuk joan ziren min ematera. Guk ez genuen istiluetan sartzeko inolako asmorik eta gure bila etorri ziren. Ondoren, ertzainen egoitzan zer kontatzen duten eta egoera hori nola bizi duten beraiek jakingo dute.

Nik ez dut ezer esateko ertzain horiei. Beraiek ikusiko dute nola jokatzen duten, baina herri honek epaitu dituelakoan nago.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ertzaintza
2024-04-15 | Aiaraldea
Ertzaintzak bi lagun atxilotu eta 22 identifikatu ditu Urduñan

Agintaritzaren aurkako atentatua egitea leporatu diete bi atxilotuei. Ertzaintzak adierazi duenez, bi polizia agente zauritu zituzten igandeko operazioan. 


2024-04-05 | Gedar
Ertzaintzaren taser pistolen erabilera bi kasutik hamabira igo da lau urtean

2018 eta 2022 artean, gutxienez 32 aldiz erabili zuen arma hori Ertzaintzak. 2017an, Jaurlaritzak 50.687 euro bideratu zituen taser pistolen erosketara. Azken hilabeteetan, dozenaka pertsona zauritu dituzte ertzainek hamaika polizia-kargatan.


2024-04-02 | Hala Bedi
GKSk poliziaren jazarpena salatu du eta alderdi politikoen isiltasuna deitoratu

Gazte Koordinadora Sozialistak agerraldia egin du Gasteizen, larunbat gauean hainbat gaztek jasandako polizia-indarkeria salatzeko. Izan ere, etxebizitza huts batean sartu ziren gazteei babesa adieraztera bertaratu zen jendea jipoitu zuen Ertzaintzak. Lau pertsona ospitaleratu... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Eguneraketa berriak daude