Erraustegia eta makro-kartzela egin nahi dituzten lekura martxa deitu du Gipuzkoa Zutikek

  • Gipuzkoa Zutikek jakinarazi du irailaren 23an, igandean, Gipuzkoako Aldundiak erraustegia eta makro-kartzela egin nahi ditueen lekura martxa deitzen duela. "Gipuzkoako Aldundia arazo handi bat sortzen ari da alferrikako azpiegitura hau inposatu nahian. 30 kilometroko erradioan bizi garen ehunka milaka lagun arrisku larrian jarriko gaitu, 24 orduz minbizi hodei bat sortzen ariko baita, eta haizeak batera eta bestera mugituko du. Nola onartu halakorik?", diote.

Iaz 1.000 lagun inguru igo ziren erraustegia egin nahi duten lekura buzo txuriz jantzita. (Dani Blanco)

2018ko uztailaren 26an - 15:05

Prentsara bidalitako oharrean diote munduak erraustegiak atzean utzi behar dituela. "Airea kutsatzen, diru publikoa bidegabe xahutzen eta klima berotzen ari dira axolagabe batzuk". Azken astean hiru erraustegi proiektu bertan behera utzi dituztela azpimarratu dute: Buenos Airesen bat, Mexiko Hirian beste bat eta Sidneyn azkena. "Nola ulertu, jendea bide horri uko egiten ari denean, Gipuzkoan halako bat egitea? Hobe bai erraustegian xahutu nahi duten dirutzaren laurdenaren laurdena jasangarritasunean eta birziklatze tasak hobetzeko neurri errealetan inbertituko balituzte! Oso ongi demostratuta dago, erraustegia ez dela behar, alternatibak badaudela".

Martxa deituz egin duten kartela.

"Erraustegia gaur egungo politika neoliberalaren sinbolo" gisa ikusten dute. "Erraustegi hau ez du inork nahi, soilik denon dirua den diru publikotik milioika euroko kontratua jaso nahi duten horiek. Gainera, ez da ahaztu behar, Urbaser multinazionala ikertua izaten ari dela herrialde askotan politikariei komisioa ordaintzearren kontratu publikoen truke. EAJ alderdia ere, Araban lehertu zaion De Miguel auziak erakusten du, komisioak kobratzen ibili dela urte askotan Euskal Herrian kontratuen trukean. Zer arraio ari da gertatzen hemen? Egia exijitzen dugu", salatu dute.

Ikasturte honetan Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen kasua salatzeko, Intxarrandietak berak eta Igor Meltxorrek emandako Angula Ustelak hitzaldietan "erraustegiaren proiektua ustelkeria kasu agerikoa" dela argi geratu dela uste dute. Adibide ugari zerrendatu dituzte: GHKtik lapurtutako ordenagailuak, FCCri oparitutako kamioiak, swap maileguen kontratuak, hauek ospatzeko diru publikoarekin bankariak angulatara gonbidatu izana, eta Intxaurrandieta eta Errazkini era pertsonalean 40 milioi euro baino gehiago leporatzea. "Ez da onargarria" beren hitzetan.

Iazko martxaren laburpen bideo hau egin zuen Gipuzkoa Zutikek.

Makro kartzelaren gaiak ere arreta merezi duela uste dute. "Nola onartuko dugu herritarrok erraustegitik 100 metrora izugarrizko kartzela bat eraikitzea? Nola onartu presoak gas kamera horretan sartzea urtetarako? Baina zer arraio da hau?".

Europako hainbat protestarekin sintonian

Iaz egin zuen Gipuzkoa Zutikek martxa lehen aldiz eta Alemaniako Ende Gelände mugimenduko kideak bertan parte hartu zutela oroitarazi dute. "Europa osoan klimaren aurkako eta alferrikakoak diren proiektuen aurkako mugimendu desobedienteak indarra hartzen ari dira. Izan Alemanian, Txekian, Herbehereetan... gu ere hor kokatzen gara". Agerian utzi nahi dute jende askok ez duela erraustegia eta makro kartzelaren proiektuekin bat egiten.

Ondorengo bideoan Alemaniako aipatu mugimenduaren bideo bat.

Dei egin dute herrietan hitzorduak jarri eta zutabeetan elkarrekin joatera.

Iraultza Txikien Akanpada asteburu osoan

Gogorarazi nahi izan dute "bestelako Euskal Herri bat amesten duten herri mugimendu eta herritarrentzat" Iraultza Txikien Akanpada kanpaldia deitu duela Lurralde Askea mugimenduak Zubietan asteburu horretarako. Deialdiarekin bat egiten dutela jakinarazi dute. Martxa igandean izango da, 16:00etan Zubieta herritik hasita.

Iraultza Txikien Akanpada deituz egin dute kartela.

Lau bloke nagusi izango ditu ekimenak:

1- Hainbat gairi buruzko eztabaida eta gogoeta. "Arerioaren puntu ahulak bilatzeaz gain, geure buruen kontraesanak bilatuko ditugu", diote Lurralde Askea-ko kideek. "Nolako militantzia ereduak praktikatzen ditugu? Zer konpromiso klase hartzen ditugu? Zer irakatsi digu Kataluniako prozesuak? Eralda al dezakegu Euskal Herria behetik eta ezkerretik gure mugimendu zuri eta sozioekonomikoki integratuetatik? Nola findu borroka moldeak, aliantzak, gatazkak eta biolentziak? Zer nolako elkarrizketa askatzailea eraiki daitezke erakunde eta herri mugimenduen artean?"

2- Herri boterea eraikitzen jarraitzeko estrategiak partekatu eta adostuko dira. "Egungo egoera politikoarekin ados ez gaudenon sareak josi, aliantzak eraiki, borroka puntualak antolatu datorren udaberrirako".

3- Bizitza burujabetza landu da: Parte hartzaileek martxan dauden esperientzia komunitarioak ezagutuko dituzte, alor hauetan: elikadura burujabetza, etxebizitza, zaintza, energia, enplegua, finantzak...

&4- Irailaren 23an ekimen kolektibo bat egingo dute. Aurrerago emango dute horren berri, egitarau zehatza argitaratzearekin bat.

"Bizitza erdigunean jarriko dugu", dio Lurralde Askeak. "Eremu antipatriarkala izango da, antikapitalista, komunitarioa, autoeratua eta autokritikoa, borrokalaria eta alaia".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
“Heriotzaren merkatariak jada ez dira ezkutatzen, euskaldunak ere ez”

Ezohiko irudia ikusi zen Madrileko Moncloako jauregian martxoaren 18an: estatuko industria militarraren buru nagusiak Pedro Sánchez presidentearekin eta Margarita Robles Defentsa ministroarekin bilduta. Bertan ziren ere Hego Euskal Herriko enpresa militarretako buru... [+]


Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Eguneraketa berriak daude