Elkanori buruzko umeentzako komiki bat argitaratu du Espainiako Defentsa Ministerioak

  • Espainiako Armadako kideek eta Defentsa ministroak asteazkenean aurkeztu zuten jendaurrean Juan Sebastian Elcano, la primera vuelta al mundo komikia. Ume eta nerabeentzat zuzendutako lana da, Ignacio Horcada almirante militarraren hitzetan “itsasgizon vasco español-ik unibertsalenak egindako balentria” hobeto ezagutarazten lagunduko du.


2019ko abuztuaren 02an - 09:31

Jorge Rodríguez Rivero ilustratzaileak egin ditu marrazkiak, publiko gazteenari “era dibertigarri eta hurbilean” Joan Sebastian Elkano eta “lurraz zegoen ikuspegia aldarazi zuen balentria” ezagutarazteko. 3.500 ale inprimatu dituzte, eta laster beste 3.000 kaleratuko dituzte Espainiako Defentsa delegaritza guztietara, zenbait enbaxadetara eta Espainiako Estatuko zenbait ikastetxetara bidaltzeko. Defentsa Ministerioko webgunetik doan deskargatu daiteke.

Espainiako Defentsa ministro Margarita Roblesek aurkezpenean azpimarratu ditu Magallaes, Elkano eta enparauek “kausa justu baten alde erakutsitako leialtasuna eta babesa, baita bakearekiko haien errespetua ere”. Komikiaren helburua da “goraipatzen ari garen balentria umeengana hurbiltzea”, eta gogorarazi du Defentsa Ministerioarentzat beti izan dela lehentasunezkoa “defentsaren kultura” sustatzea eta Armada gizartearengana hurbiltzea.

“Zentzuzko ausardia eta ekintzailetza dira espainiarrek berezko duten izaeraren parte, eta horixe da Elkanoren espiritua. Espainia hobea eraiki nahi dugu, munduan punta-puntakoa izango dena, eta Elkanoren balentria horretarako baliagarria da”, esanez amaitu zuen hitzartzea ministroak.

 

 

Ignacio Horcada militarra eta Margarita Robles defentsa ministroa komikia eskuan duela. Elkanoren mundu bira ospatzeko Espainiako Gobernuak sortutako fundazioaren buru da Horcada.

 

 

 

Konkista eta kolonizazioa umorez

Nafarroako Konkista militarraz halaxe dio zuri gorriz jantzitako nafar batek komikian, atzean gaztelua duela: “Ados, batuko gara, baina foruekin eta sanferminekin! Riau riau!”. Euskaldunak irudikatzeko Espainian erabilitako ohiko topikoez josita dago komikia: “qué pasa pues", Txomin, euskaldun potolo onberak...

Orohar, Elkanoren espedizio militarrean –zein aurretik mertzenario gisa parte hartutako gerretan– egindako emakumeen bortxaketak, jatorrizko herrien azpiratzea eta arpilatzea, esklabutza eta abarrak ez dira agertzen komikian, edo iruzkin umoretsuekin hutsaltzen dituzte.

Komikiaren aipu batean argi adierazi dute zein den komikiaren ikuspegi orokorra: Elkanoren “espedizio honek ez zuen lapurreta edo ebasketa helburu, asmo esploratzaile, politiko eta komertzialak zituen. Bi aldeek estimatutako ondasunak elkar trukatu zituzten”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elkanoren mundu bira
"Euskal Herri dekoloniala" aldarrikatuko dute Gasteizen, Elkanoren mundu biraren urteurrenean

Asteazkenean mobilizazioa egingo dute bigarren urtez jarraian, "ipar global eta zuriaren menderatze historikoa" salatzeko.


'Sin Límites' edo nola errepikatu lehen mundu birari buruzko narratiba konbentzionalak

Irailaren 6an Victoria ontzia Sanlucar de Barramedara iritsi zeneko V. mendeurrena ospatu zuten, bost mende lehenago portu hartatik abiatu eta hiru urte geroago lehen mundu bira osatu izana gogoan. Horrelako oroipen ospakizunetan ohikoa denez, urteotan zeharkaldia gogoratzeko... [+]


2022-09-06 | ARGIA
"Euskal Herri dekolonialaren alde egin nahi dugu lan"

Eusko Jaurlaritzak irailaren 6a jai-eguntzat izendatu du Euskal Autonomia Erkidegoan, Juan Sebastian Elkanok munduari emandako bira ospatzeko. Gasteizko herri ekimenak elkarretaratzea egin du General Loma enparantzan. Adierazi duenez, "aurrera eraman nahi dugun mobilizazio... [+]


Eguneraketa berriak daude