Elkanori buruzko filmeko pertsonaiak 'El Doradorako Bidea'-ren "plagioa" direla salatu dute

  • Twitter bidez agerian utzi dute Elkanoren filmeko pertsonaia nagusiak Mexikoko konkistan girotutako El doradorako Bidea filmaren kopia direla. Euskal Herrian Elkanori buruz egindako filmak kritika gogorrak jasotzen jarraitzen du Filipinetan.


2019ko azaroaren 08an - 08:15
Ezkerrean "El Doradorako Bidea" filmako protagonistak, eta eskuinean "Elkano, lehen mundu bira"-koak.

The Road to El Dorado 2000. urtean Dreamworks ekoiztetxe ezagunak egindako filma da. Egungo Mexikoko lurren konkista odoltsuan girotutako animaziozko lanak bi “espainiar abenturazaleren” historia du ardatz, Mexiko konkistatzera eta arpilatzera doan Hernan Cortesen itsasontzian polizoi doazenak.

Espainiako konkistatzaileekin 'ondo' konpontzen diren buruzagi indigenak

Klitxe arrazistaz eta akats historiko-geografikoz josita dago filma. Hernan Cortesek Mexikoko konkistan eragindako basakeriak ezkutatzen ala oso gainetik erakusten ditu, eta “bi munduen arteko topaketa lasaia” saldu nahi badu ere, indigenekiko harremana era paternalistaz jorratzen du. Adibidez, indigenak aurkeztuz, onak eta txarrak dikotomiaren arabera eta denak europar gizon zuri protagonisten abenturak edertzeko atrezzo gisa, bereziki emakumeak.

2019an estreinatu den Elkanori buruzko filma ere Espainiako Inperioarekin lotutako beste espedizio armatu bati buruzkoa da. El Doradori buruzko filmaren ikuspegi eurozentrista bera errepikatzen du. Kopiatzen hasita, pertsonaia nagusien itxura ere kopiatu dituztela erakutsi dute Twitter bidez.

 

Tulio eta Elkano, molde bereko protagonistak

Mexiko eta Filipinak milaka kilometrotara badaude ere, hango herritarrak ia berdin-berdin irudikatu dituzte. Indigena gaiztoa, haserre begirada eta sudur luzearekin; konkistatzaileekin ondo moldatzen den indigena ona, irribarretsu eta potoloa; protagonistarekin maitemintzen den emakume indigena, XXI. mendeko emakumearen gorputz estereotipatua duena; eta bitxiena, protagonistak beraiek ere, Tulio eta Elkano, klonak dirudite.

Emakume bulartsu eta ipurtandiak, umeentzat

Kopiatu dituzten gizonezko pertsonaietan aldaketak oso txikiak badira ere, oso adierazgarria da europar gizon zuri protagonistarekin maitemintzen den emakume indigenaren garapena.

Emakumeen gorputz estereotipatua ezinezko proportzioetara eraman ditu Angel Alonso zuzendari pasaitarrak. Ohiko janzkera “minimalistaz”, ezpain-begi-bular handiez eta argaltasun ia anorexikoaz gain, aurpegia bezain luzea du lepoa orain eta gerriaren mehea eta ipurtaldearen zabala fisikoki ezinezkoa den mailara eraman dituzte Debulitoon eta Barton Films ekoiztetxeek.

Gizon zuri protagonistekin maitemintzen diren emakume indigenen gorpuzkera ez dira batere aldatu 20 urtean, marrazkilariak Dreamworks-ekoak ala Euskal Herrikoak izanik ere.

Hauek kontuan hartuta, are larriagoa da bi filmak umeentzat sortu eta pentsatutakoak izatea.

 

 

 

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elkanoren mundu bira
"Euskal Herri dekoloniala" aldarrikatuko dute Gasteizen, Elkanoren mundu biraren urteurrenean

Asteazkenean mobilizazioa egingo dute bigarren urtez jarraian, "ipar global eta zuriaren menderatze historikoa" salatzeko.


'Sin Límites' edo nola errepikatu lehen mundu birari buruzko narratiba konbentzionalak

Irailaren 6an Victoria ontzia Sanlucar de Barramedara iritsi zeneko V. mendeurrena ospatu zuten, bost mende lehenago portu hartatik abiatu eta hiru urte geroago lehen mundu bira osatu izana gogoan. Horrelako oroipen ospakizunetan ohikoa denez, urteotan zeharkaldia gogoratzeko... [+]


2022-09-06 | ARGIA
"Euskal Herri dekolonialaren alde egin nahi dugu lan"

Eusko Jaurlaritzak irailaren 6a jai-eguntzat izendatu du Euskal Autonomia Erkidegoan, Juan Sebastian Elkanok munduari emandako bira ospatzeko. Gasteizko herri ekimenak elkarretaratzea egin du General Loma enparantzan. Adierazi duenez, "aurrera eraman nahi dugun mobilizazio... [+]


Eguneraketa berriak daude