Agroindustriaren aurrean elikadura burujabetzaren aldeko aldarria Gasteizko auzoetan

  • Erosketa saskiaren garestitzea eta horretaz etekinak ateratzen dituen eredu agroindustriala salatzeko hamarnaka auzokide bildu dira larunbatean Judimendin (Gasteiz), Somos lo que nos dejan comer: agroindustriaren aurrean auzoak burujabetza jardunaldian. Egun osoko egitaraua antolatu du Batuta Judimendiko Elkartasun Sareak, elikaduraz kolektiboki hausnartu, Arabako produktuekin egindako otorduaz disfrutatu, elkar ezagutu eta sareak ehuntzeko.

Auzo bazkaria larunbatean Jubimendin. Argazkia: Batuta Judimendiko Elkartasun Sarea.

2023ko maiatzaren 15ean - 11:06
Azken eguneraketa: 12:56
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Jardunaldietan, batetik, salatu dute erosketa saskiaren garestitzearen atzean enpresa handien eredu agroindustrial kapitalista dagoela, oinarrizkoa den ondasun batekin ahalik eta etekin handienak lortzea duena helburu. Bestetik, egoeraren aurrean eredu alternatiboak eskaintzen dituzten egitasmoak ezagutarazi dituzte.

Antolatzaileek positiboki baloratu dute eguna: "Judimendik argi adierazi du isolatuta eta bananduta nahi gaituen sistema baten aurrean auzokideok batuta erantzungo dugula".

Era berean, azpimarratu dute erosketa saskiaren garestitzea "arazo kolektiboa eta egiturazkoa" dela, eta "komunitatea indartu eta alternatiba kolektiboak eraikitzeko aletxo bat" jarri dutela, elikagaien eredu agroindustrialaren aurrean.

Egun osoko egitaraua

Mahai inguru batekin eman diote hasiera egunari. Bioalai, Bionekazaritza, Herrizoma eta Aguraingo ekonomatuko kideei esker, agroindustriaren aurrean alternatibak eskaintzen dituzten proiektu eta esperientzia ezberdinak ezagutu ahal izan dituzte. "Argi erakutsi digute alternatibak egon badaudela", adierazi dute antolatzaileek.

Hamaiketako baten ondoren, Landa eta auzoa hurbilduz izeneko tertulia eskaini dute Arabako nekazari gazte batek eta Sarainenea basoko kide batek. Nekazari txikiek ezartzen dizkieten oztopoez eta modu agroekologikoan ekoizteko dauden zailtasunez aritu dira.

Arabako elikagaiekin egindako bazkaria gozatu dute eguerdian, eta bazkalostean bingo musikatua egin dute. Ondoren, Ya llegó la revolución hormonal (Heldu da iraultza hormonala) antzerkia eskaini du Betina Campoalegrek.

Egunari amaiera emateko, kalejira salatzailea egin dute, enpresa handi eta supermerkatuen papera salatzeko. "Haiek kontrolatzen dute elikaduraren merkatua, bai ekoizpena eta baita salmenta ere, ekoizleak eta auzoko denda txikiek haien alboan zaila dutelarik bizirautea", salatu du Batutak.


Elikadura burujabetza kanalean gehiago
2026ko otsailaren 18
Europako nekazaritza politikak
Nekazarien iragarritako heriotzaren kronika

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.