Ez gizonik ez emakumerik ez duen gizartea helmuga: ‘Garen piztiaz beste’

  • Iñi Etxezarreta eta Elene Lopetegik ‘Garen piztiaz beste: Hitz egin liteke euskal transfeminismoaz?’ liburua aurkeztu dute Durangoko Azokako lehen egunean. Iñigo Satrustegi Txalapartako editoreak lagunduta, menpekotasunean oinarritzen diren kategorien desagerpenerako lehen pausoak diseinatu dituzte, intersekzionalitatean oinarrituta eta Euskal Herriko testuinguruan kokatuta.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea/ARGIA CC-BY-SA

2025eko abenduaren 6an - 07:00
Azken eguneraketa: 09:52
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Durangoko Azokako lehen egunak eman die abaro Iñi Etxezarreta eta Elene Lopetegiri (Donostia, 1995) elkarrekin idatzi duten lehen liburuaren aurkezpenean: Garen piztiaz beste: Hitz egin liteke euskal transfeminismoaz? (Txalaparta eta Iratzar, 2025). Iñigo Satrustegi editoreak gidatutako ordubeteko solasaldian, beren proposamen politikoa jarri dute mahai gainean: emakume eta gizon kategoriak desagerraraztea, eta borroka transfeminista intersekzionalaren bidez antifaxismoan eragitea. Aurten kaleratutako liburua bada ere, aurreikusi dute ez dela bizkor modatik kanpo geratuko, eta gaia ezkerreko mugimenduetan mahai gainean jartzearen alde agertu dira.

Bizitzak batu zituen Etxezarreta eta Lopetegi. Umetatik, bi urteko gelatik, daude elkarrekin, eta militantziak mantendu ditu orduan bezalaxe. Hain zuzen ere, elkarrekin izate horrek bultzatu zituen liburua idaztera. Horrek, eta beren proposamen politikoa partekatu nahiak. Biek ala biek utzi dute argi zutela ez zutela nahi gaiaren inguruko pedagogiarik egin. Jakin badakite, beste gai batzuekin alderatuta, ezagutza ez dela horren zabala transfeminismoaren aferan, eta ikusten zuten sor zitekeela pedagogia egiteko premia. Baina ez zuten hortik jo. “Proposamen politiko batzuk egitea zen helburua, ez jendea konbentzitzea gu errespetatu behar gintuztela. Gure bizitzak ez dira konbentzitzeko, baizik eta haustura bat proposatzeko”, esan du Etxezarretak.

Horrela, bada, beren proposamen politikoa idazteari ekin zioten, jakinda parean zuten erreakzioaren haizeak zakar zebiltzala. Ikuspegi esentzialistei muzin egin eta genero bitartasuna baztertzearen alde agertu dira, menpekotasunean oinarritutako harremanak diren heinean; eta horretarako trantsizioak baliatuta. Baina ez trantsizioak zentzu esentzialistan –“ulertu baita trans existentzia oso modu gradualean, hasi eta buka duen prozesu moduan; gainera, gorputzari termino biologikoetan prozesuak jarriz, eta betirako izango zen prozesu bezala”, esan du Lopetegik–, baizik eta “detrantsizio” gisa ulertuta: “Gizon eta emakume izatetik deslotzeko trantsizio” gisa.

Argazkia: Gorka Peñagarikano Goikoetxea/ARGIA CC-BY-SA

Erreakzionarioak eta antifaxismoa

Transfeminismoaren aurkako erreakzionarismoak hartu du solasaldiaren zati handiena, eta ez da gutxiagorako izan, “ezker-eskuin” baitator erreakzioa bi autoreen ustez. Eskuin muturra goraka ari den garaiotan, autoreek azaldu dute ezkerreko zenbait sektoretan ere nabaritu dutela jada barneratuta zeuden zenbait borrokatan atzera pausoak egon direla. Horren adibide gisa jarri dute faxismoa eta antifaxismoaren arteko talka.

Azaldu dutenez, azken horrek “iruditeri oso konkretuak” ditu, baina ezin daiteke ulertu duela 100 edo 50 urteko terminoetan, hain zuzen ere “uniformeizatzen” dituelako bere inguruan dauden borrokak, ez dituelako bestelako subjektuak kontuan hartzen. Alegia, antifaxismoak egungo garaitik kanpoko ikuspegitik ulertuta, salatzen dituen subalternitate berak sortzen ditu, eta eragiten du “jende askok ez begiratu behar izatea bere pribilegioei”, autoreen iritziz.

Eta horren harira azpimarratu dute intersekzionalitatearen premia. Adibide bat jarri dute: “Dena bada burgesia eta langileria, bestelako ardatz zapaltzaile batzuk ez dira intersekzionalizatzen borroka horretan”. Azken urteetan mugimendu feministak arlo horretan egindako lana goraipatu dute, hain zuzen ere, eta borroka transfeministari bestelako borroka eta ardatz batzuk gehitzearen beharra nabarmendu dute: “Transfeminista izatea eta arrazakeriaren eta kolonialismoaren aurka egotea da gaur egungo antifaxismoa”, esan du Etxezarretak.

Hitz egin daiteke euskal transfeminismoaz?

Galdera horrekin abiatu du mahai ingurua ixteko bidea Satrustegi editoreak. Horri helduta, euskal feminismoak egindako bidea nabarmendu dute bi hizlariek. Etxezarretak euskal mugimendu transfeministaren hiru ardatz jarri ditu mahai gainean: bi estatu zapaltzaileetatik deslotzeak duen potentzialitate politikoaren kontzientzia; tradizio militanteak eraginda, militantzia transfeministarako gaitasun handiagoa; eta hizkuntza, euskara, euskal transfeminismoa ardazten duena. Horra heltzeko emandako pausoak aipatu ditu Lopetegik. Azaldu du euskal transfeminismoak euskal feminismotik edaten duela, 1960ko hamarkadatik datorren mugimendutik; are, txapel beraren azpian daudela egun ere.

Biek ala biek azpimarratu dute ezker independentistan euskal transfeminismoaren inguruan berba egitearen garrantzia, “antifaxismoaren izenean dagoen oldarraldi transfoboari” aurre egiteko. Lopetegik gehitu du Mugimendu Feministaren barruan ere gaiaren inguruan hitz egin behar dela, “korapilo” asko baitaude, “zatiketak”; eta horiek mahai gaineratu eta ikusaraztearen alde agertu dira.


Eguneraketa berriak daude