ARGIA.eus

2020ko irailaren 26a

EH Bilduk Gobernuarekin "gehiengo sozialaren aldeko" neurriak hitzartu ditu baina PSOEk ez duela erabat beteko iragarri du

  • Maiatzaren 20 gauean EH Bilduk azaldu du PSOE eta Unidas Podemosekin izenpetu duen hitzarmena, Kongresuan alarma egoeraren luzapenean abstentziora jotzearen truke. Hitzarmeneko lehen puntua 2012ko lan erreforma osotasunean bertan behera uztea da eta beste hainbat puntuk jasotzen dute Aldundiek eta erkidegoek gastu soziala handitzeko zorpetzeko gaitasun handiagoa irabaztea. Gauerdian EFE berri agentziak zabaldu du, ordea, PSOEk iragarri duela akordio horren lehen puntua ez duela beteko, lan erreforma indargabetzea alegia.

ARGIA @argia
2020ko maiatzaren 21a

"EH Bilduk akordioa egin du PSOE eta Unidas Podemosekin Lan Erreforma indargabetu eta tokiko erakundeen gastu gaitasuna handitzeko". Horrela irakur zitekeen maiatzaren 20 gauean koalizio abertzalearen webgunean. Ordea, gauerdian EFE berri agentziak zabaldutako informazioaren arabera, PSOEk ez du EH Bildurekin izenpetutako akordioaren lehen puntua beteko: akordio horrek dio 2012ko lan erreforma osotasunean bertan behera utziko dela, eta hori indarrean jarriko dela Gobernuak COVID-19agatik ezarritako salbuespen egoera bukatu baino lehen. Akordio honen barne zegoen EH Bilduko Kongresuko bost diputatuek abstentziora jotzea alarma egoeraren luzapena ez oztopatzeko, eta hala egin zuen.

Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak RNE Espainiako irratian maiatzaren 21 goizean esan du akordioa indarrean dagoela eta PSOEk iragarri duena "gehiago dela azaleko kontu bat, mamizkoa baino". Badirudi PSOEk PPk 2012an ateratako lan erreformaren hiru puntu utziko dituela bertan behera, eta ez lan erreforma osoa, EH Bildurekin sinatutako akordioan jasotzen zena hori bazen ere.

Unidas Podemoseko kide eta bigarren presidenteorde Pablo Iglesiasek adierazpen irmoak egin ditu Catalunya irratian maiatzaren 21 goizean: "Gardena izango naiz. Pacta sunt servanda (sinatutakoa zor). Unidas Podemosek PSOErekin legegintzaldirako, inbestirurarako eta koalizio Gobernurako dugun akordioan ez da zati bat bertan behera uzteaz hitz egiteko, lan erreforma bertan behera uzteaz baizik. (...) Atzo hiru alderdietako ordezkariek sinatutako akordioan hori da adostutakoa. Ondoren, bakoitzak nahi duena esango du. Baina sinatutako dokumentuetan, hiru talde parlamentarioek adostutakoa hori da".

Arnaldo Otegik 12:30ean prentsaurrekoa eman du balorazioa egiteko. Bere hitzetan atzoko akordioak ilusioa sortu zuen "eta inork ez dauka eskubiderik ilusio hori zapuzteko". Horrez gain, EH Bilduk lan erreformaren aurka kalean egin izan diren mobilizazioekin bat egin duela eta hitza bete egiten duela adierazi du, eta beraz, lan erreforma osorik bertan behera geratu arte lanean jarraituko duela.

Foru Aldundiek eta Jaurlaritzak gastu soziala handitzeko gaitasuna irabaztea ere jasotzen du akordioak

EH Bilduk argitaratutako informazioaren arabera, Espainiako Gobernua osatzen duten indar politikoekin lortutako akordioak dio, baita ere, "tokian tokiko erakunde foralek eta autonomikoek gastu gaitasun eta malgutasun handiagoa izango dutela herritarren mesederako politika publikoak martxan jartzeko eta Covid-19aren krisiak eragindako ondorio sozialei aurre egiteko". "Udalek, halaber, politika sozialetara bideratzen duten dirua gastu arauaren zenbaketatik at uztea eta kontuan ez hartzea" adostua dute eta "Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren zorpetze gaitasuna soilik beren erakundeen finantza egoeraren arabera ezartzea" ere bai.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Covid-19 shockean adi kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude