Maiatzaren 20 gauean EH Bilduk azaldu du PSOE eta Unidas Podemosekin izenpetu duen hitzarmena, Kongresuan alarma egoeraren luzapenean abstentziora jotzearen truke. Hitzarmeneko lehen puntua 2012ko lan erreforma osotasunean bertan behera uztea da eta beste hainbat puntuk jasotzen dute Aldundiek eta erkidegoek gastu soziala handitzeko zorpetzeko gaitasun handiagoa irabaztea. Gauerdian EFE berri agentziak zabaldu du, ordea, PSOEk iragarri duela akordio horren lehen puntua ez duela beteko, lan erreforma indargabetzea alegia.
"EH Bilduk akordioa egin du PSOE eta Unidas Podemosekin Lan Erreforma indargabetu eta tokiko erakundeen gastu gaitasuna handitzeko". Horrela irakur zitekeen maiatzaren 20 gauean koalizio abertzalearen webgunean. Ordea, gauerdian EFE berri agentziak zabaldutako informazioaren arabera, PSOEk ez du EH Bildurekin izenpetutako akordioaren lehen puntua beteko: akordio horrek dio 2012ko lan erreforma osotasunean bertan behera utziko dela, eta hori indarrean jarriko dela Gobernuak COVID-19agatik ezarritako salbuespen egoera bukatu baino lehen. Akordio honen barne zegoen EH Bilduko Kongresuko bost diputatuek abstentziora jotzea alarma egoeraren luzapena ez oztopatzeko, eta hala egin zuen.
Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak RNE Espainiako irratian maiatzaren 21 goizean esan du akordioa indarrean dagoela eta PSOEk iragarri duena "gehiago dela azaleko kontu bat, mamizkoa baino". Badirudi PSOEk PPk 2012an ateratako lan erreformaren hiru puntu utziko dituela bertan behera, eta ez lan erreforma osoa, EH Bildurekin sinatutako akordioan jasotzen zena hori bazen ere.
Unidas Podemoseko kide eta bigarren presidenteorde Pablo Iglesiasek adierazpen irmoak egin ditu Catalunya irratian maiatzaren 21 goizean: "Gardena izango naiz. Pacta sunt servanda (sinatutakoa zor). Unidas Podemosek PSOErekin legegintzaldirako, inbestirurarako eta koalizio Gobernurako dugun akordioan ez da zati bat bertan behera uzteaz hitz egiteko, lan erreforma bertan behera uzteaz baizik. (...) Atzo hiru alderdietako ordezkariek sinatutako akordioan hori da adostutakoa. Ondoren, bakoitzak nahi duena esango du. Baina sinatutako dokumentuetan, hiru talde parlamentarioek adostutakoa hori da".
Arnaldo Otegik 12:30ean prentsaurrekoa eman du balorazioa egiteko. Bere hitzetan atzoko akordioak ilusioa sortu zuen "eta inork ez dauka eskubiderik ilusio hori zapuzteko". Horrez gain, EH Bilduk lan erreformaren aurka kalean egin izan diren mobilizazioekin bat egin duela eta hitza bete egiten duela adierazi du, eta beraz, lan erreforma osorik bertan behera geratu arte lanean jarraituko duela.
EH Bilduk argitaratutako informazioaren arabera, Espainiako Gobernua osatzen duten indar politikoekin lortutako akordioak dio, baita ere, "tokian tokiko erakunde foralek eta autonomikoek gastu gaitasun eta malgutasun handiagoa izango dutela herritarren mesederako politika publikoak martxan jartzeko eta Covid-19aren krisiak eragindako ondorio sozialei aurre egiteko". "Udalek, halaber, politika sozialetara bideratzen duten dirua gastu arauaren zenbaketatik at uztea eta kontuan ez hartzea" adostua dute eta "Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren zorpetze gaitasuna soilik beren erakundeen finantza egoeraren arabera ezartzea" ere bai.