Covid pasea Naomi Klein eta Deleuzeren argitan

  • La Bogue da Frantziako Limousin (okzitanieraz Limosin) eskualdeko hedabide alternatiboa. Kolektibo autonomo batek kudeatua, boluntarioek egina eta militantea, bere burua kokatzen du mugimendu anti-autoritarioaren baitan. Bertan agerturiko artikulua itzuli dugu euskarara.


2022ko urtarrilaren 28an - 08:00

Anarkista gisa, normala da edozein neurri autoritarioren aurka egitea (Estatuari, hain zuzen ere). QR kodea integratuta duen osasun-baimena neurri autoritarioa da, biztanleriaren zati bati osasun zerbitzuak, garraioa edo kultura eskuratzea eragozten edo mugatzen diolako neurri handi batean. Kontua ez da ez txertoa estrategia ona den ala ez jakitea eta ezta ere txertorik hartu ez dutenen osaketa soziologikoa ezagutzea, haiek beren “maila intelektual apalagatik” desenkusatzeko. Nire helburua da gaur egungo osasun-egoera aztertzea Naomi Kleinen shock-estrategia eta Gilles Deleuzeren kontrol-sozietatea bezalako kontzeptuen argitan.

Naomi Kleinen shock-estrategia

Gaur egungo osasun-egoera onartezina izango zen duela bi urte. Gaur egun nahiko onartua dirudi. Behaketa honen azpian dagoen populazioaren manipulazio eta kontrol teknika Naomi Kleinek teorizatu zuen, shock-estrategia izendatuz: "Hainbat ikerketa dokumentaletan, Naomi Kleinek dio hondamendiek (hondamendi naturalak, erregimen aldaketak, atentatuak), eragiten dituzten shock psikologikoekin, aukera ematen dietela kapitalismoaren txapeldunei aplikatzeko Chicagoko eskolaren doktrina, zeinen ordezkari ezagunena baita Milton Friedman. Horiek, hondamendiak gertatzen direnean, ezartzen dituzte Naomi Kleinek ultraliberaltzat jotzen dituen erreforma ekonomikoak, hala nola energiaren edo Gizarte Segurantzaren pribatizazioa". [2] Gaur egun bizi duguna azter dezakegu dela neurri ultraliberal, sekuritario eta indibidualizatzaileak inposatzea osasun krisi baten uberan, krisi hori kudeatu baita besteren artean bi hilabeteko konfinamendu handi bat eta bi etxeratze-aginduren bidez. Dena antolatu du gobernuak tentu handiz, armadako ofizialena dirudien hizkerarekin: “gerran gaude” errepikatu zuen sei aldiz Macronek 2020ko martxoaren 16ko hitzaldian, "hesi-keinuak", "erosketak egin diziplinaz", "debekuak ezarri ditugu, kontrolak egongo dira", "etsaia hor dago, ikusezina, iheskorra, aurrera datorrena", "krisiaren kudeaketa", “mugak itxita egongo dira”...

Kapitalismoa etengabe elikatzen da hura zeharkatzen duten krisiez. Historia beteta dago analisi hau berresten duten adibidez

Gobernuaren hitz egiteko modu horiek eta horiekin batera ezarritako neurri hertsatzaileek –ez gara horietaz luzatuko hemen– asko eragin diote jende gehienen osasun mentalari. Uste dugu kalte horietatik ez dela inor libratu, ez bada bere bigarren etxebizitzetan eta ezkutuko afarietan babestutako aberatsa. Gainera, hilkortasunik handiena jasan duen kanoi-bazka osatu dute funtsezko zerbitzuetan gaizki ordaindutako lanak dauzkaten pertsonek: erizaintzako langileak, komertzioetako kutxazainak, banatzaileak eta abar, arrazializatuak gehienak. Izurri hau hasi zenetik, lehentasunez babestu nahi izan dira goi klaseetako gorputz zuriak, hain zuzen erantzukizun askoz handiagoa dutenak birusa munduan zabaltzean, bidaiatzeko dauzkaten moduengatik (hegazkinetan bidaiatuz negozioetan, oporretan, eta abar).

Ohitzen hasi gara gure segurtasuna zaintzeko aitzakian ezartzen dizkiguten gure askatasun murrizketetara. 2001eko irailaren 11ko atentatuek baimendu zuten onartzea Vigipirate plan haluzinagarriak, armadako militar txit armatuak ekarriz gure hirietara, aireportuetako kontrol oso zorrotzak… 2015eko atentatuek baimendu dute larrialdi-egoera iraunkorra ezartzea eta horrela errazago zapaltzea protesta-mugimenduak (COP21 2015ean, Nuit Debout 2016an).

Gauza bat da ziurra, biztanleriak bere askatasunean galera nozitzen duenean, gero inoiz ez duela berreskuratzen murrizketak justifikatzeko erabilitako gertakariaren aurretik zeukan askatasun-maila. Ez naiz esaten ari, bistan dago, Covid-a fabrikatu egin dutenik neurri murriztaileak ezartzeko; esaten ari naizena da, beterik gabe, Covida pagotxa izan dela sistema kapitalistarentzat. “Kontua da osasun-pasaportea ezin dela ezarri baldin eta ez bada ‘salbuespen egoera’ batean, zeinetan segurtasunaren garrantziak gaina hartzen baitio zuzenbide estatuari”, hala azaldu du Dimitri M'Bamak, Montrealgo Unibertsitateko politika zientzietako doktoregoko ikasleak. Kapitalismoa etengabe elikatzen da hura zeharkatzen duten krisiez. Historia beteta dago analisi hau berresten duten adibidez. Tesi kapitalistei salduta dagoen Le Monde egunkarian bertan ere aurki daiteke honi buruzko artikulurik!

Gauza bat da ziurra, biztanleriak bere askatasunean galera nozitzen duenean, gero inoiz ez duela berreskuratzen murrizketak justifikatzeko erabilitako gertakariaren aurretik zeukan askatasun-maila

Gilles Deleuzeren kontrol-gizarteak

Iruditzen zait iritsi dela unea zokotik ateratzeko Gilles Deleuzeren analisiak. Haren arabera, pixkanaka pasatu gara subirautzazko gizarteetatik disziplinazko gizarteetara, Napoleonen garaian. Irakurketa eskema hau mendebaldeko gizarteei aplikatzen zaie batez ere. Subirautzazko gizarte zaharretan (XVII. eta XVIII. mendeak) ekoizpena antolatzea baino gehiago emaitzak biltzea zuten helburu eta eginkizun, bizitza kudeatzea baino gehiago heriotzari buruz erabakitzea.

Diziplinazko gizarteek (XVIII. mendea-XX. mendea) –jendeak hertsitzeko zenbait tresnarekin, hala nola eskola, fabrika, kartzela, familia –, helburutzat daukate produkzio indarrak kontzentratzea eta lurraldean bezala denboran ordenatu eta antolatzea, oinarrizko indar hauen eragina handiagoa izan dadin denen batuketa baino. Beraz, gizabanakoak ibiliko dira pasatuz inguru itxi batetik bestera. Baina Deleuzek 1990an esan zuen moduan, “gaur egun hertsitzeko gune guztiak dauzkagu krisian, presondegia, ospitalea, fabrika, eskola, familia, eskola erreformatu behar, industria erreformatu, ospitalea, armada, espetxea. Baina mundu guztiak daki erakunde horienak egin duela, eta egiten ari direna da haien agonia kudeatu eta jendea endredatuta mantentzea, instalatu artean jada ate joka datozen indar berriak. Eta hauek dira kontrolezko gizarteak, hauek hartuko dute disziplinazko gizarteen lekua”.

Kontrol-gizarte batean, ez gara mugitzen inguru itxi batetik bestera. Joan-etorri etengabean gabiltza. Jada ez gaude fabrikaren produktibismoan, ekoizpena maximizatzeko gizabanakoa oso nabarmen hertsitzen zuen hartan. Kontrolezko gizartean, enpresak ordezkatu du fabrika eta saiatzen da norbanakoa zoriontsu egiten, bere desirak sortzen; norbanakoak ez du soilik lehiakorra izan behar, lehiakor izateaz zoriontsu ere izan behar du. Diziplinazko gizarteak sinadura bat ezartzen du (gizabanakoa ezagutu ahal izateko) eta erregistro-zenbaki bat (masan ezagutzeko). Kontrolezko gizarteak, bere aldetik, gizabanakoaren datu kopuru handia behar du eta gizabanakoak badaki datu pila bat daramatzala bere gain. Nork bere burua bijilatzen jakiteak dakar jokabideak autorreegulatzea, Michel Foucaultek Monitor and Punish filmean zioenez; hau da, jokatzea modu honetan eta ez beste horretan, gainbegiratze lauso baina oso presente horren zamapean. Kontrolezko gizartearen ideala da guztiok elkar gainbegiratzea. Hain zuzen, izurritearen kudeaketa autoritarioak txibatazo asko eragin ditu… Estrasburgoko poliziak konfinamenduan zehar jasotako deien %70!

Horren guztiaren adibide on bat badaukagu Alain Damasioren La Zone du dehors zientzia fikziozko eleberrian, guztiok elkar kalifikatzeko sistema batean oinarritutako gizarte batekin. Benetan izugarri zatitu behar duzu gizarte bat, guztiek guztiak kontrolatzera iristeko. Sentitzen dugu poliki-poliki goazela horri buruz gaur egun, batik bat 2000ko urteen amaieran sare sozialek egindako igoerarekin eta honek ezarritako “like/unlike” sistemarekin, Black Mirror seriearen Chute libre episodioaren inspiratzailea duda barik. Episodio hori gertatzen da gizarte batean, non pertsonek gauza jakin batzuk eskura ditzaketen (hegan egitea, apartamentu bat alokatzea, eta abar) 0tik 5era lortu duten puntuaketaren arabera. Harreman bakoitzean, bakoitza "libre" da besteari nota bat ezartzeko bere telefono smartphonearen bidez… “Gure liderrak liluratuta daude Txinako ereduarekin eta daukaten tekno-segurtasun ikuspegiarekin, non dena digitalizatuta dagoen eta agintariek herritartasun-baimenak banatzen dituzten. Horixe da, hain zuzen ere, ustez 'osasun' baimen horren izpiritua. Hemen gobernu modu berri bat ari dira testeatzen. Agintariek osasun-gaiak bereganatzen dituzte ezartzeko kontrolezko gizarte oso inbaditzaile bat, zeinetan demokrazia eteten den tresna digitalekin eta une oro larrialdiari buruzko diskurtsoa erabiliz" [8]. CNIL (Commission Nationale Informatique et Libertés) berak ere kezka adierazi du, ez bakarrik osasun-pasearen eraginkortasunaz, baita “Tous Anticovid” aplikazioak datu pertsonalekin daukan segurtasunaz ere.

Badirudi osasun-pasea dela zelaketa masiborako zenbait teknologiaren Troiako behorra. Duela bi urte, inork ez zuen onartuko pakete bat balitz bezala eskaneatu zezaten trenera igotzeko edo ospitalera joateko!

Osasun-pasea: zaintza-teknologia bat gehiago

Badirudi osasun-pasea dela zelaketa masiborako zenbait teknologiaren Troiako behorra. Duela bi urte, inork ez zuen onartuko pakete bat balitz bezala eskaneatu zezaten trenera igotzeko edo ospitalera joateko! Oraindik gogoan dugu duela ez aspaldi trenerako txartela nortasunik azaldu gabe eskuratu zenezakeela. Pixkanaka ohitu arazi egin gaituzte normaltzat jo dezagun jarraituak izatea, informazio pertsonal mordoa ematea edozer gauza online eskatzen dugun aldi oro, fidelizazio-txartel bat ateratzen dugunean... Badakigu smartphone bat daukagun unetik gaudela zaintza lauso baten edo (segun eta zertan gabiltzan) oso berezitu baten jomugan. Gaur, osasun-baimenarekin, urrats bat gehiago egin dute gure osasunaren gaineko kontrolean; jada hasita zeukaten osasun-karnetarekin, eta honetarako datuak biltzea zailagoa da, noski! Hori gutxi balitz, osasun-pasearen kontra hain matxinada eta antolaketa gutxi egon izanak erakutsi dio gobernuari oro har ados gaudela guri jarraipena egitearekin, eskaneatuak izatearekin...

Aldi berean, ikusten ari gara, CPAMa [Caisse Primaire D'Assurance Maladie, Frantziako Gizarte Segurantzaren kutxa] ari dela gure osasun-datuak digitalizatzen, ameli.net online plataformako “Mon espace santé” (Nire osasunaren gunea) bidez. Ondorio ugari izango lituzke pertsonentzat, osasun-profesionalek horien osasun espedienteak osorik eskueran baldin badituzte. Adibidez, genero-trantsiziozko prozesuan abiatu den pertsona bat aurki liteke dagozkion zainketa zerbitzuak ukatuta, aitzakiatzat erabilita aurrekariak. Eta teknologia digitaletatik urrun dauden pertsonek zailtasun izugarriak izango dituzte. Dispositibo berriaren beste ondorio asko imajina daitezke, bereziki psikiatrizatuentzat, toxikomanoentzat...

Jakina, saldu digute gure osasunaren kudeaketaren sinplifikatzeko tresna gisa. Jartzeko partez baliabide gehiago bizi errealeko [IRL, “in real life”] sisteman, hau da, zaintzaileen soldatetan, ospitaleetan ohe gehiago jarri, eta abar… gobernuak hautatu du finantziatzea dispositibo hau, hain zuzen ere zaintzaileak are gehiago izorratuko dituena, lehendik baitzebiltzan denbora faltan lanaldiaren amaieran transmisioak idazteko... Gure osasun egoera plaza publikoan zintzilikaturik ikustea (“aizu, txertatuta al zaude”) normaltzat jotzen den mundu batean, dispositibo hau oztopo handiegirik gabe pasako da, zalantza barik!

Etengabe saltzen dizkigute neurri digital berriak ustez gure bizitzak errazteko, gure osasunaren mesedetan, gure onerako, noski! Pièces et Main d’Oeuvre kolektiboak dion moduan, Linkyren neurgailu "adimendunak" erabiltzen dituzte familien elektrizitate-kontsumoari buruzko datuak biltzeko, energiaren kudeaketa eta aurrezpena aitzakiatzat hartuta. RFID txipak erabiltzen dira urrutitik identifikatzeko bai pertsonak, pasaporteen eta ordainketa-txartelen bidez, baina baita etxeko maskotak eta etxaldeetako aziendak ere. Ez dugu inoiz ahaztu behar datu pertsonalen digitalizatzea baliagarria dela kontrolezko gizarteak behar duen datu-stocka elikatzeko. Bai, haluzinatzekoa da, baina bai, aurre egin behar zaio! Eta ez da konspirazionista eta iluminatuen kontu bat!

Gaur neure buruari galdetzen diot ea zergatik itxaron dudan hainbeste denboraz idazten hasi aurretik osasun-paseaz eta hasieratik sortu dizkidan zalantza eta beldur guztiez. Erantzuna sinplea da. Jende gehienak bezala, gaizki pasatu nuen konfinamendu eta etxeratze aginduekin, iruditzen zait depresioa eta antsietatea eragin dizkidala nire familiako eta lagunekiko kezkak, etxetik ezin irteteak nahi nuenean, irten aurretik atarian sistematikoki gelditu eta neure buruarentzako baimen paper bat sinatzeak, nire baitatik atera ezinik geratzeak… Benetan, onartu egin dugu onartezina! Joan den udan osasun-baimena inposatu zutenerako, jada ez nuen horretaz hitz bat entzun nahi, ez nuen pentsatu ere egin nahi zein ondorio ekarriko zituen. Uste dut asko garela horrela gabiltzanak, baina esnatu beharko dugu eta oposizioa antolatu oinarri koherenteen gainean. Eta ez dira gutxi!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 shockean adi
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


2022-03-29 | ARGIA
COVID-19aren aurkako pilulak iritsi dira Hego Euskal Herrira

Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi... [+]


2022-03-15 | ARGIA
Indarkeria matxista pandemian: erailketa gutxiago eta suizidio gehiago

Pandemiaren eragina indarkeria matxistan azterketa kaleratu berri du Espainiako Gobernuak. Bertan ondorioztatu dute eraildako emakume kopurua gutxitu egin dela, hauek kontrolatuta eduki dituzten denbora gehitu izanaren ondorioz. Baina emakumeen suizidioak gizonenak baino gehiago... [+]


2022-02-22 | ARGIA
Hipra txerto katalana merkaturatzear denean, patenteak kentzeko eskatu dute hogei erakundek

Merkatura ateratzear den Hipra txertoari patenteak kendu diezazkiola eskatu diote hogei erakundek Espainiako Gobernuari. Izan ere, Kataluniako multinazional honek COVID-19aren aurkako txertoa egiteko entsegu klinikoetarako diru publikotik gutxienez 15 milioi euro jaso ditu.


2022-02-20 | Estitxu Eizagirre
Eneritz Zubiaurre, COVID-19aren aurkako txertoak kaltetua
"Txertoa hartu nuenetik ia urtebetera, oraindik ez naiz gai bizitza normala egiteko"

Eneritz Zubiaurre irakaslea da, eta lan eremu horretan egin zen gizarteko lehenengotako txerto deiari erantzunez, ziztada hartu zuen 2021eko martxoaren 14an. Astra Zeneca egokitu zitzaion. “Inork, ezta txertoa jarri zidan erizainak ere ez zidan ohartarazi izan nitzakeen... [+]


Eguneraketa berriak daude