Indarkeria matxista pandemian: erailketa gutxiago eta suizidio gehiago

  • Pandemiaren eragina indarkeria matxistan azterketa kaleratu berri du Espainiako Gobernuak. Bertan ondorioztatu dute eraildako emakume kopurua gutxitu egin dela, hauek kontrolatuta eduki dituzten denbora gehitu izanaren ondorioz. Baina emakumeen suizidioak gizonenak baino gehiago egin duela gora, eta hori indarkeria harremana pairatzeari lotuta dagoela. Harremanak ezin eteteak emakumeenganako indarkeria mota aldatzea ekarri du, beraz: eraso hilkor agerikotik, suizidiora bultzatzen duen indarkeria ikusezinago batera.


2022ko martxoaren 15ean - 10:40
Kilometro Cero elkarteak "beste pandemia" kanpainan erabili zuen irudia.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Espainiako Gobernuaren azterketak azaltzen duenez, COVID-19 pandemiak eragina izan du genero-indarkerian, hiru mekanismoren bidez: batetik, erasotzaileek indarkeria gauzatzeko erabili ohi dituzten faktoreak indartu dituelako (isolamendua, justifikazioa, kontrola...), indarkeria identifikatzea zaildu duten egoerak sortuz. Bestetik, emakumeak indarkeriatik atera ahal izatea zaildu du, aukerarik izan ez dutelako. Hirugarrenik, emakumeei laguntza edo baliabideak eskuratzeko aukera mugatu die.

Historiako hilketa gutxiena, kontrol gehiagoren ordainetan

Bikote harremanen barruan ezartzen den indarkerian, emakumeen gaineko kontrola elementu garrantzitsua da eta pandemiak egoera hori bultzatu du. Izan ere, azterlanak azaltzen duenez, erasotzaileak emakumearen gaineko kontrola galtzen duela ikusten duenean baliatzen du indarkeria eta horrek areagotzen du hiltzeko arriskua. Pandemiarekin emakumeak kontrolatuta eduki dituzten denbora handiagoa izan denez, erasoak ez dira hain larriak izan.

Gauzak horrela, pandemiaren ondorioz genero-indarkeriak eragindako hilketen kopurua nabarmen murriztu da, batez ere konfinamendu-aldian. 55 emakume hil zituzten 2019an eta 47 emakume hil zituzten 2020an, datuak jasotzen direnetik kopuru baxuena izan dena. 

Emakumeen suizidioak gizonenak baino gehiago egin du gora

Espainiako Gobernuaren azterlanak indarkeriaren aurrean emakumeak ematen dituen bi erantzun bereizten ditu: bata da erreakzionatzea, erakunde publikoetara deituta, salaketa jarrita, harremana etenda eta abar.

Bigarren aukera indarkeriazko harremanean irautea da, eta egoera horrek ondorio psikologikoak areagotzen ditu eta estres handiagoa eragiten du. Honek dakar medikazio antsiolitikoa eta hipnotikoa behar izateko arriskua handitzea, baita suizidioa eragin dezaketen kausak handitzea ere.

Emakumeen suizidioak 2020an izan duen bilakaera 2019arekin handiagoa izan da gizonen suizidioaren gorakada baino: %12,1 igo da emakumezkoen suizidio tasa eta %5,7 igo da tasa hori gizonezkoen kasuan.


Feminismoa kanalean gehiago
2026ko ekainaren 10
Berriketa gutxi
Basatiak

2026ko maiatzaren 27
Maria Jesus Berrotaran. Artzu baserritik mundura.
"Alardea publikoa izan zen Borja Jauregi alkateak saldu zuen arte"

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.