"Egoera gogor honek pertsonen arteko kolaborazioa behartu egin du"

  • Koronabirusaren ondorioz ezarritako larrialdi egoeraren aurrean, eta psikologo gisa erantzukizun soziala zeukatela iritzirik, Psikobizi ekimena jarri du martxan Bizkaiko Psikologia Elkargoak. Bertako gobernu batzordekidea da Jon Gago Bikuña (Getxo, 1992), esku-hartze sozialean berezitutako psikologoa. Psikobiziren jarduna eta bizi dugun egoera maila psikologikoan nola ari zaigun eragiten izan ditugu hizpide, besteak beste.


2020ko apirilaren 17an - 11:06
Argazkiak: Hodei Torres

Nola sortzen da Psikobizi?

Bizkaiko Psikologia Elkargoko gobernu batzordetik, larrialdi egoera ezarri eta gero, psikologoek geure erantzukizun soziala zela sumatu genuen. Gizartearentzako egoera berezia da hau, eta segur aski eragingo dituen ondorio psikologikoei lehen baino lehen aurre egiteko intentzioarekin plazaratu genuen. Bilera telematiko ugari eduki genituen honen harira erantzunen bat proposatzeko, eta proiektuari forma eman eta gero, larrialdietarako psikologia zerbitzu doakoa eskaintzea proposatu genuen, Bizkaiko Psikologia Elkargoak finantziaturik. Gaur egun horren gainean gaude lanean, ikusten ditugun beharrak asetu ahal izateko eta beste motatako erantzunak prestatzen elkargotik, bai gure elkargokideentzako, bai gizartearentzako orokorrean.

Nortzuk osatzen duzue?

Aurretik Bizkaiko Psikologia Batzordeko Larrialdi eta Katastrofe egoeretarako Esku-hartze Psikologiko Taldea (GIPEC) osatzen zuten profesionalek osatzen dute arreta zerbitzu hau. Honen barnean larrialdietarako formakuntza berezitua eta esperientzia sendoa duten 30 psikologo daude, eta horien lana talde bereko beste lau pertsonek koordinatzen dute. Horretaz aparte, baditugu kolaborazio egiturak ere beste entitate batzuekin, geure esku-hartzea ahal den bezain eraginkorrena izan dadin.

Zein da ekimenaren egitekoa?

Ekimena aldaketa etengabean dago, premia desberdinak ikusten joan baikara momentu desberdinetan. Emaila eta telefono zenbakia eskaini ditugu WhatsApp mezuak edo mezu elektronikoak jasotzeko. Mezu horietan pertsonaren egoera ahal bezain beste azaltzea eskatzen da. Eskakizunaren arabera, zerbitzuaren lau koordinatzaileek jasotako email eta testu mezuak beste 30 profesionalengana bideratzen dituzte, horiek zuzenean eskaera egin duen pertsonarekin kontaktu telefonikoan jar daitezen ahal bezain laster. Larrialdietarako psikologia zerbitzua eskaintzea da helburua, baina baliteke gure esku hartzeak ez asetzea eskakizunaren beharra; horregatik, lehen esan dudan moduan, beste entitate batzuekin jarri gara kontaktuan arreta berezitua emateko. Adibidez, Lagungo elkartea familian berezitutako arreta ari da eskaintzen, edo beste hainbeste zerbitzu krisialdi honi aurre egiteko birmoldatu dira.

Martxoaren 20an jarri zenuten martxan zerbitzua. Nolako erantzuna izan du?

Lehenengo astean bigarrenean baino eskakizun gehiago eduki genituen. Kontaktu batzuk zerbitzuari buruz informazioa jasotzea zuten helburu, bai pertsonen partetik zein beste entitateen partetik. Bigarren astea igaro ostean, eskakizunak gero eta gehiago bereizten hasi ziren, baina ordurako 130 eskakizun inguru genituen gutxi gora behera. Gaur egun doako telefono linea plazaratu nahi dugu eta horretan gaude, zerbitzua arintzeko arreta telefonikoa momentuan eskaini ahal izateko. Apirilaren 10eko datuen arabera 240 eskakizun inguru jaso ditugu.

Erantzuna kontuan hartuta, esan daiteke badagoela herritarren artean halako zerbitzu baten beharra?

Momentuz ikusi dugunaren arabera bai, badirudi gizarteak zerbitzu honen beharra duela, eta arreta jaso eta gero eskertu egin du profesionalen esku-hartzea. Hala ere, larrialdietarako zerbitzu hau ez da terapia psikologiko batekin alderatu behar, ez baita denboran luzatzen. Honen gainean ere lanean gabiltza Elkargoko gobernu batzordetik. Hala ere, posiblea da gaur egun terapia telematikoa eskaintzen dituzten psikologoen arreta zerbitzu pribatua jasotzea. Izan ere, Bizkaiko psikologo asko horretan ari dira gaur egun.

Psikobizik kolektibo zaurgarrienei ematen die lehentasuna. Zein dira momentu honetan zerbitzuaren beharrizan gehien dutenak?

Zerbitzuaren atea jo dutenak eskaera desberdinak egin dituzte. Nabaritu da norbaiten galera jasandako pertsonek egindakoak direla deien kopuru handia. Dolua igarotzen hasteko lehen pausuak konfinamendu egoeran emateak sekulako zailtasunak ditu, egoera berria da guztiontzako. Familiakoekin egotea ezinezkoa izatea, hildakoarengandik gertu egon ahal ez izatea azkenengo momentuetan, hileta errituak egiteko zailtasunak… aspektu horiek, besteak beste, pertsonen osasun psikologikoan islatu ahal dira. Egoera berri honetan, profesionalentzako ere beharrezkoa da beste erantzun mota bat ematea, dolua egoera desberdinean emango baita. Azken aste hauetan hainbat formakuntza berezitu agertzen ari dira doluaren inguruan.

Larrialdi egoerak norbanakoengan albo-kalteak eragiteko arrazoiak anitzak izan daitezke. Ondoezaren eragilea izan daiteke kalera irtetzeko debekua, bakardadea, senideren bat galdu izana, norbere erasotzailearekin isolatuta egotea, lanik gabe geratu izana, lanera joan behar izateagatik norbere burua arriskuan jartzeak sortu dezakeen artega… Zuengana jo duen jendearen artean, bada nabarmentzen den problematikarik?

Gehien bat, familiako pertsona baten galerarekin erlazionatutako deiak izan dira jaso ditugunak. Horretaz aparte, esan genezake osasun alorrean lan egiten duten profesionalek ere aholkularitza eta arreta psikologikoa bilatu dutela gure zerbitzuan. Beste profil esanguratsu bat izan daiteke bizikidetzak sorturiko estresa kudeatzeko aholkularitzaren bila deitu dutenena, horien artean umeak dituzten familiak gehienbat.

Errealitate askotariko horien aurrean, eskaintzen duzuen arretak psikologikoak ere anitza beharko du izan, ezta?

Bai, horregatik da hain garrantzitsua beste erakundeekin daukagun sarea eta gizartean lanean dabiltzan hainbat elkarteren lana. Gure zerbitzuak momentu honetan larrialdietarako arreta psikologikoa eskaintzen du, puntuala da, ez jarraipena izango duen terapia. Oso garrantzitsua da jakitea zein puntura arte heldu daitekeen esku hartzea, geure mugen jakitun izateak gerturatzen gaituelako irtenbiderik onenera. Beraz kasu batzuk terapia berezitua behar baldin badute, beste erakundeetara bideratzen ditugu.

Baliagarri suerta daitekeen informazio edo aholku dokumenturik baduzue herritarren eskura?

Egoera bakoitzak bere berezitasunak ditu eta horregatik deritzogu hain beharrezkoa Psikobiziren zerbitzuari, dekalogo batek ezin baitu barne bildu gizarte osoarentzako erantzunik. Hala ere, Elkargotik internet bidez plazaratzen ari gara geure elkargokideen Lantaldeek eta Batzordeek proposaturiko materialak, geure webgunean eskegita aurki ditzakezue. Bertan aurki daiteke, adibidez, nola lagundu dolu prozesuan dagoen pertsona bati konfinamendu egoera honetan, edo familientzako seme-alabekin konfinamendua igarotzeko aholkuak, besteak beste.

Heriotza eta dolua laztu egin ditu krisi sanitarioak. Jendea bakardadean ari da hiltzen, eta agur erritu baten faltan, senitartekoak dolua egiteko zailtasun nabarmenak dituzte. Nola esku hartzen duzue edo zein aholku ematen duzue kasu hauetan?

Esan bezala hainbat profesional daude gai honi bueltaka azkenengo asteetan. Konplexu bilakatu den doluak hildakoarenganako distantzia dauka oinarri batzuetan, ezin agurtu izana, adibidez. Ikusten ari garenez, egoera horien eragilea, kasu askotan, azken agurra ezin ematea izan da, eta baliteke horrek bere ondorioak izatea heriotza jasan duten familia askorengan. COVID-19a heriotzaren arrazoia izan ala ez. Gure aholkua gertutasun telematikoan oinarrituko litzateke, baita bakoitzak behar dituen uneak errespetatzean ere. Dolu prozesu horretan normalena da hasiera batean shock egoera delakoan egotea eta hau pasa ondoren tristura sentimenduak beste sentimendu askorekin nahastuta sentitzea. Gomendagarria litzateke sentimenduen adierazte momentuan dauden pertsonek, familia zein lagunen gertutasuna sumatu ahal izatea. Garrantzitsua da gertukoekin kontaktua mantentzea lehen egun hauetan, sentimenduen adieraztea gelditu ez dadin eta horren inguruan hitz egin dezaten; momentua izan daiteke, adibidez, konfinamendua bukatu eta gero agur aproposago bat prestatzeari begira, zer nahiko luketen pentsatzeko. Agurtzeko modu desberdinak ere sortu ditzakegu, gutunak idatzi eta familiako kideekin partekatu, hildakoak guretzako zer suposatzen zuen esanez, adibidez.

 

Itxialdian osasuna zaintzeko aholku edo jarraibiderik?

Elkargoaren webgunean konfinamendua hobeto eramateko jarraipenak gomendatu ditugu, psikologiaren ikuspegitik eginak. Hauek izango ziren:

-Antolatu eta planifikatu eguna. Etxean itxuraz ezer egin gabe zaudenerako, saiatu denbora edukiz betetzen, ona izaten da norberak zer egin behar duen jakitea. Gogoratu une horiek etxekoekin batera antola ditzakezula, ekintza bakoitzerako ordutegiak ezarrita. Aprobetxatu burutu gabe duzun kontu hori egiteko…

-Bilatu informazio egokia. Bilatu informazio ofiziala. Ez jaso koronabirusaren bueltako gehiegizko informaziorik eta ez lagundu gezurrak edo zurrumurruak zabaltzen, norbere buruarengan eta besteengan larritasuna eragin eta areagotu baitezake. Izan zuhurra eta lagundu mezu eraikitzaileak helarazten.

-Jarri harremanetan modu birtualean. Egon harremanetan lagunekin, familiakoekin edota lankideekin. Trukatu haiekin etxean egiten dituzun jarduerak; seguraski, haiek ere jarduera berriak erakutsiko dizkizute.

-Jan, arnastu, mugitu eta ondo lo egin. Funtsezkoa da gure oinarrizko funtzioak zaintzea: loa, elikadura eta energia. Horregatik:

                               - Elikatu zaitez modu osasuntsu eta orekatuan.

                               - Arnastu: arnasa hartzeko eta meditatzeko teknikaren bat ikasi eta praktikatu.

                               - Ariketa fisikoa: noizean behin luzamenduak eta bizkortzeko ariketak egiteko ohitura hartu.

                               - Hartu atsedena eta behar duzun beste eta dagokion moduan lo egin.

-Aprobetxatu sormena lantzeko, irudimena sustatzeko edota beste batzuek ondo egiten dutena kopiatzeko. Aspaldidanik gauzatu gabeko jarduerak egin ditzakezu, jarduera berri bat ikas dezakezu mundu birtualaren bidez… Ikasteko asko dago eta!

-Zaindu etxekoak. Egoera honetan gure umeekin eta adinekoekin astia emateko eta denok batera ondo pasatzeko aukera dugu. 

-Zaindu zure baitan dagoena. Etxean gure ongizatea garatzeko eta hobetzeko, zaindu zure baitan dagoena, emozioak identifikatuz, barruko sentsazioak baretuz eta pentsamenduak ondo kokatuz; egin hori guztia prestatu duzun ekintza planari lotuta. Ongizatea lortzeko, lan egiteaz gain, emozioak, pentsamenduak, sentsazioak eta ekintzak orekatzen ikasi behar dugu.

Itxialdia haurren ongizatean eragiten ari den kaltea eztabaidagai bilakatu da. Haurrei begira, zein neurri liratezke egokienak zure ustetan?

Gai mamitsua izaten ari da hau azkenengo egunetan, bai geure Elkargoan zein beste Elkargoetan; batez ere profesional askok, eta umeak dituztenek nola ez, umeen  garatzea kaltetuta ikusten dutelako konfinamendu egoera honetan. Etxean denbora hau guztia egotea ez da gomendagarria umeentzako ezta pertsona gehienentzako, baina haiei agian nolabaiteko kalteak ekarri diezazkieke etorkizunari begira. Ildo horretan, eta osasun sailak gomendaturiko puntuak errespetatuz, Espainiako Psikologia Kontseiluaren oharra abiapuntua dela uste dugu: hurrengo egunei begira, umeen eta nerabeen ikuspegia kontuan izatera gomendatzen du eta umeen kaleratze prozesu kontrolatu bat ere aipatzen du, bestelako proposamenen artean. Gure Elkargoan ere honen inguruko proposamenak lantzen ari gara, asko baitira arazo honetaz ohartzen diren profesionalak, konturatzen direnak gure eskuetan ere badagoela proposamen kolektibo bat ematea Psikologia Elkargo bezala.

Gure jendartean bada halako erresistentzia bat laguntza psikologikoa eskatzeari dagokionez, ziurrenik eromenaren estigmarekin zerikusia duena. Larrialdi egoera honek arrakalatu du, zertxobait bada ere, erresistentzia hori?

Erresistentzia hori gaur egun badagoela uste dut, eta denbora eta ekintzek pixkanaka amilduko dutela ere bai; psikologia normaltasunez eta estigma barik ikusteko puntura heldu arte. Hala ere, nahiz eta erresistentzia hori nabarmena izan gaur egun, uste dut konfinamendu egoerak sorturiko ezinegonak psikologia zerbitzu baten beharrizana azaleratu ahal duela. Horregatik estigma apurtu baino, beharra areagotu dela uste dut. Hala ere agian abiapuntu polita izan ahal da hau guztia bukatu eta gero, “psikologia” hitza “eroa” hitzarekin ez nahasteko.

Pairatzen ari garen albo kalteez mintzatu gara, baina begiratu diezaiogun errealitateari beste toki batetik: egoera honi onurarik atera diezaiokegu?

Psikologiaren ikuspuntutik behintzat, gehien nabarmendu diren onurak esparru erlazionalean aurkitu ditzakegun lanketak dira adibidez. Egoera gogor honek pertsonen arteko kolaborazioa behartu egin du: pertsona nagusien erosketak gazteek egitea, komunitateen antolaketa bolondresa, gurekin dauden pertsonek dituzten eta orain arte ezagutzen ez genituen gorabeherei erreparatzea, zaintzari gehiago erreparatzea.... Denboraldi hau oparoa izan daiteke horrelako puntu askotan eta, nik uste, pertsona asko, konturatu gabe bada ere, desberdin aterako direla kalera konfinamendua bukatu eta gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 eta erantzun soziala
2022-02-15 | Estitxu Eizagirre
Pediatrek ikastetxe barruetan maskarak kentzea eskatu dute, modu progresiboan

Katalunian Societat Catalana de Pediatria elkarteak pandemia kontrolatzeko ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du, neurri horiek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriak argudiatuz. Tartean dago gela barruetan maskararen erabilera kentzea, modu... [+]


Bizitza

Beste hainbat bezala COVID pasearen aurka Bilbon deituta zegoen manifestaziora joan ginen aurrekoan. Bertan adin, kolore, janzkera eta hizkera askotariko zenbat jende zegoen ikusteak asko poztu ninduen, eta tartean topatu nituen unibertsitate garaiko batailetako lagunak edo... [+]


2022-02-01 | Estitxu Eizagirre
Covid pasaportearen auzia Zarauzko Udaleko osoko bilkurara eraman dute hainbat herritarrek

Zarauzko Udaleko urtarrileko osoko bilkuran, galdera erantzunen txandan sei herritarrek hartu zuten hitza, eta Covid pasaporteak eragindako diskriminazioa eta beren bizipenak azaldu zituzten; tartean, pasaporterik gabe kiroldegira sartzeagatik atxilotuta bukatu zuen... [+]


2022-01-24 | Garazi Zabaleta
Lurre Hurre
Migratzaileak nekazaritzan trebatzeko proiektua Bermeon

Bermeon jaiotako eta bertara etorritako herritarren artean hilean behin egiten zuten tertulia dago Lurre Hurre proiektuaren oinarrian. Elkar ezagutu zuen herritar talde horren harremanetik abiatuta, eta konfinamendu garaian migratzaile askok bizi zuten egoeraz jabetuta, egitasmo... [+]


2022-01-11 | Joseph Andras
Pase poliziakoa: ezkerraren amore emate bat

Joseph Andras (Le Havre, Frantzia, 1984) idazlea da. 2016an lehen eleberriagatik "Goncourt" sari famatua eman zioten, baina berak uko egin zion epaimahaiari esanda “lehia, konkurrentzia eta norgehiagoka arrotzak zaizkiela idazketari eta sorkuntzari”... [+]


Eguneraketa berriak daude