Euskaldunak aktibatzen

"Egia Euskaraz estiloa"ren arrakasta eta hedapena

  • Donostiako Egia auzoan hasi zen. Ondoren, gertukoek, Añorgakoek eta Donostiako Piratek egin zuten proba. “Egia Euskaraz estiloa”ri tiraka gehiago etorri ziren: Hernani, Lasarte-Oria, Agurain, Astigarraga, Arrigorriaga… Herri guztiotako euskalgintzako eragileek sentimendu bera adierazi zuten: euskararen alde jaiak egitetik atera eta euskaraz bizitzeko estrategiak probatzearen beharra.

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2017ko martxoaren 01a
Egiatarrek, astebetez euskara hutsez egiten saiatu ondoren, haien bizipenak elkarbanatu zituzten. Argazkia: Dani Blanco.

Aitziber Gurutzeaga “Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako” ekimeneko kidea da. Donostiako Egia auzoan euskaraz bizitzeko gogoa zuen jende masa bazegoela iruditu zitzaien Euskara Batzordeko kideei. Gauza bat zuten buruan: “Euskararen alde txokolate-jateak antolatzea ondo dagoela iruditzen zitzaigun, baina bazen garaia beste jauzi inportante bat emateko. Jauzi handia zen, kultur ekintzetatik halako aktibismo puntu batera. Korrikako mezua ere buruan genuen, ahalduntzearena. Halako bat egiteko momentua iritsi zela iruditzen zitzaigun eta aukera bazegoela egiteko”.

Balorazioa oso ona da, laborategiko esperimentua oso ondo atera zela esan daiteke. Gurutzeagak lehen asteko txandan hartu zuen kolpea, astebetez euskaraz bizitzen saiatu eta gero, parte-hartzaileek haien sentimenduak, lorpenak eta bizipenak kontatu zituzten. Gurutzeagak pentsatu zuen, “hau bonba bat da”. Egiatarrek asko errepikatu zuten jabetzearen kontua, “nahiz eta beti esan euskaraz bizi nahi dugula, ekimenean asko konturatu ziren zein erraz pasatzen garen beste hizkuntzara. Horretaz ohartzea oso inportantea izan zen jendearentzat. Orain badakigu hizkuntza aldatu baino lehen zein aukera dugun”.

Ekimenaren arrakastaz ohartuta, hainbat herritan antzeko dinamikak egin zituzten 2016an. Gurutzeagaren ustez, Egiakoak zerbait positiboa transmititu zuen, inbidia sanoa sartu zitzaien besteei. Beste herrietako eragile batzuk harrituta geratu ziren jendeak kanpainari egin zion harreragatik eta parte hartu zuen kopuruagatik. Gurutzeagaren iritziz, ederrena da hurrengo etorri zirenek ez zutela Egiakoa besterik gabe kopiatu, findu eta berera egokitu dute.

2017an atsedena hartuko dute, Korrika baita, baina argi dute 2018an ildo horri jarraituko diotela. Aitziber Gurutzeaga Donostiako Bagera euskara elkarteko langilea ere bada. Egian, Añorgan eta Aste Nagusian Piratek ekimen hori egiteko akuilu lanak egin zituen euskara elkarteak, eta 2017an Gipuzkoako hiriburuko beste auzoetan zirikatzen jarraitzeko asmoa zuten.

Zer da “Egia Euskaraz estiloa”?

2015eko azaroaren 28an ezagutarazi zuten Egia auzokoek egitasmoa. 2016ko urtarrilaren 8tik otsailaren 26ra eragileek edo taldeek eta otsailaren 26tik martxoaren 4ra norbanakoek astebeteko Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimena egin zuten. Egia Euskaraz Batzordea izan zen ekimenaren bultzatzaile, eta haien ustez, ekimenaren nolakotasunaren ‘errudun’ Lutxo Egia izan zen. Bilbotar artistak bere performancean hilabete osoa igaro zuen euskaraz soilik hitz egiten eta Berria egunkarian egunero hausnarketak idatzi zituen.

Aitziber Gurutzeaga (Egia auzoa): “Euskararen alde txokolate-jateak antolatzea ondo dagoela iruditzen zitzaigun, baina bazen garaia beste jauzi inportante bat emateko. Jauzi handia zen, kultur ekintzetatik halako aktibismo puntu batera”

Egiatarrek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dute urtero, baita bi urtez behin (Korrika ez denean) Egia Euskaraz Eguna ere. Haratago joan nahi zuen ordea Egia Euskaraz Batzordeak. Hala, zazpi astez txandaka eragileak (auzoko talde eta elkarteak) jo eta su euskaraz aritu ziren. Euskaraz ez dutela ulertzen esaten dutenekin ere moldatu behar izan zuten. Dendaria izan zitekeen, senidea edo dantza taldekoa, euskaraz egiten ez zuena, baina dena ulertzeko gai zena. Hala ere, halakoetan gaztelaniaz egiteko joera dago. Astebete hartan halako inertziak apurtzeko aukerak izan zituzten. Euskaldunak ziren jomuga eta haientzat TELP tailerra prestatu zuten. Ikastaroan euskaraz egin ahal izateko oztopoak sortzen direnean, zein jarrera hartu eta nola jokatu ikasi zuten.

Bizipen onak, txarrak, edo hausnarketak idazteko koadernotxoak erabili zituzten. Koadernoaz gain Euskaraz Bizi Nahi Dugulako pina edo txapa ere paparrean jarri zuten, identifikatuta egoteko.

Hernanin “Euskara ari du”

Abenduaren 3a, Euskararen Eguna, hartu zuten aitzakiatzat hernaniarrek. Bi hilabeteko erronka prestatu zuten. Helburua ahalik eta herritar eta elkarte gehien euskaraz bizitzea zen, eta gutxienez astebeteko eperako hartu zuten konpromisoa. Etxean, lantokian, dendan, kirol taldean, tabernan… euskaraz egiten saiatu ziren. Urriaren 15etik azaroaren 26ra txandakatu ziren norbanakoak eta elkarteak.

1.800 lagunek hartu zuen parte “Euskara ari du” ekimenean.
Argazkia: Kronika.eus.

Hainbat helburu zuten antolatzaileek eta hala azaldu zuten Facebook-eko oharrean: “Herritarren kontzientziak astindu nahi ditugu, herritarrak konturatu daitezela gure ohiturak aldatzea ez dela hain zaila; uste baino jende gehiagok dakiela edo ulertzen duela euskaraz gure inguruan; dakigunok egiten badugu, ez dakitenek errazago ikasiko dutela eta euskara erabiltzeko aukera handiagoa izango dutela. Azken finean herritarrak jabetu daitezela keinu txiki honekin aldaketa handia eragin dezakegula Hernanin”.

Artikulu hau ixteko orduan ez zeukaten balorazio ofizialik, baina antolatzaile taldean aritu zen Joan Mari Larrartek lehen kolpeko inpresio onak eskaini zizkigun. Honela zioen berak: “Alde batetik harrera nabarmendu behar da. Ekimenaren berri ematera joan ginenean elkarteetara, eragileengana eta abarrengana begi onez hartu zuten eta eragile askok, 1.800 lagun inguruk, hartu zuen parte. Sei asteko txandak baino lehen lau hitzaldi antolatu genituen euskararen inguruan, hizkuntza eskubideen inguruan, eta parte-hartze handia egon zen. Sumatu genuen herrian bazegoela gosea edo interesa gaiari heltzeko. Bestetik, euskalgintzan askotan izaten da sentsazioa ekimenak martxan jarri, ahalegin handia egin, eta gero emaitzak ez direla hain argi ikusten. Kasu honetan behintzat sentsazioa zen jendearengana iritsi zela. Bi eratako mezuak entzun genituen euskaldunengandik: batzuek esan zuten konturatu zirela Hernanin euskaraz bizi direla, eta beste batzuek esan zuten uste zutela oro har euskaraz bizi zirela eta ekimenari esker konturatu zirela zenbat aldiz aldatu behar izaten duten hizkuntza. Eta hirugarrenik, euskaraz ulertzeko gai den hori ere ikustarazteko balio izan zuen ekimenak”.

Lasarte-Orian “Baietz 40 egun euskaraz”

Txiki geratu zitzaien orain arteko erronka, alegia, lau urtean behin egiten zuten Euskararen Maratoian 40 orduz euskaraz aritzea. Maratoia jai bihurtu zen “zorionez”, zioen Iñaki Arruti Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Saileko buruak, herrian euskararen ezagutzak nabarmen gora eginda 40 ordu aise betetzen baitzituzten euskaraz. Beste erronka bati heldu nahi izan zioten eta “Baietz 40 egun euskaraz” sortu zuten. Hiru iturritatik edan zuten eragileek ekimena egituratzeko. Batetik, 2016ko urte hasieran Donostiako Egia auzora gerturatu ziren, haiek zer egin zuten ikusteko. Bigarrenik, Aldahitz hizkuntza ohiturak aldatzeko ikerketa hartu zuten eskuan. Hirugarrenik, hizkuntzaren asertibitatea lantzen laguntzeko Ferran Suay eta Gemma Sanginések sortutako “Irten armairutik” materiala zuten begi puntuan.

“Irten armaiturik” leloa erabili zuten Lasarte-Orian eta ekimena bukatutakoan
armairutik atera zirela ohartarazi zuten. Argazkia: Txintxarri aldizkaria.

Egia auzokoaren tankeran egin zuten lan. “Ahobizi” eta “belarriprest” rolak sortu zituzten, jendeak konpromisoak hartu eta hainbat astetan txandak antolatu zituzten. “Ahobiziak” euskaldunak ziren eta bi konpromiso hartu zituzten, bata, euskara ulertzen duenari dena euskaraz egitea, eta bestea, ezezagunari lehenengo hitza euskaraz egitea. “Belarriprestak” euskara ulertzeko gai ziren. Haiei euskaraz egitea ondo hartuko zuten. Identifikazio txapak zituzten bi rolek.

Patxadaz egindako baloraziorik ez bazuten ere, 2016ko hondarrean balantzea positiboa zen. 16 urtetik gorako 2.000 pertsonak hartu zuen parte, izan “ahobizi” edo “belarriprest”. Arrutik egin zigun ekimenaren balorazioa eta partaidetza azpimarratu zuen lehenengo: “Parte-hartzearena izan zen emaitza onaren aldagai bat. Beste bat, uste dut bi rolekin (‘ahobiziak’ eta ‘belarriprest’ kontzeptuekin) edo eskaintzarekin asmatu genuela. Soziolinguistika eta ikerketa mundutik zetozen kontzeptu horiek eta sozializatzen eta komunikatzen asmatu genuela uste dut. Irudi aldetik komunikatzen asmatu genuen, baina harremanetan ere (eskolak, euskaltegiak, komertzioak, elkarteak, gaztetxoak, EPA…) lan ikaragarria egin dugu, inoiz egin ez dugun bezalakoa. Segituan jabetu ginen funtzionatzen zuela prestaketa komunikatiboak, jendeak esaten zuen, ‘zer polita, zer ondo!’. Bi gauzengatik zioten hori, kanpaina komunikatiboaren itxuragatik, baina baita ere iruditu zitzaielako norberaren problematikan oso ondo asmatzen zuela”.

Asebeteta geratu ziren partaidetzarekin eta parte-hartzearen kalitatearekin, baina azken lorpen bat gehitu nahi izan zuen Arrutik. Herriko euskalgintzak harremanak estutu zituen. Ez soilik “Baietz 40 egun euskaraz” ekimenagatik, 2016an euskalgintzako hainbat eragilek urteurrenak zituzten eta bazekiten elkarlanerako aukera paregabea zela. Horrela, urteurrenak eta erronka aitzakia, hurbiltze sendo bat bizi izan zuten herriko eragileek.

Ez dira hasi pentsatzen zer egin hurrengo, baina joan den urte hondarrean bi iturritatik aztarna baliotsuak jasoko zituzten esperantzan ziren. Batetik, Pello Jauregi EHUko irakasleak erronkari lotutako ikerketa aurkeztuko du 2017ko udaberrian, ekimenean parte hartu zuten 500 pertsonaren iritziekin, eta bestetik, antolatzaileek 2.000 partaideei haien bizipenak kontatzeko eskatu zieten.

Agurainen “75 ordu euskaraz”  (30 orrialdeko txosten honetan egitasmoaren xehetasun guztiak bildu dituzte)

Aguraindarrek bazuten haien “15 ordu euskaraz” jaia, baina 2016an beste zerbait egitea pentsatu zuten. Ez zuten jairik egin, azaroaren 8tik 11ra, astegun buruzuriz, egunerokoan, euskaraz egiten saiatu ziren. Euskaldunak aktibatu zituzten, erdaldunei egoera berrira egokitzeko azalpenak eman zizkieten, eta erdi lokartuta zegoen herriko euskalgintza piztu zen.

Beste herrietan bezala, Agurainen ere, ekimena ez zuten prestatu umeentzat.
Gazteek eta helduek hartu zuten parte. Argazkia: www.aniturri.hezkuntza.net.

Agurainek 5.000 biztanle ditu, 17 urtetik gorakoak 3.600. 17 urtetik gorako euskaldunak 800. Kanpainan euskaldun aktibo izan ziren 283. Beraz, 500 inguru euskaldun pasibo dituzte herrian.

Antolatzaileek, ekimena bukatutakoan, galdetegia pasa zieten parte-hartzaileei. 283tik 201ek erantzun zuten galdetegia. Haien erantzunek ekimenari dimentsioa hartzen laguntzen dute. Ondoko lerroetan dituzue galderak eta erantzunak.

Lehenengo galdera zen ea normalean baino ahalegin handiagoa egin zuten euskara erabiltzeko. %86k esan zuen baietz. Gero galdetu zieten ea herrian antzeman zuten beste euskaldunen aktibazioa eta %65ak esan zuen baietz. Beste galdera bat zen ea non irabazi zituzten euskarazko harreman berriak. Horrela erantzun zuten: dendari, tabernari edo erakundeekin %51k; ezagunekin %34k; kuadrillakoekin %22k; etxekoekin %17k; ezezagunekin %17k; lankideekin %9k; eta %19k ez zuen harremanik irabazi.

Asier Lafuente antolatzaile taldeko kidea da eta hark hala esan zigun: “Nabarmentzekoa da dendari eta erakundeekin eman ziren harreman berrien ehunekoa. Guk batez ere eremu horretan egin genuen lan. Ikasi duguna da antolakuntzatik arlo bat lantzen baldin bada harreman berriak sortzen direla”.

Hurrengo galderan nolako ahalegina egin zuten galdetu zieten. Sei hilabetez portaera berri batzuk proposatu zizkieten eta jakin nahi zuten zeintzuk erabili zituzten. Erantzunak ikusita konturatu ziren bi aktibazio maila izan zirela. “Lehen hitza euskaraz” portaera %80k erabili zuen, baina beste portaera guztietan %20 inguruan ibili ziren. Adibidez, “guztiekin euskaraz egin dut” %20; “erdaraz erantzuten bazidaten nik euskaraz jarraitzen nuen” %26; “nahiz eta euskaraz ez ulertu saiatu naiz keinu bidez adierazten” %20; “euskaraz egitea adostu dugu” %24.

Azken galderaren erantzuna pozgarria izan zen antolatzaileentzat. Galdetu zieten ea prest zeuden jarraitzeko portaera berriekin. %87k erantzun zuen baietz. Hala dio Lafuentek: “Guretzat lau egunotako helburuetako bat zen, portaera berriak zabaldu ahal izateko jendea ahalduntzea, gero horri jarraipena emateko”.

Astigarragan “100 ta 100… 200 ordu euskaraz”

Azaroaren 26tik abenduaren 3ra egin zuten ekimena. Hainbat herritako eragileek bezala, Astigarragan Euskararen Eguna ospatzen zuten abenduaren 3an, baina 2016an Egia auzoan eta antzeko ekimenak egin zituzten beste herrietan jarri zuten arreta.

Astigarragan 447 hiztunek eta 46 hizkidek
hartu zuten konpromisoa. Argazkia: Kronika.eus.

Abiapuntua oso desberdina izan zen. Herrian, haurren euskararen erabileraren datuek behera egin dute azken urteotan eta arduratuta zeuden. Gauza bat argi zuten: ez zuten umeengan eragingo, helduengan baizik, haiek baitira euskararen erabileran haurren eredu. Beraz, “Egia Euskaraz estiloari” jarraiki, helduentzako ekimena prestatu zuten.

Ekimenean ondokoek hartu zuten parte: AEK, Udala, Xaguxar aisialdi taldea, Mundarro kirol elkartea, musika eskola, Gazte lokala, herri eskola eta herri eskolako guraso elkartea. Izarne Zelaia herri eskolako guraso elkarteko koordinatzailea da eta balorazio gazi-gozoa egin zigun ekimenaz: “447 hiztun eta 46 hizkide izan genituen. 50 bat pertsonak hartu zuten parte komertzioetan. Denetik entzun genuen. 447 hiztun bai, baina benetan kontziente izan zirenak eta txip aldaketa egin zutenak ez dakigu zenbat. Ez dakigu zenbateraino iritsi ginen jendearengana. Beste batek zioen herrian bazegoela jendea ekimenaren berri ez zeukana. Horiek alde negatiboak. Bestetik, konturatu ginen nahiz eta euskararen erabileran ehuneko ehunera ez iritsi, jendeak bere inguruan horretaz hitz egin zuela. Hori da lehenengo pausoa, bakoitzak dauzkan harremanetan zein jokaera hartzen dituen konturatzea. Agian maila txikian edo hurbilekoan, baina hausnarketa pizteko behintzat balioko zuela espero dugu”.

Arrigorriagan “Baietz 365!”

Herrian 12.000 biztanle, 4.000 euskaldun, 3.500 ia euskaldun, eta euskararen erabilera %10era ez da heltzen. Herriko Abarrak euskara elkarteak TELP tailerra antolatu zuen. Horren ondoren etorri zen “Baietz 365!” ekimena, tailerra akuilu izan zen. Tailerrean herriko euskalgintzako jendea eta euskaraz bizi nahi eta nola jokatu asmatu ezinik zebiltzan norbanakoak elkartu ziren. Bi profil horietako jendeak osatu zuen Baietz 365! lagun taldea.

Arrigorriagan “Nik bai” eta “Nirekin bai” txapak jarri zituzten paparrean.
Argazkia: Baietz 365! lagun taldea.

Azaroaren 10ean hasi eta abenduaren 3an bukatu zuten ekimena ofizialki, nahiz eta gero ere jendeak jarraitu zuen identifikazio txapak erabiltzen. Balorazioa Ane Arnaiz eta Eva Meñikek egin ziguten. Emaitza positiboak eta ez hain positiboak sumatu zituzten. Paparrean jartzeko txapa ikaragarri banatu zirela konturatu ziren, baina gero kalean euskara gehiago entzun zen zalantzak dituzte, Meñikek eta Arnaizek, ez zuten halako alderik sumatu. Aldiz, tabernariek adierazi zieten haiek antzeman zutela. Tabernetako langile euskaldunak edo euskaraz entzuteko prest zirenak identifikatu zirenez, jende gehiagok euskaraz eskatzen zuela konturatuak ziren. Meñikeren ustez, nahiz eta egun horietan aldaketa nabarmenik ez sumatu, euskaldun batzuk bistaratzea lortu zen, “beti gaztelaniaz egiten duten kuadrilletan ez genekien euskaldunak zeuden ala ez, inoiz euskaraz entzuten ez genituelako. Orain, txaparen ondorioz, badakigu halako pertsona euskalduna dela, eta Arrigorriaga txikia da, denok elkar ezagutzen dugu”. Arnaizek zehaztu zuen ekimen bat baino jarrera bat dela bultzatu nahi zutena, eta hori ez dela lortzen egun batzuetan txapa bat jarrita. Gaia azaleratzea da lortu zutena. Meñikek ondokoa gehitu zuen: “Modan dago euskara aldarrikatzea, euskararen alde egotea, baina hori da gauza bat, eta beste bat, erabiltzea. Ez erabiltzeko faktore asko daude. Pixkanaka egingo dugu. Argi dugu gai honekin jarraituko dugula”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Egia eredua kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Pribatutasun politika irakurri dut eta onartzen dut
Eguneraketa berriak daude