Euskaraldia, EAEko instituzio nagusi guztietan PSErekin gobernatzen duen PNVk Topagunearekin izenpeturiko akordio estrategikoa da, ez nik hala esaten dudako, beraiek publikoki 2017ko Udaltopean horrela aurkeztu eta definitu zutelako baizik. Eta Euskaraldia da PNVk, bere bailitzan, Gasteizko Legebiltzarrean euskalgintzaren ordezkaririk gabe aurkeztu zuen egitasmoa. Ekitaldi hartan ez zuen euskalgintzako inork parte hartu, ez Topaguneko eta ezta gainerako euskalgintzak ere. Baina zergatik egin du PNVk akordio estrategiakoa Topagunearekin Euskaraldiaren inguruan?
Olatua omen da Euskaraldia, edo hala esaten digute behintzat. Baina noren eta zeren aldeko olatua da? Hori da argitu behar duguna. Donostia2016a Donostia, Euskal Herria eta Euskara Europan eta munduan kokatzeko olatua omen zen... baina ez zen horrelakorik izan. Hiri eredu ezberdinen arteko talka onartu eta adostasuna lantzeko tresnatzat ere aurkeztu ziguten DSS2016a... eta hori ere ez zen gertatu. Emaitza bakarra beste bat izan da: Donostiaren eredu turistifikatua eta erdalduna indartzea. Hori zen adierazi ez ziguten benetako helburua eta PNV-PSEk beren helburu ezkutua lortu zuten, herri honentzat jasan ezina den turismo ereduaren hazkunde frenorik gabea ikusita. Beldur naiz Euskaraldiarekin ez ote den gauza bera gertatuko...
Hizkuntzaren esparruan ere PNVk euskalgintza eta euskalgintzako eragileak kontrolatu nahi ditu, orain arte lortu ez duena erdiesteko: euskalgintza domestikatua.
Zeintzuk dira PNVrentzat Euskaraldiaren benetako helburuak? Izan ere, gauza bat da Egian, Añorgan edota Piratetan eta gazteen artean euskararen erabilera indartzeko eginiko saioak aipatzea eta beste bat da PNVk Euskaraldiarekin egin nahi duena gauza bera dela pentsatzea. Herri ekimenak euskararen erabilera areagotzea du helburu nagusitzat, baina PNVren benetako helburuak beste batzuk direla pentsatzen dut.
Aipatu gabeko lehen helburua, berak kontrolatuko lukeen euskalgintzaren eredua hegemoniko bihurtzea da. Gauza jakina da etorkizuneko euskalgintzaren eta hizkuntza politikaren ereduaren inguruko hausnarketa eta borroka zabalik dagoela Euskal Herri osoan. Eta, nola ez, euskalgintzarekin historikoki harreman txarrak izan dituen PNVk interes berezia du olatu talka horretan nagusituko den euskalgintzaren eredua eta hizkuntza politikarena, berak akordio estrategikoaren bidez kontrolatutakoak izatea. Ekonomia alorrean langile mugimendua eta sindikatuak kontrolatu nahi dituen modu berean, hizkuntzaren esparruan ere PNVk euskalgintza eta euskalgintzako eragileak kontrolatu nahi ditu, orain arte lortu ez duena erdiesteko: euskalgintza domestikatua.
PNVk historikoki euskalgintzan inoiz izan ez duen hegemonia eskuratu nahi du Euskaraldiaren bidez. Eta hegemonia ez da diskurtsoa soilik, askoz ere gehiago da. Diskurtsoaz gain, politika erreala da, instituzioak dira, eragile sozialak, bitarteko ekonomikoak, giza baliabideak... guztiak berari interesatzen zaion norabidean lanean jartzea da, bere ikusmoldea jendartearen baitan hegemoniko bihurtzeko. Horretara doa PNV Euskaraldiarekin.
Bigarren arrazoia, bere sozioa den PSErekin –eta PPren babesarekin– EAEn burutzera doan hizkuntza politika alorreko atzerapausoaren aurkako erantzun soziala neutralizatzea da. Gauza jakina da azken urteotan administrazioaren euskalduntzea bultzatu duen plangintzaren bizkarrezurra izan diren Hizkuntza Eskakizunak ala Perfilak errebajatzera doala PNV arrazionaltasunaren izenean. Eta atzerapauso gehiago emango dituzte EITBn, Osakidetzan, Ertzaintzan eta irakaskuntzan... Eta ikusteko dago Autogobernu Batzorde berria martxan jartzen bada eta Proposamen Politiko Berria plazaratzen bada, zertan geratuko den bertan euskararen berezko estatusa, ofizialtasuna eta EAEren hizkuntza eredua. Atzerapauso horien aurreko kritika soziala neutralizatzeko operazioak beste bi zutabe izango ditu: Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko Kongresua bata eta Euskara Batuaren 50. urteurrenarena bestea. Bi gertakari horiek eta Euskaraldia erabiliko ditu PNVk hizkuntza politika alorrean egitera doan atzerapausoaren aurkako erantzun soziala neutralizatzeko. Estatuak, bitartean, bereari eutsiko dio, Gipuzkoako Aldundian ikusi berri dugun moduan, benetako erantzunik jaso gabe, gainera. Neurri oso zorrotzak hartu ezean bi hizkuntzen arteko gatazkaren emaitza normalena, baten ordezkapena dela ahaztu zaigu.
Azkenik, PNVren hirugarren arrazoia, gainerako esparru politiko nagusietan bezala, Euskaraldia 2019an burutuko diren Hego Euskal Herriko Udal eta Foru Hauteskundeei begirako urtebeteko kanpaina erraldoi bihurtzea da. 2018 osoa gertakari horri begirako urtea izango da plano politiko guztietan eta euskararenean ere bai. 2018ko abenduaren 3ko Euskararen Eguneko 11 egun horiek, 2019ko hauteskunde kanpaina zabalduko dute hizkuntza alorrean. PNVk hauteskunde atarian Euskaraldia bultzatuko du, Udal eta Foru Hauteskundeak irabazteko hori ere egin behar duelako. Euskaraldia garrantzitsua da PNVrentzat, baina lehentasuna hauteskundeek dute, ez euskarak.
Eta zergatik bultzatzen du hain eskuzabal PNVk Euskaraldia? Lehenik eta behin, euskararen normalizazioaren ardura herritarraren bizkar jartzen duen kanpaina delako, Belarriprest eta Ahobiziengan, eta ez Gobernuarengan edota honek bideratzen duen hizkuntza politikarengan. Ez dago inon beraiek zuzendu eta porrot egin duen hizkuntza politikarekiko kritikarik Euskaraldian. Euskara gehiago erabiltzen ez bada, ez da nagusiki herritarren edo euskaltzaleen konpromiso faltagatik, PNVren hizkuntza politikaren porrotarengatik baizik. Gobernuaren ardura baztertzen duen kanpaina da Euskaraldia. Horregatik babesten du PNVk.
Euskaraldia herri ekimenak sorturiko ekimena da, indarrez eta alaitasunez bultzatu beharrekoa, baina PNVri herri mugimenduarena dena patrimonializatzen utzi gabe
Eta horrek guztiak Euskaraldiaren kontra jartzera behartzen gaitu? Ez, inolaz ere ez. Herritarrok Euskaraldiak diona egin behar dugu Euskal Herri osoan, Belarriprest ala Ahobizi izan behar dugu. Euskaraldia, Korrika ala ikastolen aldeko festak bezala, herri ekimenak sorturiko ekimena da, indarrez eta alaitasunez bultzatu beharrekoa, baina PNVri herri mugimenduarena dena patrimonializatzen utzi gabe.
Herritarroi herri ekimenak bultzatzea dagokigu, besteak beste, azken urteotan eman den berreuskalduntzearen moteltzea eta erabileraren ahultzeari amaiera emateko eta, bestetik, Euskal Herri osora zabalduko den ofizialtasuna eta hizkuntza politika berria aldarrikatzeko, gaur arte indarrean izan diren hizkuntza politikak agortuak daudela azpimarratuz. Gaia ez da EAEkoa, Euskal Herri osokoa baizik eta, ondorioz, Euskal Herriko errealitate bakoitzera egokituko behar den hizkuntza politika eta ofizialtasun bakar hori eskuratzeko eztabaida eta estrategia nazionala euskaldun guztion artean eztabaidatu behar dugu. Guztion artean egin behar dugu, guztiontzat baliagarria izan dadin.
Bide horretan, Lurralde Askeak argitaratu berri duen Bizimodu onerako 100 Konpromiso liburuko euskararen atalean esaten den moduan, euskal herritarrok euskaraz ikasi eta bizi behar dugu Euskal Herri osoan, horretarako desobedientziaz, erresistentziaz edota ekintza zuzenaz jokatu behar badugu ere. Hori izango da euskal instituzioei Euskal Herrian euskaraz bizitzeko behar dugun benetako politika eta marko juridikoa bideratzeko modu bakarra. Txillardegik zioen bezala, “hizkuntza ere bi hankaren gainean mugitzen den zerbait da; alde batetik erakundeak behar ditu eta herri mugimenduak, bestetik”, baina bakoitzak bere lana eginez: herrigintzak, jendarte mugimenduek, euskal nazioa behetik gora eraikiz eta euskal instituzioek estatugintza goitik behera osatuz. Horretan datza herritar eleanitzez osaturiko Euskal Herri euskalduna eskuratzeko uztarria.
Gauzak horrela, ez dugu euskara eta Euskal Herria bigarren mailara kondenatzen duten Hizkuntza Politika eta beste politikekin kolaboratuko. Libre izateko, izan gaitezen euskaldun eta gaurko egoeran, desobediente.
Joseba Alvarez, SORTUko kidea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Bata bestea irentsiz gordetako azken galtzerdi parearen ondoren, ezin izan nuen kaxoia itxi. Horrela zegoen, gaizki itxita, bi astez jada, pijamena (pijamen tiraderan, oparitutako hiru izan ezik, ez dago pijamarik; “etxerako” kamiseta eta galtzaz beteta dago). Atera... [+]
Londrestik iritsi da ospe handiko arkitekto bat Galiziako herri txiki batera. David Chipperfield du izena, eraikinak mundu osotik zehar ditu, Berlin, Milan eta Shangaigo bulegoetatik lanean. Arkitektura elegantea, fina, Sir batek egindakoa. Istorioa Corrubedo herrixkan hasten... [+]
Neronek esan nezake, baina Macronek esan zuen. Frantses nazioa zatitzeko tresnak omen dira frantsesa estatu hizkuntza bilakatu baino lehenagotik ere exagonoan baziren hizkuntza horiek. Aitortu ordez Frantziak hizkuntza horietako hiztunak azpiratu, uniformizatu eta asimilatu egin... [+]
Tabernan zaude, barran, eskatu nahian. Mostradorean beste pertsona batzuk ere berdin. Laster izango da zure txanda, baina zuri tokatu arren, zerbitzariak ez dizu galdetu ea zer nahi duzun, salto egin dizu eta zure atzean etorri den gizona atenditu du. Ergel aurpegia geratu... [+]
Barruan dudan zera honi idatzi nahiko nioke. Pandemiatik ia bost urte beteko dira, eta garai hartan gazteak ginenak hasi gara, gazte izaten jarraitzen badugu ere, bestelako espazio batzuetan orbitatzen. Etxebizitza, bizi proiektua, amatasuna, lana, osasuna... elkarrizketetako... [+]
Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]
Egotea egitea da. Hala dio aurten Durangoko Azokak, eta egia da, azokaren beraren kasuan behintzat eta Euskal Herria aintzat hartuta. Dagoeneko 59. azoka da aurtengoa, eta urtero egote hutsak frogatzen du euskara, euskal kultura, euskal nazioa egiteko modua dela Durangoko... [+]
Bilbon bazterkeria arriskuan dauden kolektiboekin lanean aritu nintzen bost urtez, arrakala digitalaren inguruan, batez ere emakumeekin. Bidean, bortizkeria matxistekin eta beste arazo askorekin aurkitu nintzen. Oso modu organikoan, indarkeria matxista pairatzen zuten... [+]
Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]
Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]
2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]
Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]
Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]
Esaten da Simone de Beauvoir-ek idatzi zuela zapaltzailea ez litzatekeela hain indartsua izango zapalduaren lerroetan konplizerik ez balu. Niri oso normala iruditzen zait... zer nahi duzue, ba? Zapalduta zaudenean, ulergarria ere bada zure kondizio hori hobetu nahi izatea, eta... [+]