Ikasle gaztelania-hiztunak 48 orduz galegoz

  • Galiziako Oleiros udalerriko María Casares ikastetxe publikoko ikasleak dira. 12 eta 17 urte arteko 600 ikasletatik inork ez du eguneroko hizkuntza galegoa. Maiatzean erronka jo zuten hainbat irakaslek eta ikaslek: ea gai garen 48 orduz galizieraz aritzeko. 200 ikaslek hartu dute parte eta haien inguruan uste baino galego hiztun gehiago aurkitu dute.

TXAPA PAPARREAN: “Hoxe falo galego
TXAPA PAPARREAN: “Hoxe falo galego" (gaur galegoz egingo dut) txapa eskutan dute erronkalariek. Bi aukera zituzten: bi egunez ikastetxean galegoari eutsi edo bi egunez bizitzeko eremu guztietan heldu hizkuntzari. Ia denek bigarrena aukeratu zuten. Argazkia: María Casares de Oleiros ikastetxeak utzia da.

Oso ezaugarri bereziak ditu A Coruña probintziako Oleiros udalerriak. 35.000 biztanleko herria A Coruña hiriaren ondo-ondoan dago. Eremu urbanoa da, baina lo-toki funtzioak betetzen ditu. Espainiako Estatuko per capita errenta altuenetakoa dauka. Erabat gaztelania hiztun diren 600 ikasle hartzen dituen María Casares ikastetxe publikoa hor kokatuta dago.

Nel Vidal irakasleak bere lehen ikasturtea bukatu berri du ikastetxe horretan eta aurreko urtearekiko sekulako aldea sumatu du. Aurrez, Costa da Morte inguruan eman zituen eskolak, ia ikasle guztiek galizieraz hitz egiten zuten, eguneroko hizkuntza zuten. Oleiros berriz, eremu urbanoa da, eta halako eremuetan batez beste galizieraren erabilera %15ekoa da; txarrenean %10ekoa. Oleirosek marka guztiak gainditzen ditu, María Casares ikastetxean inork ez du galegoa eguneroko hizkuntza.

Ikastetxetik kanpora ere bai

Irakasleek izan zuten erronka jotzeko ideia eta ikasleek egitasmoa zehazteko pausoak eman zituzten. Irakasleek, ikasleek eta ikastetxeko gainerako langileek hartu zuten parte. Maiatzaren 14 eta 15ean egin zuten. Helburu nagusiak bitan labur daitezke. Batetik, erabilera bultzatzea, ikasleak ohar daitezela gai direla galegoz egiteko, ez dute erabiltzen baina gaitasuna badute. Bestetik, ikasleei ikusaraztea ezkutuan dagoela galegoa, helduek ere haurrei ez dietela galegoz egiten, baina horrek ez duela esan nahi galegoz dakien jendea ez dagoenik haien inguruan. Ikasleei eskatuko diete probatzea, galegoz egitea, eta konturatuko dira nola hizkuntza berean erantzuten dien askok.

Hoxe falo galego (gaur galegoz egingo dut) txapa jarri zuten paparrean ikasleek, hemen hainbat egitasmotan azken urteetan egin den moduan. Helburu nagusia ez zen identifikatuta egotea baizik eta ikasleari gogoraraztea bi egunez galegoz egin behar zuela. Ikastetxeko eremutik kanpo ere egun osoz galizieraz egitea zen erronka. Hasierako asmoa rol hori baino ez sortzea zen, baina antolaketa taldean parte hartu zuten ikasleak beldurtu ziren. Haien ustez, ikasle batzuentzat oso zaila izango zen etxean, kirol elkartean... toki guztietan galegoari eustea. Beraz, ikasleen eskariz ProGalego rola sortu zuten eta ikasle horiek erronka ikastetxera mugatuko zuten.  Besteen konpromisoak ProGalegoPlus zuen izena. Ikasleen harridurarako, parte hartu zuten 200 ikasleetatik %90ak 48 orduz bizitzako eremu guztietan galegoz egiten saiatzea aukeratu zuen.

Federico García Lorcaren poemak ere galegoz

Galizian, eskola publikoan, ez daukate D eredurik, alegia, ikasgai guztiak galegoz ikasteko aukerarik. María Casares ikastetxean bi eratako moldeak daude. Ikasleen %20k heren bat gaztelaniaz, heren bat galegoz eta heren bat atzerriko hizkuntzan (ia denek ingelesa eta gutxi batzuek frantsesa) dauka. %80k herena pasatxo du galizieraz eta gainerako guztia gaztelaniaz. Esan dugu ikastetxeko komunitate osoak hartu zuela parte erronkan, tartean irakasleak, bada bi egun horietan, ohiz kanpo, ikasgaiak galegoz eman zituzten. Hizkuntza horretan egiteaz gain, galegoari lotutako kontuak landu zituzten, esate baterako musikan gaur egun galegoz ari diren musika taldeak landu zituzten. Gaztelania ikasgaia bera ere galegoz eman zuten eta García Lorca poetak galegoz idatzi zituen poemak aztertu zituzten.

Okinak badaki-eta!

Antolaketan ikastetxeko Hizkuntza Normalizazio Taldeak hartu zuen parte, irakasleek eta ikasleek, alegia. Oso pozik daude lortutako emaitzekin. 50 bat parte-hartzaile espero zituzten eta 200ek sinatu zuten hizkuntza konpromisoaren kontratua. Konpromisoa hartu eta txapa janzteaz gain, ikasle gehienak erronka betetzen serio aritu direla uste dute. Denek haien bizipenak eta hausnarketak bildu dituzte, idatziz edo bideoz. Nel Vidal irakasleak laburtu dizkigu gogoeta esanguratsuenak eta gehienek egin dituztenak: “Ikasleek esaten edo pentsatzen zuten hemen inork ez duela galegoz egiten, beraz ezin dutela galegoz egin. Bi egunetan ohartu dira gezurra dela uste hori, jende asko da galegoz hitz egiteko gai. Ikasleek ez zieten galizieraz egiten, beraz beraiei inork ez zien galegoz erantzuten. Harrituta geratu dira eta honelako adibideak eman dituzte: ‘Okindegira joan nintzen eta konturatu nintzen okinak badakiela galegoz. Kafetegira joan nintzen eta galegoz erantzun zidan...’”.  Ezkutuan zegoen hizkuntza argitara atera da. Beste gauza batekin ere harrituta geratu dira ikasleak: haiek galegoz hasi eta jendeak ez du ezer berezirik adierazi, ez positiboa ez negatiboa. Parte-hartzaile batek ondoko adibidea jarri du: “Goizean jaiki eta proba egitea pentsatu nuen. Inoiz galegoz egiten ez diodan aitari galegoz egin nion eta berak galegoz erantzun zidan, natural-natural, ezer ere esan gabe”.

Bi eguneko erronka, ikastetxe bakar batek egina. Hala ere, oihartzun handia izan zuen hedabideetan. Vidalek argi utzi nahi du ez dutela ezer berririk asmatu, Euskal Herriko egitasmoei eta Galizian egiten den 21 días co galego (Pobra do Caramiñal ikastetxean 2013an abiatua) egitasmoari begira aritu direla. Bi horiek kontuan hartuta, sekula galegoz hitz egiten ez duten gazteen errealitatera egokitutako erronka aurrera eramaten saiatu dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Galiziera
2023-08-03 | Ilargi Manzanares
Espainiako Gobernuko negoziazioetan hizkuntzaren auzia erdigunean jartzea eskatu dute hainbat eragilek

O Festigal jaialdian elkartu dira Euskalgintzaren Kontseilua eta katalanaren eta galizieraren aldeko hainbat erakunde eta elkarte. Bertan egin dute eskaera, eta hizkuntza gutxituen normalizazioaren aurkako “oldarraldia” gertatzen ari dela salatu dute.


Galizieraren defentsan milaka pertsona atera dira kalera Galizierazko Letren Egunean

Galizieraren defentsarako eta erabilera bultzatzeko mobilizazioak arrakastatsuak izan direla adierazi du Queremos Galego plataformak, eta Galiziako Xuntari hizkuntzarekiko konpromiso gehiago izatea eskatu dio.


Mastodon.gal jaio da, galizierazko Mastodon komunitatea

Galizierazko Letren Egunean sortu da Mastodon.gal, galiziar hizkuntza eta kulturaren komunitatearentzako Mastodon instantzia. 1963ko maiatzaren 17an ospatu zuten lehen aldiz, Rosalia de Castrok Cantares gallegos liburua argitaratu zuela 100 urte betetzen zirelako. Gaurtik... [+]


2022-03-22 | ARGIA
Galizieraz hitz egiteagatik eraso egin diote emakume bati Lugon

Lagunarekin galizieraz ari zelako gizon batek besoetatik heldu eta demanda egin ziola salatu du emakume batek Lugon. Poliziak erasotzailea identifikatu du dagoeneko. “Gure herrian gure hizkuntza hitz egiteagatik beldur izatea nahi dute, baina ez gara geldituko”,... [+]


2021-10-15 | Sustatu
Bizkaiko hizkuntza aniztasuna eta euskararen balio integratzailea

Urriaren 21ean, Bilboko Euskararen Etxean antolatu da mahaingurua, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan: “Bizkaiko hizkuntza aniztasuna eta euskararen balio integratzailea”. Urriaren 21ean da hitzordua, 19:00etatik aurrera.


Eguneraketa berriak daude