6.000 aiaraldearren aho eta belarriak aktibatu nahi dituzte euskararen alde

  • Ekimen berria du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak esku artean: 1.000 ahobizi eta 5.000 belarriprest “armairutik" ateratzea. Euskaraz hitz egiten dakitenen eta hizkuntza ulertzen dutenen arteko zubiak eraikitzea da egitasmoaren xedea. Astebeteko lau txanda egingo dituzte horretarako, herriz herri.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko urriaren 13an - 12:13
Argazkia: Bego Guillen

Konpromisoak hartzetik konpromisoak gauzatzera. Hori da Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak aurten eskualdean eragin nahi duen saltoa. Ez zen makala izan iazko udazkenean gauzatu zuten erronka: milaka aiaraldear bultzatu zituzten euskararen aldeko konpromisoak hartzera, eta abenduaren 3an Amurrion eginiko “errotan” irudikatu zituzten gero.

Oraingoan, baina, konpromiso horiek errealitate bihurtzea dute xede, paperean idatzirik haizeak eraman ez ditzan. “Oso ekimen jendetsua eta arrakastatsua izan zen iazkoa”, azaldu du Aitziber Alavak, “bakarka edo taldeka egin genuen hausnarketa euskararekiko konpromiso bakarra -edo gehiago- hartzeko eta publikoki adierazteko”. Oraingo erronka, aldiz,  “euskaldunen epe-luzerako aktibazioa” da oraingo erronka, kontseiluko kidearen hitzetan. “Ahobizi eta belarriprestak bilduko ditugu horretarako”.

Baina, zer dira ahobizi eta belarriprestak? “Ahobiziak izango lirateke euskaraz aritzeko gai direnak eta belarriprestak, aldiz, entzuteko prest daudenak”, azaldu du MatxalenGarcia-Escudero ekimenaren bozeramaileak.

Honakoa da kontseilutik planteatzen duten “herri.desafioa”: Aiaraldean 1.000 ahobizi eta 5.000 belarriprest “armairutik ateratzea”. “Ahobiziek astebetez euskaraz aritzeko konpromisoa hartu beharko dute. Belarriprestek, aldiz,  belarria ipini beharko dute denbora tarte horretan; euskaraz aritzeko prest egon ez arren, euskaraz entzuteko prest daudela adierazita”.

Horretarako baliabideak eskainiko ditu Euskalgintza Kontseiluak. Txapak emango dituzte, erronkan parte hartzen dauden herritarrak elkarren artean identifikatu eta, modu horretan, euskarazko elkarrizketak errazteko. Gomendio sorta ere prestatu dute, sortu daitezkeen egoerei nola aurre egin erakusteko. “Jolas erraldoi” izaera eman nahi diote erronkari, “inor deseroso sentiarazi gabe”.

Gutxienez zazpi egunez hartu beharko dute herritarrek euskaraz hitz egin edota entzuteko konpromisoa. “Astea pasatutakoan bakoitzaren esku geratuko da dinamikarekin jarraitu edo ez, edota zer nolako intentsitatearekin jauzia ematen jarraitu”.

Astebeteko txandak

“30 egunetan garatuko da erronka”, azaldu du Garcia-Escuderok, “astebeteko txandak egingo dira horretarako, herrika”. Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldoko auzokideak izango dira lehenak, azaroaren 3tik 10era bitartean izango baitute txanda. Laudio, Okondo eta Orozkok hartuko dute  lekukoa jarraian, azaroaren 10etik 17ra. Laudiok hiru txanda egingo ditu, eskualdeko herri populatuena delako. Azaroaren 17etik 24ra bitartean Amurrio, Aiara eta Artziniega batuko zaizkio. Azken bi herri horiek Urduñari pasatuko diote lekukoa azaroaren 24ean. Amurriok, aldiz, bi txanda egingo ditu jarraian. “Hilabete oso batez egongo da mugimenduan eskualdean, ahobizi eta belarriprestei esker”, ziurtatu du Gracia-Escuderok. Abenduaren 1etik 3ra bitartean, aldiz, “denok parte hartzeko abagunea” egongo da, bi egun horietan “eskualde osoko ahobizi eta belarriprestak batera arituko baitira”.

Abenduaren 3an amaituko da ekimena. Egun horretan urduñara joateko deia luzatu du kontseiluak. “Bertan ospatuko dugu Euskararen Nazioarteko Eguna”, iragarri du Alavak. Kontseiluko kideak adierazi du egun horretako egitaraua oraindik ez dagoela zehaztuta, bai ordea helburua: “eguna aldarrikapenez betetzea da xedea. Euskara eguneroko hizkuntza izatea nahi dugu lanean, ikastetxeetan, lagun artean, familian, aisialdian...”.

 

Argazkia: Bego Guillen

Izen-ematea irekita

Txandetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Bi modu egongo dira horretarako. Lehena, internet bidez formulario bat beteta. Bigarrena, inskripzio orria beteta. Hainbat datu eman beharko dituzte parte hartzaileek: izen-abizenak, herria eta jaiotza urtea, besteak beste. “Jaiotza urtea ematea garrantzitsua izango da, parte hartzeko 14 urte izan behar direlako gutxienez”, azaldu du Garcia-Escuderok. Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldoko herritarrek urriaren 20ra arte izango dute izena emateko tartea. Orozkon, Okondon eta Laudion hilaren 27an amaituko da epea, eta azaroaren 3an Amurrio, Aiara eta Artziniegan. Urduñarrak, aldiz, azaroaren 10a baino lehen inskribatu beharko dira.

Ikastetxeen papera

Iazko “konpromisoen errotan” paper berezia jokatu zuten bailarako ikastetxeek, eta aurten ere ez da gutxiagorako izango beteko duten funtzioa. “Iazko ekimenak oso harrera ona izan zuen hezkuntza zentroetan”, nabarmendu du Alavak, “oso erakargarria eta pedagogikoa zela komentatu ziguten, helburuei ondo eusten ziela eta errealitatera guztiz egokitua zegoela”.

Gauzak hala, unitate didaktiko oso bat prestatu dute kontseiluko kideek, belarriprest eta ahobizien filosofia ikasleengan sustatzeko. Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan arituko dira, adin bakoitzari moldatutako lanabesekin. Funtsezko osagaiak izango dira musika eta dantza, Pirritx, Porrotx eta Marimotsek sortutako abestia eta koreografia baliatuko baitituzte.

 

Argazkia: Bego Guillen

Esperientzien soka luzea

Euskalgintza Kontseiluak abian jarritako dinamika ez da berria. Beste hainbat herritan ere abian jarri dituzte antzeko erronkak, eta arrakasta izan da nagusi. Donostiako Egia auzoan egin zen mota honetako lehenbiziko egitasmoa, 2015ean. Euskaraz bizitzeko astebeteko txandak egin zituzten  hainbat eragile eta norbanakoen artean. Euskaraz bai ala bai hitz egitea zen erronka, baita ulertzen ez zutenekin ere. Hainbat tailer eta dinamika garatu zituzten, sortzen ziren egoerei nola aurre egin hausnartzeko. Zazpi aste iraun zuen esperimentuak, eta ondorioak komunean jarri zituzten gero.

Hernanik hartu zuen lekukoa. Bi hilabeteko erronka diseinatu zuten, Egian eginikoaren antzekoa. Harrera ona izan zuen ekimenak, 1.800 lagun inguruk parte hartu baitzuten. Beste hainbat herritarra zabaldu zen gero euskaraz bizitzeko grina. Zuian “Baietz42!” kanpaina egin zuten udan, hamaika herritan 42 orduz euskaraz bizitzea xede harturik. Agurainen, aldiz, 75 ordu aritu ziren euskaraz. Astigarragan eta Arrigorriagan ere egin zituzten antzeko kanpainak iaz, abenduaren 3aren aurreko egunetan. Lasarte-Orian, aldiz, 40 egunez luzatu zuten ekimena, 3.000 belarriprest eta 300 ahobizi aktibatuta.

Esanguratsua da bertako esperientzia, horretan oinarritu baitira Euskalgintza Kontseiluko kideak. Pertsonaiak -Ahobizi eta Belarriprest-, kanta edota koreografia berdinak baliatu dituzte. “Ez gara ezer asmatzen ari”, azpimarratu du Alavak, “beste herrietako ekimenak izan ditugu iturri, eta gure eskualdeko moldatu ditugu”. Aiaraldeko indarguneak eta baliabideak kontuan izanda egituratu dute kanpaina.

Euskal Herrira salto

Beste hainbat tokitan ere ekin diote ahobizi eta belarriprestak aktibatzeari. Deustun, adibidez, 11 egunez arituko dira, Azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Datorren urtean, baina, Aiaraldetik Euskal Herrira egingo du salto proiektuak. Ekimen nazionala antolatuko baitu Eusko Jaurlaritzak, hamaika egun iraungo duena. Aiaraldea bizi eta prest egongo da ordurako. 

Argazkia: Bego Guillen

Albiste hau Aiaraldeak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu hona.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egia eredua
Ikasle gaztelania-hiztunak 48 orduz galegoz

Galiziako Oleiros udalerriko María Casares ikastetxe publikoko ikasleak dira. 12 eta 17 urte arteko 600 ikasletatik inork ez du eguneroko hizkuntza galegoa. Maiatzean erronka jo zuten hainbat irakaslek eta ikaslek: ea gai garen 48 orduz galizieraz aritzeko. 200 ikaslek... [+]


Hizkuntza ohiturak aldatzeko esperimentua

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte egingo da 11 egun euskaraz ekimena. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskal Elkargoa, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskaltzaleen Topagunea dira antolatzaile.  Beren datuen arabera,
60.000tik gora pertsonak eman du izena.


2018-10-28 | Igor Agirre
Hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena
800 hernaniarrek hartu dute parte euskarari eusteko erronkan

Ezohiko egitasmoa dute martxan Hernanin otsailetik: urte amaierara bitarte, orain arte dituzten hizkuntza ohiturak irauli eta harremanak euskarara ekartzeko ahaleginean ari dira ehunka herritar. Hilero, 100 norbanako gehitzen dira ekimenera eta dagoeneko 800 herritarrek baino... [+]


Nerea Redondo, euskaraz bizi den egiatarra
"Edonork ez dauka gaitasunik edo baliabiderik hizkuntza-gatazka bati aurre egiteko"

Nerea Redondo eta bere ahizparen asmoa triatloia probatzea zen. Hala gerturatu ziren ekainaren 23an Donostiako X. Emakumezkoen Triatloira. Epailearen hitzek harri eta zur utzi zituen: “Por mis cojones que vais a hablar en castellano”. Alegia, bi ahizpen artean... [+]


Ekimen aitzindaria
Hernaniarrek urte osoz eutsiko diote euskarari

Lehenengo ehun erronkalariak otsailaren 3an hasiko dira. Gaztelaniaz dituzten harremanak euskarara ekartzen saiatuko dira. Hilero ehun pertsona gehitzea da helburua. Hala, 2018an 1.100 hernaniarrek hartuko dute parte aurrekaririk ez duen erronkan.


Eguneraketa berriak daude