EB eta COVID-19: 2058a arteko zorpetzearekin finantzatuko den planaren bost gako

  • Europar Batasunak bere gain hartuko duen lehenbiziko mailegu garrantzitsua, hori ordaintzeko sortuko dituen zerga berriak, diru-laguntzaz eta maileguz osatutako koktel bat, Espainia eta Italia onuradun nagusiak... Uztailaren 21eko goizaldean COVID-19aren ondorio ekonomiko larriei aurre egiteko Europako liderrek adostu planaren bost gako azalduko ditugu.


2020ko uztailaren 22an - 11:11
Ezkerretik hasita, Mark Butte (Herbehereak) eta Pedro Sanchez (Espainia) solasean Europar Batasunaren goi bileran, aurrean dutela Ursula von der Leyen Batzordeko lehendakaria.

1) Europar Batasunak bere gain historian hartu duen lehenbiziko zorpetzea da oraingoa

Europa atera nahian sekula ezagutu duen atzeraldi ekonomikorik larrienetik, Europako Batzordeak 750.000 milioi euro eskatuko ditu maileguan finantza-merkatuetan. EBk bere historian inoiz ez zuen hori adinako diru kopururik mailegatu erakundearen izenean.

Berlinek egin zituen moduan joan den astean horrelako proposamen bati bidea errazteko, askoren harridurarako azken urteetan Alemaniak erakutsi duen jokabidean 180°-ko bira emanda, Parisekin batera sustatuz EBko herrialde guztien artean mutualizatutako zorpetzea. Alemaniak bezala aurrekontuetan ortodoxia liberalik zorrotzena defenditzen duten herrialde zuhurrek (Herbehereak eta beste) argudiatuko dute merkatuetan beraiek daukaten irudi onari esker eskuratu ahal izango dituela Batzordeak interes-tasa baxuko maileguak nazioarteko merkatuan, eta horren onurak gozatuko dituztela Hegoaldeko herrialdeek, aurretik zorretan itota daudenek.

Europar Batasunak merkaturatuko duen zor publikoaren interesen ordainketa 2021ean hasiko da, maileguaren itzulketa 2028an hasiko da eta 2058ra arte luzatuko.

2) Europak zerga berriak ezarriko ditu mailegua ordaintzeko

Bere zorra ordaintzeko, Batzordeak proposatu du Batasunean zerga berriak sortzea. Horrek ahalbideratuko luke elkartearen 27 bazkideek handitu beharrik ez izatea Europako aurrekontuei egin beharreko ekarpenak. Argudio sendo bat, konbentzitzeko Europako aurrekontuetan ordaintzen dutena baino gutxiago jasotzen dutela dioten herrialde xuhurrak: Herbehereak, Danimarka, Suedia eta Austria.

Zerga berriak sortzen hasita, hona Batzordea aztertzen ari den batzuk: karbono-zerga bat Europar Batasunaren mugetara iritsitako merkantzientzako, horrela enpresa kutsatzaileek ekoiztutako inportazioak zigortzeko; enpresa handien irabazien gaineko zerga; enpresa digitalentzako zerga espezifiko bat... CO2 isurketa-eskubideek sortutako diru-sarreren zati handiagoa berreskuratzea ere nahiko luke Europako Batzordeak.

Hala ere, Europar Batasunean zerga berriak ezartzeko 27 herrialdeen aho bateko adostasuna behar da eta hori, esaterako, ez da lortu GAFA –Google, Apple, Facebook eta Amazon– erraldoiei ezarri nahi nahi zitzaien zergarekin.

3) Diru-laguntzaz eta maileguz osatutako koktela

Plan berrian onartu diren 750.000 milioi euroetatik, 500.000 milioi –Frantziak eta Alemaniak hasierako proiektuan adostutako kopurua– diru-laguntza gisa banatuko dira, eta ez dira itzuli beharko; gainerako bilioi laurdena estatu kideek jaso ahal izango dituzte maileguetan.

Hala ere, ikusteko dago dohaintzaren ideia hori garatzean nola jokatuko duten orain arte edozein laguntzak derrigor mailegutan –itzuli beharreko zorretan– izan behar zuela defenditu duten herrialde xuhurrek.

4) Italia eta Espainia dira onuradun nagusiak

Hori da, bederen, Europako hedabide nagusiek eta ziurrenik iritzi publiko gehienak ziurtzat daukana: Italia eta Espainia dira Europako plan berriaren dirutzetatik zatirik handiena hartuko dutenak, Italiak 172.000 milioi euro eta Espainiak 140.000 milioi (diru-laguntzak eta maileguak kontatuta). COVID-19 pandemiak gogorren kolpatuak, gainera beren jarduera ekonomikoaren zati handi bat turismoari lotuta daukate eta honetan ere nozitzen ari dira mundu osoan pandemiak sortutako egoera.

Plan berriaren onuradunen zerrendan, ondoren datoz Polonia (63.838 milioi), Frantzia (38.700 milioi) eta atzerago Alemania bera (28.806 milioi)

5) Laguntzak ez dira baldintzarik gabeak

Finantza-sostengu horiek lortzeko, herrialde onuradunek inbertsio eta erreforma-plan bana aurkeztu beharko dute eta planok Europako Batzordearen lehentasunekin bateragarriak izan beharko dute. Lehentasunok dira: trantsizio ekologikoa, trantsizio digitala eta erresilientzia ekonomikoa hobetzea ere. Adibidez, hainbat sektoretan autonomia estrategikoa handitzen saiatu beharko dute, batez ere Txinaren aurrean.

Bestalde, urtean bitan Europako Batzordeak bere gomendioak jakinarazten ditu herrialde kideek beren lehiakortasuna hobetzeko egiturazko erreformak egin ditzaten.

Eta hala ere, baldintza horiek ez dira nahikoak plan berriari oztopoak jarri dizkieten lau herrialde xuhurren ikuspegitik: herrialdeok behin eta berriro dei egiten diete hegoaldeko herrialdeei beren aurrekontu-diziplinara (diziplina neoliberalera, esan nahi baita) gehiago lerratu daitezen eta lan merkatuan eta politika sozialetan erreforma gehiago egin ditzaten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude