EAErako bigarren fasearen nondik norakoak aurkeztu dituzte Murga eta Tapiak

  • Kulturako jarduerak berriz abiatuko dira astelehenean, pertsona kopuru mugatuan Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Horrez gain, ordutegi behartuak mantenduko dira 70 urtetik goragokoentzat eta “pertsona zaurgarrientzat”. Nafarroan ere irekiko da bigarren fasea astelehenean.


2020ko maiatzaren 23an - 18:27

Kulturaz eta aisialdiaz gozatzeko aukera mugatua irekiko da EAEn astelehenetik goiti: kultur etxe, antzoki eta zinematan heren bateko edukierarekin eta 50 pertsonara mugaturik eta museoetan aldiz %50eko edukierarekin. Gune irekietan haatik, gehienezko edukiera heren batekoa izanen da, 400 pertsonako gehiengoarekin. Publikoa jarririk egon beharko da, distantziak eta gainerako segurtasun-neurriak betez.

Horren berri eman dute Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, bigarren fasearen nondik norakoak azaltzeko orduan.

Ordutegiak “pertsona zaurgarrientzat”

Mugikortasunari eta ordutegiei dagokienez, 70 urtetik gorakoei eta pertsona «zaurgarriei» oraindik 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara mugatuko zaizkie. Gainerakoan, mugitu ahal izateko dauden ordu tarteak kenduko direla jakinarazi dute. Dirudienez, nahiz eta horrelakorik ez zehaztu, umeei ez zaie beraz ordutegi berezirik finkatuko. Aldiz, probintzien arteko joan-etorriak mugatuta segituko du –adineko senideei bisitak egiteko, arrazoi sozioekonomikoengatik eta lan arrazoiengatik baimenduta egonen da probintzien artean mugitzea–. Etxean biltzea ere baimenduta izanen da astelehenetik goiti, gehienez hamabost pertsona batuz.

Tabernek kanpoan eta barnean zerbitzua emateko baimena izanen dute, gehienez %50eko edukierarekin, mahaien artean bi metroko tartearekin eta guztiak eserita. Elkarte gastronomikoek eta "txokoek" ere irekitzeko aukera izanen dute, tabernei eskatzen zaien baldintza beretan. Garbiketa eta desinfekzioan neurri zorrotzak bete beharko dituzte guztiek.

400 metro karratu baino gehiagoko zentro komertzialak irekiko dituzte, gehienez ere %40ko edukierarekin. "Hurbileko merkataritza jarduerarekin jarraituko da, gehienez ere %40ko edukierarekin".

Hezkuntza ere ikasgeletan astelehenetik goiti

Astelehenan indarrean sartuko da Hezkuntza sailburuaren 2020ko maiatzaren 23ko agindua. Azken honek, unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko aurrez aurreko jarduerak berriz hastea eta ikasketa jakin batzuetan sartzeko azterketak eta probak egitea arautzen du. Bestalde, maiatzaren 25etik goit,i aurrez aurreko irakaskuntzari eta hezkuntza jarduerari berrekitea eta azterketak egitea behartzen du eta hori DBH4an edo helduen hezkuntzako baliokidean, Batxilergoko lehen eta bigarren mailetan eta Lanbide Heziketako lehen eta bigarren maila guztietan.

Era berean, ekaineko lehen astean, gainerako ziklo eta mailetako irakasleak eta irakasle ez diren langileak berriz lanean hastea xedatzen da, ikastetxeetan hezkuntza-jarduera egiteko. Hezkuntzarekin lotura duten beste hainbat jarduera berrekiteko aukera ere egonen da astelehenetik: araubide bereziko irakaskuntzak –artistikoak, kirolekoak eta hizkuntzetakoak–; proba libreak DBHko, Batxilergoko eta LHko tituluak lortzeko; enplegurako Lanbide Heziketako prestakuntza jarduera presentziala eta lanekoak ez diren praktiken moduluak; aurrez aurreko jarduera unitate terapeutikoetan eta hezkuntza bereziko zentroetan; hezkuntza eta prestakuntza jarduera presentziala euskaltegietan, akademietan, eskoletan eta prestakuntza zentroetan eta antzekoetan, publikoetan zein pribatuetan; azterketa ofizialak deitzea, antolatzea eta egitea, tartean, HABE azterketa.

Nafarroan ere bai

Nafarroa ere bigarren fasera pasako da maiatzaren 25ean, hots, astelehenean. Besteak beste, batxilergoko bigarren mailako ikasleek ikastetxera bueltatzeko aukera izango dute, hala nahiz izanez gero eta eguneko egoitzak, museoak eta liburutegiak irekiko dituzte. Kultur eta kirol jarduerak antolatzen ahalko dira, beti ere pertsona kopuru mugatuan. Haatik, gazteen lokalak eta elkarte gastronomikoak ezingo dira ireki.

Kalera ateratzeko ordutegiak kenduko dituzte ere 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, baina, adinekoei ezarritako ordutegia mantenduko dute.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude