Jaurlaritzak proposatutako neurriak oinarrizko eskubideak urratzen dituela dio epaitegiak. Luis Garrido presidenteak boto partikularra eman du, ziurtagiria onartzearen alde. Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko aukera du Jaurlaritzak.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak ez du baimenik eman COVID ziurtagiria indarrean jartzeko. Hiru epaileetatik bik babestu dute erabakia, José Antonio González Saizek eta Irene Rodríguez del Nozalek. Auzitegiko presidente Luis Garridok, aldiz, ziurtagiriaren aldeko boto partikularra aurkeztu du. Iragan astean, Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak babesa adierazi zion neurriari.
Intzidentzia-tasa 150 kasutik gora dagoen herrietan ezarri nahi zuen COVID ziurtagiria Eusko Jaurlaritzak. 50 pertsona baino gehiagoko edukiera duten jatetxeetan, aisialdi eta dantza aretoetan, tabernetan edo ikuskizun kulturaletan aurkeztu beharko litzateke, besteak beste. Urkulluren gobernuak Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztu dezake helegitea, ebazpena jasotzen duenetik hiru eguneko epean.
Auzitegiaren argudioak
Ziurtagiria ez onartzeko eman dituen arrazoien artean, nagusiena oinarrizko eskubideei eragiten diela da: Jaurlaritzak bere eskaeran aipatzen zituen “berdintasun” eta “intimitate” eskubideei ez ezik, biltzekoari edo mugitzekoari ere. “Laudagarriak izanik ere, helburuak ez ditu bitartekoak justifikatzen Zuzenbide Estatu batean bizi garenean”, dio ebazpenak.
Horrez gain, Jaurlaritzaren eskaeran hutsuneak eta kontraesanak daudela dio auzitegiaren sententziak. Espazio jakin batean sartzeko herritarrei oro har ziurtagiria eskatzea eta aldiz langileek behar ez izatea “inkongruentzia” da epaiaren arabera. Azpimarratu du ere Jaurlaritzak 12 urtetik beherako haurrak jotzen dituela egungo kutsatzaile nagusitzat, txertatu gabe daudenak, baina ez dela inongo murrizketarik proposatu beraientzat.
Erreakzioak
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteleheneko arratsaldean epaiaren inguruko iritzia emango duela espero da. Bitartean, Gasteizko alkate eta Eudeleko presidente Gorka Urtaranek mezua zabaldu du sare sozialetan: “Ulertezina. Kutsatzeak murriztea eta osasun-presioa arintzea du helburu, bizitzak salbatzeko. Europa erdian aplikatzen da. Euskadin, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak baztertua”
Nafarroa eta Ipar Euskal Herria
Nafarroako Gobernuak asteazkenean aurkeztuko dio Nafarroako Auzitegi Nagusiari COVID ziurtagiria erabili ahal izateko eskaria. Azaroaren 27tik urtarrilaren 6ra jarri nahi du indarrean. Ipar Euskal Herrian hilabeteak dira indarrean dagoela, eta horrela jarraituko du 2022ko uztailaren 31 arte.