Donostiako La Sirena aterpetxea etxerik gabeko pertsonentzat itxita egon da, turistei ostatu emateko

  • Urtarrilaren 18tik 25era bitartean zabalik egon ostean, eta tenperatura baxuko egunak zetozela iragarrita egon arren, Donostiako Udalak La Sirena aterpetxeko zerbitzua eten zuen ostegunean, hainbat pertsona kale gorrian utziz. Larunbatean jakin zen ixtearen arrazoia: turista talde batek egindako erreserba errespetatu dute, horiei aterpe ematea lehenetsiz.


2023ko urtarrilaren 30an - 10:50
Azken eguneraketa: 12:18

Donostiako Udala aurreikuspen meteorologikoetan oinarritzen da La Sirena aterpetxea zabaldu ala ez erabakitzeko. Euskalmet-en arabera kostaldean izozteko arriskua dagoenean irekitzen dituzte aterpetxeko ateak, baita tenperatura minimoak daudenean ere. Alabaina, Herritarren Harrera Sareak salatu du irizpideak arbitrarioak direla, sareko kide Garazi Montuschi-k Naiz-i adierazi baitio ez dakitela zehazki zein diren udalaren arabera tenperatura minimoak, 4 eta 2 gradu egin dituen egun batzuetan aterpetxea ez baita ireki.

Azken egunetako hotzaren aurrean, aterpetxeko ateak ireki zituzten urtarrilaren 18an, eta zortzi egunez egon zen zabalik, harik eta 26an zerbitzua eten zuten arte. Aterpetxearen itxiera ezin ulerturik, Herritarren Harrera Sareak deituta elkarretaratzea egin zuten hilaren 27an, itxieraren inguruan eragilea atzeragotik egiten ari dena exijitzeko: aterpetxea negu osoan irekita mantentzea, etxerik ez duen jendeak bertan har dezan aterpe. Biharamunean jakin zen itxieraren arrazoia, hautsak harrotuz.

Garikoitz Agote Donostiako Gizarte Ekintzako zuzendariak Cadena SER irratiko Hoy por Hoy San Sebastián irratsaioan egindako adierazpenen bidez jakin zen aterpetxeak zergatik eten zuen zerbitzua ostegunean. Euskalmet-ek astebururako 1 eta 2 gradu arteko tenperatura iragarri arren, turista talde batek aurretiaz egindako erreserba bat errespetatu zuten. Teorian, neguak iraun artean aterpetxea "esklusiboki" bideratzen da kalean bizi diren pertsonei aterpe ematera. Alabaina, kasu honetan turistak lehenetsi dituzte etxerik gabeko pertsonen gainetik. Agotek "salbuespentzat" jo du erreserba hori errespetatu izana, eta adierazi hainbat arrazoi teknikok eraman dituztela erabaki hori hartzera, elkarbizitzakoak tarteko; kalean bizi diren eta drogen kontsumoa egiten duten pertsonen "jarrera disruptiboa" eta jazo daitekeen balizko segurtasun falta egoera aipatu ditu kalean bizi den jendearentzako zerbitzua eteteko arrazoi gisa. Elkarrizketa transkribatu du Sos Arrazakeriak, eta beren web-orrian irakur daiteke osorik.

SOS Arrazakeriaren arabera, udalak badu bestelako aterabiderik halako egoeren aurrean. Adierazi duenez "turista horiek, 30 inguru, beste baliabide batzuetan izan daitezke birkokatuak", eta UBA aterpetxea aipatu du. Ildo berean mintzato zaio Naiz-i Montuschi: "Neguan esklusiboki pertsona hauentzat gorde beharko litzateke La Sirena egoitza, izan ere Udalak beste zerbitzu batzuk baditu, beste baliabide batzuk. Ez baleude, Udalak ordaindu dezake ostatu pribatu bat halako egoera larri batean".

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pobrezia
Etxebizitza bazterkeriak gora egin du Nafarroan

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.


2024-01-10 | Euskal Irratiak
%10 hazi da Iparraldean Hazkurri Bankuak jaso duen elikagai galdea

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Nafarroako Erriberan pobrezia arriskua iparraldean baino %40 handiagoa da

Nafarroako Gobernuak pobreziari eta desberdinketa sozialari buruzko zazpigarren txostena kaleratu berri du. Datuak adierazgarriak dira: Erriberako herriek pobrezia arrisku handiagoa dute, %40 iparraldeko herriek %10. 2021ean urtean 12.000 euro jasotzen zituzten herritarrak... [+]


Eguneraketa berriak daude