Donald Trump: "Koronabirusak hildakoak 200.000 balira, oso lan ona egin dugulako litzateke"

  • Gaixotasun infekziosoetan aditu eta Trumpen aholkulari Anthony Faucik adierazi du, hainbat hipotesiren artean, aukeretako bat dela AEBetan Covid-19ak hildako pertsonen kopurua 100.000 eta 200.000 artekoa izatea. Hori gertatuz gero, emaitza ona izango litzatekeela berretsi du Trumpek.


2020ko martxoaren 31n - 10:10
AEBetako Nevadako parking batean karratuak marratu dituzte etxerik gabekoek lo egin dezaten elkarren arteko distantzia mantenduz. Argazkia: A. Macino.

Trumpen aholkulari Anthony Faucik koronabirusak egingo dituen hildakoen kopuruaren langa 200.000n ezarri du. Ordu batzuk geroago, Donald Trump presidenteak Fauciren baieztapenak jaso, eta gaineratu du AEBetan koronabirusak hildako jende kopurua 100.000 eta 200.000 artekoa balitz, bere gobernuak "oso lan ona" egin izanaren ondorioa litzatekeela. "Neurri murriztailerik hartu ezean, bi milioi hildako baino gehiago" izango liratekeela esan dute Etxe Zuritik. Ekainaren 1ean egoera erabat kontrolpean egon daitekeela jakinarazi du Trumpek.

Duela astebete AEBetako presidenteak esandakoarekin alderatuta, alde handia dago. “Ezin dugu herrialdea urtez urte itxi. Hau desagertze bidean da. Borroka hau irabaziko dugu. Lanpostuak ditugu gogoan, eta antsietate eta depresio handiko jendea. Arrazoi horiengatik suizidioak gertatzen ari dira eta, zalantzarik gabe, heriotza gehiago izango dira suizidioengatik birusagatik baino”, adierazi zuen martxoaren 23an agintari ultraeskuindarrak, koronabirusari garrantzia kentzeko hasieratik erakutsi duen joerari eutsiz.

Urruntze soziala, apirilaren 30era arte

Donald Trump presidenteak igande honetan iragarri duenez, “urruntze sozialaren” neurriak, etxean geratzea eta bilkurak saihestea, apirilaren 30era arte luzatuko dira. Hala, pasa den astean normaltasunera itzultzeko berak iragarritako data –apirilaren 12a– ezerezean utzi du agintari ultraeskuindarrak.

AEBetan koronabirusak kutsatutakoak 165.000 baino gehiago dira gaur egun eta hildakoak 2.000 baino gehiago; Txinan, Italian edo Iranen gertatutakoak baino askoz gehiago. Dena den, aurreikuspenek diote kasu kopurua handiagoa izango dela, diagnostiko proba gehiago egitean kopurua asko handituko dela diote.

Goikoen eta behekoen arteko arrakala ageriago

Amerikako Estatu Batuetan, koronabirusak agerian utzi du ez dela bidezkoa osasuna merkatu librearen esku uztea eta estatuak bere gain hartu behar duela arlo horretan duen funtsezko erantzukizuna.

Krisi global honetan, herrialde guztiek dituzten arazo berberak dituzte AEBek: maskarak, eskularruak eta mantalak bezalako oinarrizko material medikoen eskasia adibidez. Arazoa ez da diru falta, baizik eta produktu horiek epe laburrean ekoizteko ezintasuna. Hala, erakunde publiko eta pribatu, federal, estatal eta lokal ugariren artean lehia sortu da material horiek kopuru handitan lortzeko. Horrek espekulazioa eta prezioen igoera neurrigabea eragin du, agerian utziz osasun-egitura zentralizatu eza.

Bitartean, aurreikusi dute New York, New Orleans eta beste hiri handi batzuk egun batzuen buruan arnasgailu artifizialik eta bestelako mediku hornidurarik gabe geratuko direla. New York hiriak ehunka arnasgailu gehiago beharko ditu, eta maskara, txabusina eta bestelako material gehiago apirilaren 5erako, Bill de Blasio alkateak esan duenez.

New Yorken birusak gogorren jo du hiriko auzo pobreenetan. Datuek erakusten dute infekzio-tasa handiak daudela jende asko bizi den eremuetan, non, adibidez, biztanle askok ez duten ingelesa lehen hizkuntza.

Aurretik agerikoak ziren klase arrakalaren ondorioak gordin azaleratzen ari dira egunotan. Horren lagin grafikoa, A. Mancinok Twitterren zabaldutako irudi hau. Eta halaxe dio: “Nevadan, munduan  dagoen herrialderik aberatsenetako batean, parking batean karratuak marraztu dituzte etxerik gabekoek lo egin dezaten elkarren arteko distantzia egokiarekin”.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude